2024-03-29
HomeLan Osasuna IdazkaritzaPrekarietatea HiltzaileaAHT: hitzarmena ez betetzeak hildakoak eta txirotasuna sortarazten du

AHT: hitzarmena ez betetzeak hildakoak eta txirotasuna sortarazten du

Atzo, 44 urteko langile bat hil zen Bergaran, AHT Abiadura Handiko Trena eraikitzeko lanetan, zulagailu batek harrapatuta. LAB sindikatutik elkartasuna eta babesa helarazi nahi diegu familia, senide eta langile guztiei.

Azken urteotan 7 langile hil dira AHTren lanetan. Lehendabizikoa, 2008an izan zen Lukun. 2010ean bi langile hil ziren, bat Eskoriatzan, leherketak egiteko erabiltzen duten materialak ustekabean eztanda egin ondoren, eta bestea Duranan. 2011n beste bi behargin zendu ziren, Antzuolan eta Tolosan. 2012ko uztailaren 12an beste bat Arrasaten eta azkenik, atzo ezagutu genuena Bergaran. Heriotza hauei guztiei gehitu behar zaie zenbatzeko ezinezkoak suertatzen diren istripu guztiak, izan ere, estaltzen saiatzen dira.

Beti salatu dugun moduan, osasunean eragiten duten ezbehar eta heriotza hauek guztiak beharginek pairatzen dituzten lan-baldintza kaxkarretan dute oinarria. Prekarietatea, azpikontratazioa, aldi baterakotasuna etab. istripu eta gaixotasunen oinarrian kokatu behar dira. Are eta argiago geratzen da hau eraikuntzaren hitzarmen sektoriala eta probintziala betetzeari uko egiten diotelako sistematikoki. Araututakoa ez betetzeak prekarietateari zabaltzen dizkio ateak. Honen ondorio dira AHTren obretan galtzen ari diren bizitzak eta suertatzen diren istripu guztiak.

LABek zera salatzen du: soilik elite ekonomiko eta politikoei interesatzen zaizkien lan faraonikoak inposatzen dizkigutela, helburua haien etekinak mantendu eta handitzea dela, ondorioz langileen pobretzea areagotzen duten bitartean. Are gehiago, azpiegitura horiek ingurugiroa suntsitzea, lurraldea desorekatzea eta langileen bizitzak akabatzea dakarte. Hori dela-eta, lan horiek bertan behera uztea exijitzen dugu.

Garai hauetan gastu publikoa minimoetara murrizten ari dira, eta sistemaren propagandistek egoerak “arduraz jokatzea eta austeritatea” eskatzen duela diote. Baina Abiadura Handiko Trenaren obrekin guztiz kontrako jarrerari eusten diote: behin eta berriro errepikatzen dute aurrera eramango dituztela, kosta ala kosta, aurreikusita baino gehiago bada ere, eta pentsatutako denboran. Hemen inporta den bakarra negozioa da, ez besterik.

Erakunde publikoek, patronal gisara aritzen direnean, errezeta neoliberalak ezartzen dituzte: denbora laburrenean ahalik eta gehiena egin, eta ahalik eta merkeen. Lanak burutzeko epeak mozten dira, horren ondorioz presak eta erritmoak azkartu eta aparteko orduak nagusitzen direlarik. Katean egindako azpikontratazioa eta behin-behinekotasuna arau bilakatzen dira; lan hitzarmen kolektiboak ez dira betetzen, etab… Hau da, gure eskubideen defendatzaile omen direnek lan merkatuaren prekarizazioa areagotzen dute, nahiz eta jakin badakiten prekarietatea nagusitzen denean lan ezbeharrak ugaldu egiten direla. Baina berdin die, izan ere, gure osasuna eta gure bizitza ez zaie batere axola.

Aldaketa mobilizazioan eta borrokan datza. Horretarako, kontzentrazioa burutuko dugu etzi, osteguna, ELA, ESK, STEE-EILAS, EHNE eta HIRU sindikatuekin batera 12:00etan Bergarako Arcelor enpresaren parean dagoen errotondan (bertan gertatu zen istripua), langileen osasunaren kontrako erasoa salatzeko.
 

LAB SAREAN
{module[111]}

      

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

0-3 urtekoen zikloko sindikatuak berriz mobilizatu dira, Hezkuntza Departamentuari eskatzeko behingoz har dezan alor honetako ardura

Nafarroako 0-3 hezkuntza zikloko sindikatu guztiek (LAB, ELA, STEILAS, AFAPNA, UGT eta CCOO) elkarretaratzea egin dute gaur Iruñean, Hezkuntza Departamentuaren egoitza nagusiaren parean, Gobernuak ziklo honi dagokionez erakusten duen jarrera axolagabea salatzeko. Ildo berean, apirilaren 11n manifestazioa eginen dutela iragarri dute, Departamentuaren egoitzatik 17:30ean abiatuko dena.

Grebak Arabako aisialdi hezitzailea eta animazio soziokulturalean apirilaren 2a eta 4an, hitzarmenaren negoziazioan akordiorik ez dagoelako

Agerraldia egin dute gaur Gasteizen sektoreko langileek bi greba egunak iragartzeko. Hitzarmen duinik ez badago, zerbitzurik ez dela egongo adierazi dute.

Iruñeko eremu urdinean jarduera ia geldirik egon da grebaren hiru egunetan

Enpresa Batzordeak (LAB, ELA, UGT eta CCOO) astelehenetik egiten ari den grebaren balorazio positiboa egin du, eta ohartarazi du Dornierrek ez badu aurrerapausorik ematen lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmenaren negoziazioan, mobilizazioekin jarraituko dutela.