2026-09-27
HomeIrakaskuntzaHezkuntzaAzken urteotako murrizketen ondorioz irakasleen lan baldintzak okertu eta hezkuntzaren kalitatea jaitsi...

Azken urteotako murrizketen ondorioz irakasleen lan baldintzak okertu eta hezkuntzaren kalitatea jaitsi da

Hasieratik, salatu genuen aurtengo oposaketari hauteskunde kutsua zeriola. Alde batetik, ez du irakaslegoaren behin-behinekotasun egoera (%25 inguru) hobetuko. Azken bi urteetan 1000 irakasle inguruk erretiroa hartu duela ikusirik, 275 plaza aterata behin-behinekotasuna areagotu egingo da.

Are larriagoa iruditzen zaigu, arazo honi aurre egiteko Hezkuntza sailak epe ertainera begirako inolako planifikazio eta aurreikuspenik ez izatea eta urtez urte inprobisazioz jokatzea. Irtenbide gisa, gainera, sindikatuon eta langileen erabateko aurkakotasuna eragiten duen finkapen prozesuan sakondu nahi du iaz esleitutako urte osoko plazen %50a finkatuz (2014-15 ikasturtean %25a izanik).

Salatu genuen baita ere, zerrendak urtero ez irekitzearen ondorioz oposaketa gainditzea bilakatu dela ordezkoen zerrendetan sartzeko bide bakarra, eta horren ondorioz, plaza lortzeko inolako aukera eduki barik, milaka irakaslek oposaketa prozesu gogorra pasatu beharko dutela ordezkogai izateko (gerora, agortutako zerrenda batzuk ireki behar izan dituzte). Ikasturte honetan ere ordezkoen zerrenden kudeaketa okerrak dakartzan ondorioak pairatu ditugu (ordezkorik ez espezialitate batzuetan, Haur Hezkuntzan izena emandakoak birbaremaziotik kanpo, …).

Horrez gain adierazi genuen, oposaketa bat aurrera eramatea dakartzan gastuak ez direla proportzionalak aurten ateratzen ziren plaza kopuruarekin. Aurkezten den hautagai kopuruaren araberakoa baita gastua (BEC alokatu, epaimahaikideen ordezkoak, dietak, …) eta ez lanpostu kopuruaren araberakoa. Kontuan hartu behar da 5.000tik gora izen emate izan direla (besteak beste zerrendak ez irekitzeagatik). Hezkuntza Sailetik gastua ez handitzeko kudeaketa zorrotza egingo zutela aitortu ziguten.

Orain jakin dugu, aurreko ikasturteetan programazioen zuzenketak egiteko epaimahaikideak aurretik liberatzen bazituzten, aurten azterketa teorikoarekin batera liberatu dituztela. Kudeaketa zorrotzak, beraz, murrizketa esan nahi du. Gastua murrizteko epaimahaikideak egun gutxiago liberatuko dituzte, dagoeneko zalantzazko objetibotasuna duen hautaketa prozesuan are berme gutxiago emanez. Lehen izenik gabeko programazioa aldez aurretik irakurri eta zuzentzen zen eta ondoren, ahozko defentsarekin osatzen zen nota. Oraingoan, nota zuzenean era presentzialean egindako ahozkoarekin ezarriko da.

Azken urteotan hartutako erabakien eta murrizketen ondorioz irakasleen lan baldintzak okertu eta hezkuntzaren kalitatea jaitsi da (ratioak, soldata izozteak, ordezkapenak, jubilazioa, …). Oposaketa hauek aurrera atera dituzte nola edo hala, irudi horri buelta emateko eta itxura baikorragoa saltzeko. Baina, saiakerak saiakera errealitatea ondo ezagutzen dugu. Oraingoan, dirua aurrezteko oposaketaren objetibotasuna eta sinesgarritasuna kolokan ipini dute.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Udalhitzeko negoziazioari atea itxi diote EAJk eta PSEk, EHBilduk negoziatzen jarraitzeko borondatea agertu duen bitartean

Urriaren 8ra bitarteko epea daukate edukiak ekarri eta langileen ordezkariekin adosteko. Bestela, udal sektore osoak grebara joko du.

Greba mugagabean dauden ITASUAko langileei babesa erakusteko manifestazio jendetsua Bergaran

Dagoeneko 77 egun daramatzate greban Zarauzko eta Bergarako Ibilgailuen Azterketa Teknikoaren (IAT/ITV) zerbitzuko beharginek, eta enpresa mugiarazi eta negoziazioaren blokeoa eten arte borrokan segitzeko...

LABek eta ELAk bilera eskatu diogu Pradales lehendakariari, 1.500 euroko gutxieneko soldataren alde patronalari aurre egin diezaion eskatzeko

Gutxieneko soldata Hego Euskal Herrian erabakitzearen aldeko 145.000 sinadura jaso eta greba orokor arrakastatsu bat egin ondoren, LABen eta ELAren iritziz Eusko Jaurlaritzak ezinbestean gizartearen nahiari bide eman beharko lioke eta Imanol Pradales lehendakariak lidergo argia erakutsi beharko luke patronalaren zein PSE-EEren eta EAJren betoa gainditzeko.