2026-07-04
HomeZerbitzu PublikoakZerbitzu SoziokomunitarioaProposamen berri bat helarazi diogu Esku-hartze Sozialeko patronalari, Nafarroako sektoreko lehen hitzarmena...

Proposamen berri bat helarazi diogu Esku-hartze Sozialeko patronalari, Nafarroako sektoreko lehen hitzarmena lortzeko eta lehenbailehen arautzeko

LAB sindikatuak ANEISi, Nafarroako Esku-hartze Sozialeko enpresen patronalari, sektorearentzako hitzarmen-proposamen berri bat helarazi dio, eta osasun-krisiak etendako negoziazioei berriz ekiteko eskatu dio. LABen ustez garaia da patronala langileen mailan egon dadin eta sektorea duintzeko aldarrikapenari gertaerekin erantzun diezaion.

Ezer baino lehen, LABek, Nafarroako Esku-hartzeko Sozialeko sindikatu nagusia den aldetik, publikoki aitortu nahi du sektoreko 2.000 langileak osasun alerta honetan egiten ari diren lan izugarria. Azken hilabete hauetan inoiz ez bezalako egoerak bizi izan ditugu gure bizitzan. Horietako batzuek, Covi-19 krisiaren aurretik ere ezagunak izanik, okerrera egin dute. Nafarroako Esku-hartze Sozialaren sektorea seguru asko bere errealitate gordinena bizitzen ari da hamarkadetan. Egun hauetan gizartearendako egiten dugun nahitaezko lana agerian gelditzen ari da, eta, aldi berean, prekaritatearen eta pribatizazioen hamarkaden ondorioak jasaten ari gara berriz.

Egun hauetan agerian gelditu dira, bertzeak bertze, hainbatetan salatu dugun langile eskasia historikoa, pairatzen duten errekonozimendu falta, azpiegitura egokirik edo babes-baliabiderik eza zentro askotan… Inguruabar horiek dagoeneko beren gaitasunen mugan zeuden hezkuntza talde batzuk itotzen ari dira, baina erabiltzaileekin konpromiso ikaragarri handia dutenez, mugarik gabeko profesionaltasuna erakusten ari dira.

Eta horren guztiaren aitzinean zera galdetzen dugu: noiz arte sostengatuko dira Esku-hartze Sozialeko zerbitzu publikoak langileen prekaritatean? Egitateak nahi ditugu eta behar ditugu, ez promesak. Bide horretan, berriz ere Nafarroako Esku-hartze Sozialeko lehen hitzarmenaren beharra aldarrikatzen dugu. Kontratatzen gaituzten enpresek eta ANEISek —sektoreko enpresen patronalak— erantzukizun eta aukera historiko saihestezina dute gure sektoreak gizartearen eta erakundeen benetako aitortza lor dezan.

Urtebeteko elkarrizketen ondoren, negoziazioa aurreratuta dago. Hala ere, osasun-krisiak bete-betean murgildu gaitu Covid-19ren kudeaketan, eta bilerak bertan behera utzi ditu aldi baterako. Hori konpontzeko, astelehen honetan berean proposamen berri bat helarazi diogu ANEIS patronalari, eta negoziazioari berriz ekitea eskatu dugu bideokonferentzia bidez. Gure eskaerek inoiz baino zilegitasun eta garrantzi handiagoa baitute.

Osasun-krisi honek gaerian utzi ditu sektoreko langileen lana eta konpromisoa. Langileak egoeraren parean daude. Eta modu berean patronalari eskatzen diogu bere langileak egiten ari diren bezala jardun dezala, eta ahalik eta lasterren akordio bat lortzeko planteatu ditugun aldarrikapenei baiezko erantzuna eman diezaiela.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Osakidetzako kolektibo guztiekiko errespetua eta negoziazioan gardentasuna eskatzen dugu zerbitzua indartzeko

Osasun sistema publikoa indartzeko, pribatizatutako zerbitzuak publifikatzeko eta lan baldintzak negoziatzeko exijitzen dugu, eta eredu aldaketa hori lortzeko langileen arteko eta eragileen batasuna ezinbestekoa izango da.

Ikasturte amaierak agerian utzi du lan prekarioen pisu nabarmena

Aurreko urteko ekainean baino 902 langabetu gehiago daude Hego Euskal Herrian; guztira 132.512 dira, eta azken hilabetean 503 langile batuzaizkio zerrenda horri. Honen atzean bi arrazoi nagusi daude; alde batetik, ikasturte bukaera dela, eta bestetik, ezohiko erregularizazio prozesuaren lehen ebazpenak atera direla. Langabeziak gora egiteaz gain, egiturazko arazoak areagotzen jarraitzen dute eta prekarizazioa sistemaren muina bihurtu da.

Lan istripuen aurkako borrokan bide penala jorratuko dugu, enpresariek inpunitatez jokatzeari utz diezaioten

Lehen kasuaren berri eman dugu: AranokoMaderas en General Justa S.L. enpresako lan istripu larriaren harira, LABen salaketa tramitera onartua izan da, eta ikerketapean daude enpresako bi arduradun.