2026-02-03
HomeEkintza PolitikoaBat egiten dugu apirilaren 24an deitutako enpresa transnazionalen kontrako elkartasun feministaren nazioarteko...

Bat egiten dugu apirilaren 24an deitutako enpresa transnazionalen kontrako elkartasun feministaren nazioarteko egunarekin

Apirilaren 24an, berriz ere, feminismo antikapitalista, antirrazista eta antikoloniala eraikitzeko gure jarrera politikoa erakutsiko dugu, Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxaren eskutik. Europan gerraren eta mugen industriaren aurka mobilizatuko gara. Salatu dezagun Europaren blindatzea eta ikusarazi ditzagun erresistentzia feministak.

Gorde zuen agendetan maiatzaren 19a, 19:00etan, mahai-inguru bat antolatuko baitugu Santurtzin: ERRESISTENTZIA FEMINISTAK GERRAREN ETA MUGEN INDUSTRIAREN AURKA.

BIZITZEKO BORROKAN, ERALDATZEKO MARTXAN!

Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxaren adierazpena

Feministok gerraren eta mugen industriaren aurka!

2013ko apirilaren 24an zortzi solairuko Rana Plaza eraikina hondoratu zen Bangladesheko hiriburu Dhakan. 1.127 langile, gehienak emakumeak, hil ziren eraikinak azpian harrapatuta. 2.500etik gora zauritu ziren. Urtez urte, emakumeon eta lurraldeen esplotazioaren aurkako aldarria zabaltzen dugu gaurko egunean Emakumeon Mundu Martxatik.

Azken asteetan gerraren testuinguruak fokoa hartu duen honetan, Euskal Herritik dugun arduraz hausnartu nahi dugu. Gerra elikatzen dugu ekoizpen militarrarekin eta mugen industriarekin, eta gerra horiek erditzen duten ordena ekonomikoaren onuradun gara, unibertsala ezin izan daitekeen ongizate material batez gozatuz. Enpresa multinazionalak dira bereziki, munduko potentzien geopolitika kolonial eta inperialista berri honetan onurak jasotzen dituzten bakarrak.

Zehazki, gerraren industriak Euskal Herrian armak edota armetarako osagaiak ekoizten dituzten ehun enpresa inguru mugitzen ditu, eta urtean bost ehun milioi euro biano gehiago fakturatzen dituzte.

“Gerra hemen hasten da” lelopean, 2017.an. Euskal Herriko Mugimendu Feministak bat egin zuen Santurtzin, Bilboko Portutik armak esportatzearen aurka, indarkeriarik gabeko ekintza bat eginez. Zoritxarrez, egoera honek erabateko indarraldia du une honetan.

Gainera, mugak babesteko helburuarekin, migrazio-kontrolaren industria handi bat artikulatu da. Gaur egun, Europako lurraldearen babesa eta segurtasuna milioi askoko aurrekontuak dira, mugak indartzera bideratuak, hesiak, hormak, azken teknologiako zaintza-sistemak, hegazkinak, helikopteroak, droneak eta abar finantzatuz. Mugak nekropolitika gauzatzen den lekuak dira, eta horren lekuko dira Bidasoa ibaiaren bi ertzak.

Kapitalismo basatia da gerren onuradun bakarra, armen negozio odoltsua eta baliabideen espoliazioa helburu dituena. Pertsona gehienentzat heriotza besterik ez dakartena, sufrimendua, migrazio masiboa, miseria eta desberdintasunetan areagotuz.

Gerra da indarkeria patriarkalaren muturreko adierazpena. Gerra hondamendia da, feminismotik aldarrikatzen dugun “bizitza jasangarri baten” kontrako adierazpena. Kapitalismoak eta patriarkatuak gerrak behar dituzte irauteko eta zapaltzen jarraitzeko. Gerra guztiekin amaitu behar dugu. Eta hor Nazioarteko Mugimendu Feministak badu zer esan.

Erakundeek mugen eta gerren industria babestera bideratzen dituzten baliabide guztiak, zerbitzu publikoak indartzera, gastu sozialetara, indarkeria matxistari aurre egitera edota derrigorrezko desplazamendua jasan duten pertsonen harrerara bideratzea exijitzen dugu. Proposamen ororen erdigunean, baita ekonomikoetan ere, giza eskubideak jartzen dituen herrian bizi nahi dugu.

Euskal Herrian, 2022ko aprila

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Tubos Reunidoseko enplegu suntsiketa oro gaitzesten du eta enpresari zein erakundeei erantzukizunak eskatzen dizkie

LABek erabat gaitzesten du Tubos Reunidoseko zuzendaritzak Amurrioko eta Trapagarango lantegietan iragarritako EEEa. Ez dugu onartzen egoera koiuntural baten eta erabaki estrategiko okerren kostua langileei...

Euskaraz lan egiteko eta bizitzeko eskubidea bermatzeko exijitu du LABek administrazio publikoen aurrean

Hego Euskal Herriko administrazio publikoetan euskarak gaztelaniak dituen eskubide berberak izan ditzan aldarrikatu du LABek Bilboko, Donostiako eta Gasteizko administrazio publiko nagusien aurrean. Iruñean...

Estaños Matiena enpresak langile baten heriotza eragin du, hainbat salaketa jasota bazituen ere

Ostiral arratsalde honetan laneko heriotz berri baten berri izan du LABek. Zumaiako Estaños Matiena enpresan. H.O.L. 32 urteko langileak pieza handi baten kolpea jaso...