2026-04-30
HomeBidalketak2015Aldaketa soziala Orain! Tenemos alternativas!

Aldaketa soziala Orain! Tenemos alternativas!

 

M-14 DENOK BILBO eta IRUÑEAra

Martxoaren 14an, Aldaketa Soziala Orain! Tenemos alternativas! Goiburupean, manifestazioak deitu ditugu Bilbon eta Iruñean, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren sustatzaile garen eragile sindikal eta sozial ugarik.

Duela urte t’erdi abiatu genuen Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta eratzeko prozesu parte hartzailea. 2007an, espainiar Estatua krisi sistemikoari kapitalismoan sakonduz erantzutera zihoala aurreikusi genuelarik, Gobernuetatik etorriko ziren erasoak (erreformak, murrizketak, dekretazoak…) salatzeko mugimendu sozial eta sindikalaren erantzun bateratua antolatzen hasi ginen. 2009tik hona neoliberalismoaren oldarraldiaren kontra sei Greba Orokor burutu ditugu, azkena, inposatzen ari zaizkigun eredu honek alternatibak badituela aldarrikatzeko.

Alternatiba horiek Karta Sozialean bildu ditugu. Herritarrok aldaketa soziala exigitzen dugu eta eredu berri bateranzko urratsak eman nahi ditugu. Azken xedea da Euskal Herrian eredu sozioekonomiko berri baten oinarriak ezartzea.

Kartak bi ardatz nagusi ditu: eraldaketa soziala eta erabakitzeko eskubidea. Kartaren eraketa prozesuaren erdigunean dago erabakitzeko eskubidea. Zer nolako eredu sozioekonomikoa izango duen Euskal Herriak gaurdanik eraiki eta hemen erabaki behar dugu. Herritarrok dugu hitza eta erabakia. Pertsonak eta kolektiboak erdigunean kokatuko dituen eredu soziala aldarrikatzen dugu.

Garaia da Euskal Herriko gizon eta emakumeok, betebehar eta eskubide berdintasunean, bertoko baliabideetan eta sortzen den aberastasunean parte izateko bidezko aukera erdiesteko. Bide hori egitea posible egingo digun proiektua bultzatzen ari gara. Kartak euskal langileon, eta orohar, jendartearen aldarrikapenak jasotzen ditu.

Botere politiko eta instituzionalak erabaki du eskubideak murriztea dela euskal jendarteari bere etorkizuna erabakitzeko gaitasuna kentzeko modua. Euskal Herriko gehiengo sozialak ezin du jarraitu gure erabakitzeko eskubidea baldintzatzen eta mugatzen diguten politikak jasaten: desberdintasuna, langabezia, pobretzea, prekarietatea, pribatizazioak, gazteentzako etorkizunik eza, genero diskriminazioa, euskaraz bizitzeko galaraztea, ingurumenaren heriotza, arrazismoa edo zerbitzu publikoen suntsipena… Gaurko egoerari aurre egiteko prest gaude eta erakundeei exijitzen diegu jar daitezela Euskal Herriaren borondatearen esanetara, gure etorkizun politiko, instituzional, ekonomiko eta bizikidetza eredua erabakitzeko.

Euskal Herria da euskal herritarren eskubideak bermatzeko subjektu burujabea eta Euskal Herriko instituzioek honen arabera jardun behar dute. Hari horretatik tiraka, 16 puntuko programa soziala eratu dugu gaurdanik eremu instituzionaletik abian jarri beharreko neurri zehatzekin. Instituzioek herri borondatea errespetatu beharko dute. Eta bermatu beharko dituzte Kartak jasotzen dituen oinarrizko eskubide ekonomiko eta sozialak, Euskal Herrian bizi eta lan egiten dugun pertsona guztiek bizi baldintza duinak izan ditzagun.

Euskal Herrian bizi garen pertsonek eskubidea dugu guk erabakitzen dugun sistema sozio-ekonomikoa eratzeko. Burujabetzaren bidetik alternatibak erabakitzen eta eraikitzen joan behar dugu. Karta da gure tresna benetako aldaketa soziala gauzatzeko, bestelako Euskal Herri baten eraikuntzarako; eta egoerari buelta emateko, politikaren lehentasunak eraldatzeko, mobilizazioa ezinbestekoa da.

Martxoaren 14an, denok Bilbo eta Iruñeara!
 

Euskal Herrian, 2015eko martxoaren 11n

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Enplegu Publikoaren Legean PSE-EEren eta beste eragile euskarafoboen presio kanpaina gainditzera deitu dute LABek, ELAk eta Steilasek

Alderdi politiko, sindikatu eta komunikabide euskarafoboak presio antolatua eragiten ari dira administrazioen euskalduntzea ekiditeko; kriminalizazio eta presioen aurrean eragile eta norbanako euskaltzaleak maiatzaren 9an...

LABek 1.500 euroko soldata bermatuko duen Nafarroako Kirol kudeaketako hitzarmenaren aurreakordioa sinatu du

Negoziazio mahaian ordezkaritza duten sindikatuek (LABek, ELAk, CCOOk eta UGTk) aurreakordioa sinatu dute apirilaren 21ean, besteak beste, 1.500 euroko sektoreko gutxieneko soldata ezartzen duena. Negoziazioak...

Ezkaba mobilizatu da 190 etxebizitza babestuen deskalifikazioaren aurka

Txantrea auzoko Ezkabako bizilagunek, LABek lagunduta, salatu dute 2027. urtean Babes Ofizialeko 190 etxebizitza deskalifikatuko dituztela. Honek, adierazi dute, merkatu pribatuan sartzea ekarriko du,...