Garbiketa-sektoreko langileok aitortu gabeko eta gutxi balioetsitako lana egiten dugun kolektiboa gara, edozein jarduera aurrera eraman ahal izateko funtsezkoa denean. Gure lana ezkutatuta eta isilduta dago, bezeroaren langileak lanean ez daudenean lana egitera behartuta baikaude.
Lanaren banaketa sexualak dakarrenaren isla eta adibide garbia gara, eta soldata-arrakalaren biktima nagusiak. Sektorearen % 80 baino gehiago emakumeak gara, eta sektorean lan egiten duten gizon apurrek goragoko kategoriak dituzte. Eta horrek, azken finean, baldintza prekarioak eta miseriazko soldatak izatea dakar. Soldata baxuek eta partzialtasun altuak, kasu askotan, hainbat enpresarentzat lan egitera bultzatzen gaituzte, hilaren amaierara hala moduz iritsi ahal izateko.
Joan den martxotik, zabalik dago Arabako Eraikin eta Lokalen Hitzarmen Kolektiboa negoziatzeko Mahaia. Negoziazio horrek gure lan-baldintzak hobetzeko aukera eman lezake. Hala ere, 9 hilabeteko negoziazioen ondoren, kontuak ez du itxura onik.
Patronalak, ASPEL eta APEL, eztabaida “absentismoa” deritzonean zentratzen saiatzen ari dira, eta, zentzu horretan, argudio faltsu horren pean, murrizketak planteatzen ari dira Hitzarmenean finkatuta zeuden hainbat gaietan, hala nola ABE osagarrietan.
Bestalde, soldatei dagokienez, oso igoera epelak proposatzen dituzte berez oso txikiak diren soldatetan, KPIri inolako erreferentziarik egin gabe. Gogoratu behar dugu aurreko hitzarmenean (2020-2024) igoera eskas batzuk sinatu zirela KPIari lotu gabe, eta horrek 5 urteren bueltan % 15eko eros ahalmena galtzea ekarri digu.
LAB sindikatuan ez gaude prest negoziazioa nola luzatzen den ikusteko, ezta patronalen asmoen aurrean amore emateko ere. Irailean, LABeko ordezkariok negoziazio-mahaian dauden gainerako sindikatuei gutxienekoen proposamen bat adostea eta mobilizazio egutegi bateratua adosteko deia luzatu genien, baina UGTk, ELAk eta CCOOk gonbidapenari ezezkoa eman zioten.
LAB ez da inoren zain egongo. Zentzu horretan, abenduan sektorearen egoera kaskarra sozializatzeko kanpaina bat hasi dugu, “Garbitzaileok axola dugu” lelopean. Era berean, jakinarazi nahi dugu hurrengo asteetan mobilizatu egingo garela eta gure egoeraren arduradun nagusiak seinalatuko ditugula. Alegia EULEN, CLECE, ISS FACILITY, SERVEO, SAMSIC, NORTE BRILLANTE,… bezalako enpresak.
Lanaldi osoa duen langile batek 1042 € garbi irabazten ditu hilean. Patronalen planteamendua onartzeak, gaixo egoteagatik zigortuak izateaz gain, gutxienez beste 5 urtez miseriara kondenatzea ekarriko liguke.
Arabako garbitzaileok soldata duinak behar ditugu; zehazki, 1.500 euroko soldata, Europako Gutun Sozialean ezarritakoarekin bat datorrena, eta, hain zuzen ere, horixe da euskal gehiengo sindikalak martxoaren 17rako egindako greba orokorraren deialdiaren aldarrikapen nagusia. Halaber, partzialtasun handiari mugak jarri behar dizkiogu, enpresek absentzia oro % 100ean bete dezaten aldarrikatu, eta errelebo-kontraturako sarbidea ahalbidetu, jarrera behartuen eta mugimendu errepikakorren arrisku faktoreen eraginpean dauden plantillak gaztetu ahal izateko, besteak beste.

