2024-07-27
HomeIndustriaArte GrafikoakAurreakordioa sinatu dugu Gipuzkoako Grafikagintzan, langileen eskubideetan hobekuntzak eta izaera sozialeko neurriak...

Aurreakordioa sinatu dugu Gipuzkoako Grafikagintzan, langileen eskubideetan hobekuntzak eta izaera sozialeko neurriak adostu eta gero

Sektorean 8 egun greban egon ondoren, eta azaroaren 4tik aurrera astebeteko beste greba bat hasi bezperan, sinatu dugu. Oso positiboki baloratzen dugu lortutakoa; izan ere, KPIren gainetik soldata igoerak adosteaz gain, aurreakordio horrek eskubide sozial ugari jasotzen ditu. Gainera, aurreakordioa urrats erabakigarria da negoziazio kolektiboaren estatalizazioaren aurkako borrokan.

Sektorean 8 egun greban egon ondoren, eta azaroaren 4tik aurrera astebeteko beste greba bat hasi bezperan, gaur, urriak 29, LABek, gehiengo sindikalak, eta sektoreko patronalak aurreakordioa lortu dugu Arte Grafikoen hitzarmenaren negoziazio mahaian.

Aurreakordioak sindikatuen eskaera nagusiak jasotzen ditu:

– Soldata-igoerak KPIaren gainetik indarraldiko urte bakoitzerako:
2019:% 1,8 (KPI +0,6), 2020: KPI +0,6 eta 2021: KPI + 0,75.
– Hitzarmeneko bi kategoria baxuenak kentzea (1.16 eta 1.21 puntuak), eta 1.200 euroko gutxieneko soldata garbia ezartzea, lan-sarrera duinduz.
– Blindaje-klausula Estatuko hitzarmenaren aurrean. Adegik sinatzen duen lehen aldia, paperaren hitzarmenean duela gutxi baztertu zuena.
– Aldi baterako laneko enpresa (ABLE) baten bidez lan egindako denbora antzinatasunerako zenbatuko da.
– Oporrak ez dira galtzen, aldi baterako ezintasunarekin bat badatoz ere. Legez ezarritako 18 hilabeteko gehieneko epea ezabatzen da.
– Lehen mailako ahaideen ezkontzagatiko edo heriotzagatiko lizentziaren kasuan, lehenengo lanegunetik aurrera hasiko da lizentzia.
– Edoskitze-denbora metatzeko eskubidea
– Guraso bakarreko familien kasuan, %50 gehitu dira mediku-kontsultetara joateko orduak.
– Larrialdietako ospitaleratzeak (Box) lizentzia gisa onartzen dira.
– Gaixotasun larria ospitaleratzearekin parekatzen da.
– Euskara sustatzeko eta normalizatzeko mahai sektoriala sortu da.
– Enpresa bakoitzean batzorde bat eratuko da sexu-jazarpenaren aurkako protokolo bat egiteko.

LAB sindikatuak oso positiboki baloratzen du lortutakoa; izan ere, KPIren gainetik soldata igoerak adosteaz gain, aurreakordio horrek eskubide sozial ugari jasotzen ditu, patronalari behin eta berriz eskatu zitzaizkion moduan. Azpimarratzekoa da hitzarmeneko bi kategoria baxuenak kendu egin direla, eta sartzeko gutxieneko soldata 1.200 € garbien gainetik ezarri dela. Prekarietatearen aurkako borrokan oso urrats garrantzitsua iruditzen zaigu. Era berean, eta inor atzean utzi gabe, arreta berezia jarri nahi izan dugu kolektibo ahulenetan, hala nola ABLEko langileetan, guraso bakarreko familietan eta, bereziki, edoskitzearen pilaketa, sexu-jazarpenaren aurkako borroka eta kategoria baxuenak desagerraraztea bezalako neurriak dituzten emakumeetan, gehienak emakumeek betetzen baitituzte. Gainera, aurreakordioa urrats erabakigarria da negoziazio kolektiboaren estatalizazioaren aurkako borrokan.

Aurreakordio horrek ez du atzerapausorik jasotzen eskubideetan, aurrerapenak baino ez. LABek argi du langileek erakutsitako borrokak eta erabakiak bakarrik egin duela posible aurreakordio hau. Oso negoziazio gogorra izan da. Adegik KPIren soldata igoera besterik ez zuen eskaintzen, eta ez zegoen izaera sozialeko neurririk. Sektoreko langileek 8 greba egun egin behar izan dituzte eta beste 5 greba egunekin mehatxatu dute akordio hau lortzeko. Baina, azkenean, arrazoia nagusitu da. LABek behin eta berriz defendatu du sektorearen egoerak ez zuela justifikatzen patronalaren proposamen miserablea, eta proposamen honekin agerian geratu da zuzen geundela, bazegoela marjina proposamen hobe baterako.

LAB sindikatuak proposamen hori eramango du sektoreko langileek onar dezaten, eta bertan behera utziko ditu datorren asterako aurreikusita zeuden grebak, lantegietan batzarrak egiteko helburuarekin. Horren alde eginez gero, azaroaren 11n sinatuko genuke akordioa.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

LAB sindikatuak Guggenheim Urdaibai proiektua bertan behera uzteko eskatzen die Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari, beste behin eta behingoz

Politika publikoen bultzadak balio behar du eskualderako etorkizun ekosozial justua bermatzeko, eta bertan bizi eta lan egiten duten langileentzat lan baldintza, bizi baldintza eta zerbitzu publiko duinak bermatzeko.

Eusko Jaurlaritzak onartutako langile publikoentzako soldataren igoerak erosahalmenaren galera eta Madrilekiko menpekotasuna dakar, beste behin ere

LABek Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak langile publikoentzat (*) onartu berri duen %2ko soldata igoera salatzen du. Ikasturte honetan hiru greba eta hainbat mobilizazio egin ditugu soldata eta enplegua hemen erabakitzeko, bertan negoziatu eta adosteko. Hauek dira Jaurlaritzak agindutako azken neurriaren aurka azaltzen ditugun argudioak:

Prekaritateak dakarren lan segurtasun ezak hil egiten du

Gipuzkoako Kale Garbiketa sektoreko alderdi sindikal guztiak, ELA sindikatua izan ezik, pasa den uztailarean 10ean, Iruñean, gaueko txandan bere lana egiten zuen bitartean, lan istripuan hildako FCC-ko (Iruñerriko Mankomunitateko azpikontrata) langilearen familia, lagun eta lankideei elkartasuna eta babesa helarazteko, gaur uztailak 24, elkarretaratzea egin dugu Gipuzkoako FCC-ko egoitza nagusiaren parean, Hernaniko Zubiondo poligonoan.