Basquevolt enpresari lan-diskriminazio arrazista, matxista, morofobikoa eta islamofobikoagatik jarritako salaketaren epaiketaren aurrean elkarretaratzea egin dugu gaur Gasteizen.
Basquevolt ez da edozein enpresa. Europako lider bihurtu nahi duen korporazioa da, I+Gn aitzindaria, eta egoera solidoko litiozko bateriak ekoizten ditu. Bateria horiek funtsezko osagaia dira garraio elektrikorako, energia biltegiratzeko eta gailu eramangarri aurreratuetarako. Horregatik, tokiko, estatuko eta Europako erakundeen babes handia du. Eta, horrela, dirulaguntza publiko mamitsuak jasotzen ditu, funtsezkoak direnak bere jarduera ziurtatzeko.
20 nazionalitate baino gehiagoko pertsonek egiten dute lan bertako instalazioetan, hizkuntza, kultura eta erlijio ugari bizi diren giroan. Hala, enpresa kosmopolita irudi lezake, baina egoera oso bestelakoa da. Basquevolten ere badago arrazakeria, morofobia eta islamofobia, eta kasu honek hala baieztatzen du. Enpresa horrek bi langileren tratu-berdintasunerako eta diskriminaziorik ez jasateko oinarrizko eskubidea urratu du.
Apirilean leherketa bat gertatu zen kalitate-kontroleko laborategi bateko gelaxka batean. Bertan zeuden langile kaleratua, gaur epaiketa egiten ari dena, baitata berarekin batera zigortutako lankidea ere. Egun batzuk geroago, Basquevolteko zuzendaritzak barne-prozedura bat aktibatu zuen, aurreiritziz betea eta formaren aldetik ere funtsezko baldintzak betetzen ez zituena, zuzeneko lan-diskriminazioa legitimatzeko. Horrela, bere diziplina-ahalmena arbitrarioki, neurriz kanpo eta justifikaziorik gabe ezarriz, langile horien babesgabetasuna eta estigmatizazioa eragin duten jokabide urratzaileak izan ditu. Ondorio larriak dituzten erabaki batzuk hartu ditu, ustezko gertakari batzuen deskribapenean (zehaztasunik batere ez duenean) oinarrituta: ez da ustezko gertaeren datarik agertzen, ezta behar bezala frogatutako justifikazio objektibo eta arrazoizkorik aurkezten ere. Istripu hori ezkutatzen saiatu dira; izan ere, jazarriak izan diren pertsonek ez zuten inolako zerikusirik izan gertakari horrekin, eta zigor-espedientea aplikatu diete. Eztandaren unean norbait zegoela ukatzera ere iritsi da enpresa, eta hori gezurra da, bi pertsona horiek une horretan han baitzeuden.
Horrela, Basquevoltek, zabarkeriaz jokatu eta leherketa larria gertatu izanagatik duen erantzukizunari iskin egiteaz gain, bere jokabidearen benetako motibazioa ezkutatzeko pantaila gisa erabili du gertakaria. Horretarako, kaleratua izan den langileari halakoak esaten zizkion pertsona baten adierazpenak ontzat eman ditu: “Zu lasai, ez dizu lapurtuko. Ramadam-ean dago eta”.
LABek argi dauka zigor hori ez dela kasualitatea. Biek laborategi horretan egiten zuten lan, eta horietako batek eman dio leherketaren berri enpresari. Era berean, ez da kasualitatea espedienteak zuzenean eta bakarrik haiek seinalatzea. Emakume langileak, migratuak, arabiarrak eta musulmanak dira. Honek izen bat du: lan arrazakeria; kasu honetan, gainera, morofobiaz eta islamofobiaz betea.
Horregatik, LABek elkarretaratzea egin du gaur, urriak 28, Gasteizko epaitegietan, kaleratzeagatiko epaiketaren egunean, kaleratutako pertsona babesteko eta eraso hori salatzeko.

