2026-06-17
HomeEkintza SindikalaBizitza erdigunean jarriko duen gizarte eta garapen eredu bat aldarrikatu dugu Turismoaren...

Bizitza erdigunean jarriko duen gizarte eta garapen eredu bat aldarrikatu dugu Turismoaren Nazioarteko Egunean

Turismoaren Nazioarteko Eguna da gaur, irailak 27. Hori dela eta, LABek bizitza erabat baldintzatzen duen egungo turismo ereduaren arriskuez ohartarazi du.

Turismoaren Nazioarteko egunaren harira LABek egindako adierazpena:

Gaur egun kapitalaren mendeko turismo eredua gorputzak, lurraldeak eta iruditegia kolonizatzeko ezarri den aurrerabidea da, adreiluak utzitako zuloa estaltzea helburu duen garapen eredu neoliberala. Gure gizartea eraldatzeko gaitasuna duten turistifikazio prozesuak bizitzen eta elikatzen ari gara Euskal Herriko herri, hiriburu eta inguruneetan.

Turistifikazio prozesuen bidez bizitzaren garestitze orokorra gertatzen ari dela ukaezina da. Prekarizazioaren areagotzea eta etxebizitza eskubidearen murrizketa dira bereziki jendartean kezka eragin duten ondoriorik lazgarrienak. Egun gazte, prekario, emakume, langabetu diren sektore pobreenek euren eguneroko ogia bideratzen dute bizitzaren garestitzea ordaintzera. Bizitzaren garestitzea ordaindu ahal izateko beste ematen ez duen enplegua sortzen baitu turismoaren industriak: lanaldi tenporal eta prekarioak dira, kualifikazio baxukoak, beltzean, langilearen eskubiderik oinarrizkoenen urraketa etengabean, antolatu eta sindikalizatzeko eskubiderik aitortzen ez duena.

Komertzio lokalaren eraldaketa, eta horrekin lotutako kontsumo ereduaren eraldaketa, besteak beste eskaintzaren homogeneizazioagatik, kale eta plazen masifikazioa eta saturazioa, pribatizazio masiboak, turista masarentzako harrera, mugimendu eta egonaldia bermatzeko eraikitzen eta irekitzen ari diren azpiegitura guztiak, kutsadura eta zaborren sorrera, herriaren kultur eta ingurumen ondarearen zein identitatearen zapalkuntza eta ustiaketa… eta beste hainbeste zerrendatu ditzakegun ondorioak.

Bizitza bere osotasunean baldintzatzen duen turismoan oinarritutako garapen ereduaren aurrean, kapitalaren ofentsiba gordin honen aurrean, herri eta hirietan sortu diren su txikiekin batera LABetik turismo jasangarriaren alde eta herritarron eskubide sozialen alde, bizitza erdigunean jarriko duen gizarte eta garapen eredua aldarrikatzen jarraituko dugu.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Lanuztea Bizkaiko Foru Aldundian: 600 pertsona baino gehiago mobilizatu gara akordio eta hitzarmen berri baten alde eta telelanaren alde

Gaur, ekainak 17, Bizkaiko Foru Aldundiko langileek bi orduko lanuztea egin dute Langileen Batzordeak eta Enpresa Batzordeak deituta, ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuen babesarekin.

Mobilizazioak egin ditugu elikagaien merkataritzako tokiko hitzarmenak defendatzeko

Patronalak eta banaketa kate handiek bultzatutako ekimenak Hego Euskal Herriko elikagaien merkataritzan adostutako lan baldintzak mehatxatzen dituela salatu dugu. Gaur mobilizazioak egin ditugu Hego Euskal...

Hezkuntza komunitateak Gimeno kontseilariaren kargugabetzeari emandako babes masiboa erregistratu dugu

Hezkuntza komunitatea osatzen duten ia 1.900 lagunen sinadurak aurkeztu ditugu LABetik, eta Chivitek fitxarik mugitzen ez badu, irailean mobilizazioei berriz ekingo diegula iragarri dugu.