2026-08-03
HomeEkintza SindikalaBidegabeko kaleratze batean eragindako kalteak aitortu eta kalte-ordain gehigarria onartzen duen epai...

Bidegabeko kaleratze batean eragindako kalteak aitortu eta kalte-ordain gehigarria onartzen duen epai aitzindaria lortu dugu

LABek Eibarko Lan-Arloko Epaitegian irabazitako sententzia berretsi du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. Epai horrek, kaleratzea bidegabetzat jo eta udal bat kondenatu zuen langilea bere lanpostuan berriro hartzera edo legez dagokion 493,49 euroko kalte-ordaina ematera, sortutako kalte-galerengatik 30.000 euroko konpentsazio osagarria gehituta.

Auzitegiak onartu du bidegabeko kaleratzeari legez dagokion 493,49 euroko kalte-ordaina “ez dela egokia jasandako kalterako”, eta, hala, Eibarko epaitegiak emandako epaia berretsi du. Epai horren arabera, udalak 30.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio langileari, baldin eta berriro onartzen ez badu.

Udalak epaiaren aurkako errekurtsoa aurkeztu zuen, eta 493,49 euroko kalte-ordaina ordaintzera mugatzea eskatu zuen. EAEko Auzitegi Nagusiak atzera bota du eskaera, LABek irabazitako epaia berretsiz. Aitortzen da, kasu honetan, ezin direla jasandako kalteak legez tasatutako kalte-ordainaren bitartez behar bezala ordaindu.

Langileak kontratu mugagabe batekin egiten zuen lan enpresa batentzat, eta udalaren lan-poltsa batean ere bazegoen, hautaketa prozesua batean parte hartu ondoren.

2023ko martxoaren 9an urtebeteko gutxieneko iraupena izango zuen lan eskaintza egin zion udalak, eta onartu egin zuen, enpresarekin zeukan kontratu mugagabeari uko eginez. Lan harremana hasi ondoren, ordea, “ahoz” adierazi zioten “kontratazioan akats bat egon zela” eta bere azken laneguna 2023ko apirilaren 30a zela.

Inguruabarrak kontuan hartuta, sententziak dio tasatutako kalte-ordaina ez dela egokia langileak jasandako kaltea konpentsatzeko, lan mugagabea utzi baitzuen aldi baterakoa izan arren gutxienez urtebete iraun behar zuen kontratu batengatik.

Gainera, udalak ez zituen lan-harremana eteteko nahikoa arrazoi azaldu. Ondorioz, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak egokitzat jo du urtebetez jasoko lituzkeen soldatengatik kalte-ordain gehigarri bat jasotzeko eskubidea onartzea.

Epai aitzindaria da, doktrina autonomiko ezberdinak jarraitzen dituena, baita Europako Gutun Sozialaren aginduak eta Eskubide Sozialen Europako Komitearen erabakiak ere. Horiek guztiek benetan jasandako kalteen kalte-ordain egokia finkatu behar dela zehazten dute.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Ikuskizun eta ekitaldietako teknikariek greba egingo dute Araban abuztuaren 5ean

Joan den ekainaren 21ean iragarri bezala, Ikuskizun eta Ekitaldien lehen Hitzarmena negoziatzen ari garen sindikatuok 3 greba-egun deitu ditugu EAEko hiru lurraldeetan, hiru hiriburuetako...

Gasteizko lan-arloko epaitegiak baliogabe jo du Casa Primicia upategian aurkeztutako Aldi Baterako Lan-Erregulazio Espedientea

Hala, arrazoi eman dio auzia epaitegietara eraman zuen LAB sindikatuari. Gasteizko epaitegiak argitaratutako epaia irmoa bihurtu da. Epai horren bidez, Casa Primician aurkeztutako Aldi Baterako...

Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen Hitzarmenaren aurreakordioa sinatuko dugu, langileen gehiengo zabalaren babesa jaso ondoren

Sektoreko enpresetan egindako langileen batzarren ondoren, langileen gehiengo zabal batek patronalak aurkeztutako Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen Hitzarmenerako proposamena babestea erabaki du. Horrenbestez, LABek...