2026-09-16
HomeEkintza SozialaBilboko Alde Zaharreko greba komiteak etxebizitza turistiko bat berreskuratu du espekulazio inmobiliarioa...

Bilboko Alde Zaharreko greba komiteak etxebizitza turistiko bat berreskuratu du espekulazio inmobiliarioa salatzeko

Ekintzak etxebizitzaren arazoa martxoaren 17ko greba orokorrarekin eta 1.500 euroko gutxieneko soldataren aldarrikapenarekin lotzen du

Bilboko Alde Zaharreko greba komiteak etxebizitza turistiko bat berreskuratzeko ekintza burutu du gaur auzoan. Ekimen honen bidez, antolatzaileek mezu argia helarazi nahi izan diete auzoaren merkantilizazioa bultzatzen duten agente ekonomikoei eta haien babesleei: auzokideen prekarizazioaren kontura aberasten jarraitzen duten bitartean, erantzun sozial antolatua izango dute aurrean.

Azaldu dutenez, Euskal Herriko langileok gure soldataren %60 baino gehiago bideratzen dugu etxebizitzara. Azken urteotan sektorearen merkantilizazioak, etekinik handiena lortzera bideratuta egonik, etxebizitzaren gatazka areagotu du eta soldatapeko lanarekiko mendekotasuna indartu, askotan lan baldintza prekarioak onartzera behartuz.

Greba komiteak turistifikazioak eta gentrifikazioak auzo herrikoietan duten eragina ere salatu du. Enpresa handiek, inbertsio-funtsek eta banketxeek gero eta etxebizitza gehiago pilatzen jarraitzen dute, lehen mailako beharra delako eta langileok gero eta prezio handiagoak ordaintzera behartuta gaudelako. Euskal Herriko adibiderik esanguratsuenak Lapurdiko kostaldea eta Donostia badira ere, Bilbo antzeko prozesua bizitzen ari da. Alde Zaharrean etengabea da pisu turistikoen ugaritzea eta, epe laburreko alokairuak errentagarriagoak direnez, bizilagunentzako alokairu duinak gutxitzen ari dira, auzotik kanporatzea erraztuz.

Deitzaileek azpimarratu dute etxebizitzaren krisia erabat lotuta dagoela datorren martxoaren 17rako Euskal Herrian deitutako greba orokorrarekin. Testuinguru horretan, langileentzako 1.500 euroko gutxieneko soldata aldarrikatzen dute, bizi baldintza duinak bermatzeko.

Halaber, kritikatu dute langileok hemen erabakitzen ez den eta Euskal Herriko errealitate sozioekonomikoari erantzuten ez dion lanbide arteko gutxieneko soldata kobratzen dugula, etxebizitzaren prezioek etengabe gora egiten duten bitartean.

Ekintzaren baitan, kolektiboak Alameda Flats enpresaren etxebizitza turistiko bat okupatu du Alde Zaharrean; enpresa horrek 45 pisu turistiko ditu Bilbon. Protestaren helburuen artean daude turistifikazio eta gentrifikazio prozesuetatik aberasten diren enpresak salatzea, neurriak hartzen ez dituzten instituzioak seinalatzea, etxebizitzaren desmerkantilizazioa aldarrikatzea eta 1.500 euroko gutxieneko soldata exijitzea.

Ekintza hasi eta ordu gutxira agertu da polizia etxebizitzaren atarian. Barruan, auzokideak geratzeko prest zeuden berreskuratutako etxebizitzan. Protestan zehar pankartak zabaldu dituzte, balkoietatik esku-orriak jaurti eta kateatu egin dira erresistentzia gisa. Minutu gutxitan, auzoko dozenaka lagun bertaratu dira kanpoaldean babesa adierazteko.

Enpresa jabeen ordezkariekin hitz egin ondoren, poliziak barruan zeuden pertsonak desalojatzeko asmoa adierazi du. Handik ordubetera Ertzaintza bertaratu da. Greba komitearen arabera, operatibo honek berriro erakusten du interes pribatuak babestera bideratutako polizia eredua dagoela, bizi baldintza duinak aldarrikatzen dituzten auzokideen aurka jarduteko prest dagoena.

Ordu batzuk igarota antolatzaileek haien kabuz atera dira etxebizitzatik helburua beteta, auzoko mobilizazioarekin jarraitzeko deia egin duten bitartean, eta ohartarazi dute egoerak bere horretan jarraituz gero jabe handien etxebizitzak okupatzen jarraituko dutela.

“Berreskuratutako pisu turistiko bakoitza erresistentziarako espazio bat izango da: turismo industriaren lan-esplotazioaren aurrean, auzolana; gentrifikazioaren aurrean, komunitatea; eta etxebizitzaren negozioaren aurrean, etxebizitzarako eskubidea”, adierazi dute.

Greba komiteak amaitzeko dei egin du martxoaren 17ko greba orokorrean parte hartzera eta langileon pobretzearen aurrean antolakuntza eta klase elkartasuna indartzera.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Euskararen desofizializazio prozesuan urratsak ematen jarraitzen dute auzitegiek

Sektore publikoan euskararen erabilera normalizatzeko dekretua baliogabetu izanak agerian uzten du euskara eta gaztelania maila berean jarriko dituen arkitektura juridikoaren beharra. LABetik Eusko Jaurlaritzari exijitzen diogu auzitegien mehatxuei aurre egin diezaiela eta euskalduntzearen beharrei erantzungo dien dekretu berria osatzeko prozesua has dezala.

Desgaitasunaren sektorea Administrazioarekin parekatzea eskatu dugu, zaintza-sistema publiko baterantz aurrera egiteko

LABetik proposamen formal bat helaraziko diogu mahaiari, bi urte baino gehiagoko geldialdi sektorialaren ondoren, eta ANADPen pribatizatutako langileen subrogazioa eskatzen dugu.

Santurtziko Ander gaztearen kasuan dauden ardura zuzen eta politiko guztiak argitu ditzatela exijitzen diegu udalari eta Segurtasun Sailari, justizia egin eta gertakari larri hauek...

Gaur publiko egin den bideoak agerian utzi du Santurtziko Ander gaztearekin era oso bortitz eta desegokian jardun zuten udaltzainek gertatutakoa ezkutatu dutela eta haien arduradunek babestu egi