2026-10-14
HomeEkintza SindikalaBeste bi greba egun egingo ditugu Nafarroako adinekoen arretan, hitzarmenaren negoziazioan patronalaren...

Beste bi greba egun egingo ditugu Nafarroako adinekoen arretan, hitzarmenaren negoziazioan patronalaren blokeoagatik eta Gobernuaren pasibotasunagatik

LABek, ELAk, UGTk eta CCOOk grebara deitu dugu martxoaren 24an eta 31n, Nafarroako adinekoen arretarako lehen hitzarmenaren azken bilerek ez dutelako lan-baldintza duinak eta kalitatezko zerbitzua bermatzeko balio izan.

Sektorean ordezkaritza handiena dugun lau sindikatuok (LAB, ELA, UGT eta CCOO) beste bi greba deialdi iragarri ditugu martxoaren 24 eta 31rako adinekoen arretaren sektorean.

Sektore horretan 4.500 pertsonak baino gehiagok egiten dute lan, Nafarroako 70 zentro ingurutan banatuta. Mendekotasuna sektore estrategikoa da, gero eta garrantzitsuagoa. Horregatik, beharrezkoa da administrazio publikoek beren gain hartzea kalitatezko zerbitzuak emateko duten erantzukizuna, eta mendekotasunaren sektorea babestea, adinekoen eta mendeko pertsonen arretaren zerbitzuarekin bateraezinak diren enpresa-ereduen aurrean.

Negoziazio mahaiko lau sindikatuok argi dugu lan-baldintza duinek soilik ziurtatzen dituztela zerbitzu duinak eta kalitatezkoak, eta horregatik hasi ziren 2021eko maiatzean Nafarroako hirugarren adinekoen zentroen sektoreko lehen hitzarmena hitzartzeko negoziazioak.

Hirugarren adinekoei arreta emateko Nafarroako lehen hitzarmenaren inguruan izandako azken bilerak negoziazioa blokeatuta dagoela oraindik erakutsi zuen: patronala, negoziaketan jarrera aktibo bat izatetik urrun, ikusle soil gisa mantentzen da, eta Nafarroako Gobernuak ez du bere gain hartzen diru publikoarekin oinarritutako sektore batean duen erantzukizuna.

Egoera horren aurrean, LABek, ELAk, UGTk eta CCOOk borrokatzen eta presioa egiten jarraitzea erabaki dugu, hitzarmen duin bat lortu arte. Horregatik, beste bi greba egun deitu ditugu martxoaren 24 eta 31rako. Mobilizaziorik gabe ezingo da aurrera egin zaintza eredu publiko, duin, unibertsal eta doakorantz.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Ospitaleetan mobilizatu gara Osakidetzari eskatzeko gure aldarrikapenei eta langileen beharrei erantzun diezaiela

Osakidetzak sindikatuei bidalitako akordioaren lehen zirriborroak ez du soldata-hobekuntzarik jasotzen, eta hori Eusko Jaurlaritzak 2027. urterako aurrekontuak ixten dagoen bitartean; azpimarratu behar da arau horrek osasun publikorako partidak zehaztuko dituela. LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok berresten dugu ezinbestekoa dela mobilizazio dinamikarekin jarraitzea.

Maiatzetik gaur arte izan diren 14 lan heriotza berri azaleratu ditugu, datu ofizialetan ezkutatuta zeudenak

Azaleratutako datu berriek 60 hildakotan kokatu dute 2026ko kontagailua, eta, hala, azken urteetako datu lazgarriak berretsi dira.

Enplegu Publikoko Zuzendaritzak bazter utzi du hitzarmenaren negoziazioa: 16 urte hitzarmenik gabe eta egutegirik ez

Gaur, urriak 13, Eusko Jaurlaritzako eta Organismo Autonomoetako langileen ordezkaritzaren eta Funtzio Publikoko Zuzendaritzaren arteko alorreko mahaia bildu da. LAB sindikatuan oso larritzat jotzen dugu Lan Harremanetako zuzendari berriak bertan azaldu duen jarrera.