2026-03-19
HomeEkintza SindikalaAurrerapen txikiak baino ez dira egon Osakidetzako Mahai Sektorialean

Aurrerapen txikiak baino ez dira egon Osakidetzako Mahai Sektorialean

Azken greba-deialdiek eragin dituzten arazo handiei aurre egin ez bazaie ere, Osakidetzak urrats txiki batzuk eman ditu Garapen Profesionalari eta %4aren ordainketari dagokienez.

Osakidetzako Mahai Sektorialak gaur egindako bileran, aurrerapauso txikiak eman dira duela ia urtebetetik blokeatuta zegoen negoziazioan. Izan ere, sindikatuok bileretara joan gabe generaman pasa den urritik. Bi greba egunen ostean, eta negoziatzeko borondatea erakusteko, gaur berriro Mahaira joatea erabaki dugu.

Atzo adierazi genuen bezala, bileraren gai-zerrendak ez zuen jasotzen sindikatuok azken hilabeteetan behin eta berriz eskatu ditugun bi puntuetako bat bera ere. Puntu horiek mobilizazioen eta pasa den hilean deitutako bi greba-egunen aldarrikapenen parte dira.

Gauzak horrela, atzo, LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok berriro eskatu genuen, egoera desblokeatzeko eta Mahai Sektorialaren bileretan berriz parte hartzeko (bilera horiek benetako eduki negoziatzailea izan behar dute), berehala konpondu beharreko bi gai jorratzeko gaurkoan: Osakidetzak Garapen Profesionalaren azken zirriborroa erretiratzea eta 2022ko deialdi arrunta egitea, eta %4ko osagarriaren ordainketaren gatazka negoziatzea eta konpontzea (gogora dezagun Transfusioen eta Giza Ehunen Euskal Zentroko langileek 27 greba-egun baino gehiago egin dituztela arrazoi horrengatik).

Gaurko bileran aurrerapauso txikiak eman dira bi gai horietan. Aurrerapen horiek ez dira nahikoak, baina badirudi bi gai horiei buruzko negoziaziorako atea irekitzen dutela Osakidetzak. Azpimarratu behar da, zalantzarik gabe, Osakidetzaren mugimendu horiek bi greba-egunek eta azken hilabeteetan egindako gainerako mobilizazioek izan duten jarraipen garrantzitsuaren ondorioz gertatu direla.

Hala ere, ez da aurrerapausorik eman oinarrizko beste gai batzuetan. Ildo horretan, berriz ere planteatu zaigu ordutegi-murrizketak eta itxierak aplikatzea Lehen Arretan udan zehar. Hori da Osakidetzak behin eta berriz aplikatzen duen irtenbidea, atzean dagoen benetako arazoari ez heltzeko: langileei eskaintzen zaizkien lan-baldintza eskasak. Behin eta berriz erabiltzen da profesional faltaren aitzakia, baina arazo hori konpontzeko, kolektiboaren lan-baldintzak hobetu behar dira.


SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek Osakidetzari eskatu diote benetako negoziazioari heltzeko, edukiekin, Osakidetzaren arazo handiei buruz (asko dira), lan-baldintzak eta herritarrei eskaintzen zaien arreta hobetzeko helburuarekin.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Korrikan masiboki parte hartzera dei egiten die LABek euskal langileei

Hainbat kilometro erosi ditu LABek, eta bere kidegoa aktiboki ari da parte hartzen Korrikaren antolaketan, izan tokian tokiko batzordeetan zein lantegietan. Orain, errepidera salto egiteko garaia da. Horregatik, bihartik aurrera euskararen aldeko olatua indartzera dei egiten die LABek euskal langileei.

LABek burujabetza, ekonomiaren kontrol publikoa eta gutxieneko soldata propioa eskatzen ditu lan eta bizi baldintza duinak hemen ziurtatzeko

Kontseilu Ekonomiko eta Sozialak (KES) ezohiko bilera egin du Irango gerrak Nafarroan izan duen eragina aztertzeko eta maila ekonomiko eta sozialean izan dituen ondorioak...

LGS propio baten aldeko jendartearen aldarriak gobernuak eta patronalak behartu behar ditu aurrera egitera, berehala ezar dadin

Grebaren arrakastak eta mobilizazio masiboek erakusten dute euskal jendarteak ez duela amore emango 1.500 euroen aldarrikapenean. LAB, ELA, Steilas, Etxalde eta Hiru, M17aren ondoren: “Gaur atzo baino indartsuagoak gara, ez gara geratuko helburua lortu arte”.