2026-10-04
HomeEkintza SindikalaAlga eta Inervoleko langileen lan-baldintzak zaintzen jarraituko dugu

Alga eta Inervoleko langileen lan-baldintzak zaintzen jarraituko dugu

Atzo astelehena, ekainaren 7an, 22:00etan hasi behar zen Zaldibarreko Inervol eta Abadiñoko Alga lantegietan deitutako greba mugagabea. Deialdiaren arrazoi nagusiak honakoak ziren: enpresak hilabete honetako soldata ordaintzea (berau ordainduko ez zietela jakinarazi zieten langileei) eta enpresaren informazio ekonomiko-finantzarioari dagokionez, gardena izatea, argi utziz langileak ez zeudela prest zorretan soldata gehiago izateko, are gutxiago topera ari direnean lanean.

Atzo arratsaldean, enpresak hilabete honetako nomina osoa ordaindu, eskatutako dokumentazio ekonomiko-finantzarioa eman eta informazio hori astero emateko konpromisoa hartu zuen, Alga eta Inervoleko enpresa-batzordeak eta bertako langileek uneoro jakin dezaten enpresaren benetako egoera zein den.

Enpresak greba-deialdia eragin zuten eskaera nagusiak bete zituenez, atzo gauean Algako instalazioetan egindako langile batzarrean, gau horretan bertan hastekoa zen greba bertan behera uztea erabaki zuten. 87 langilek greba bertan behera uztearen alde bozkatu zuten, 31k kontra, eta 2 abstentzio egon ziren.

Abadiñoko Alga eta Zaldibarreko Inervol Alga Industria Taldearen barruan daude. Talde honek 18 hilabete daramatza egoera ekonomiko eta finantzario oso larrian, nahiz eta lan-karga handia izan. Gaur egun Amtek taldearen barruan dago. Indiako nazioarteko taldea da hau, herrialde honetan lehiaketa prozesu batean sartuta dagoena.

Dirudienez, lehiaketa hori aste edo hilabete batzuk barru ebatziko da, eta jabe berri bati esleituko zaio. Hala ere, Amtek taldeak Alga Industria Taldearen jabetza hartu zuenetik nabarmen egin du okerrera bere egoerak eta balizko porrotetik gertu egon liteke. Gaur egun, bi nomina baino zerbait gehiago zor zaizkie langileei, atzo ordaindutakotik aparte.

LABetik argi daukagu, enpresaren egoera ikusita, eta enpresaren jabe berri bat etortzen ez den bitartean, mobilizazioetara, greba-deialdietara eta abarretara jo beharko dugula berriro. Etorriko den jabe berriak instalazioak eta makineria berritzeko inbertsioak egin beharko ditu, eta enpresan dirua jarri, langileen zorrei aurre egiteko, kutxa nahikoa izateko, horrela etorkizunean likidezia-tentsiorik ez izateko. Ziur gaude Alga Industria Taldeak etorkizuna duela (bezero onak dauzka, oso lan espezializatua egiten du…), baina pausoak eman behar dira berandu izan baino lehen.

Argi utzi nahi diegu egungo jabeei, eta etorkizunean etor daitezkeenei, ez dugula doanik lan egingo, eta, nolanahi ere, Alga eta Inervoleko langileen lan-baldintzak zaintzen jarraituko dugula.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAJk maizterren aurka eta errentismoaren alde egin du, birbanaketa politikei uko eginez eta eskuin muturrari atera irekiz

Espainiako Kongresuan etxebizitzari buruzko bi lege dekretuen bozketan errentisten interesekin lerratu dira EAJ eta UPN, eta LABetik mobilizazioak areagotzeko deia egiten dugu.

Migranteen egoera prekarioa azaleratzen dute langabeziaren datuek

Joan den hilabeteko argazki sozioekonomikoaren zantzuak ikusten jarraitzen dugu, langabeziak gora egin baitu azken hilabetearekin alderatuta, aurreko urteetan beti jaitsi izan denean. Beraz, 3.238 langabetu gehiago daude Hego Euskal Herrian, eta Erregimen Orokorrari dagokionez, 1.103.547 afiliatu iraileko azken egunean.

Basquevolt salatzen dugu lan-diskriminazio arrazista, matxista, morofobiko eta islamofobikoagatik

Apirilean, bere laborategietako batean leherketa bat gertatu eta egun batzuetara, Basquevolt enpresak bi langile kaleratu eta zigortu zituen arbitrarioki. LAB sindikatuarentzat, ekintza hori funtsik...