1936ko Eusko Jaurlaritzaren adierazpenaren eduki soziala nabarmendu du LABek, eta egungo Jaurlaritzari jarrera politiko irmoagoa eskatu dio eskuin muturraren eta faxismoaren gorakadaren aurrean.
Garbiñe Aranburu LAB sindikatuko koordinatzaile orokorrak lehen Eusko Jaurlaritzaren osaketa oroitzeko Gernikan egin den ekitaldi instituzionalean parte hartu du gaur. Altxamendu faxista gertatu eta hiru hilabetera osatu zen gobernu hura, indar politiko gehienen batasunetik Euskal Herriaren erresistentzia antolatzeko asmoz. Era berean, Euskal Herriak bere burua gobernatzeko zeukan premia eta eskariari erantzuten zion lehen Jaurlaritza hark, aurreko urteetan Nafarroako eskuinak erabilitako amarruen ondorioz bere jarduera Araba, Bizkaia eta Gipuzkoara mugatu bazen ere.
Bestalde, aipatzekoa da 1936ko urriaren 7an Jaurlaritzak argitaratutako lehen adierazpenak zeukan eduki soziala. Iragarritako hamazazpi neurrien artean, gerra egoerari erantzuteko formulatutakoez gain, langileriaren egoerari erantzuten ziotenak ziren nagusi: “gizarte-aurrerapen nabarmeneko politika garatuko du”; “langilea kapitalera, etekinetara eta enpresen baterako administraziora iristea sustatuko du”; “langile-klasearen langabezia xurgatuko duen herri-lanen plan bat aztertu eta gauzatuko du”; “salgaien prezioak finkatuko ditu”; “lurren eta baserrien jabetza haiek lantzen dituztenei eskualdatzea erraztuko du”; “egoera ekonomiko ahulean dauden euskal herritarrei erdi-mailako eta goi-mailako irakaskuntzara askatasunez iristea ahalbidetuko du”.
90 urte beranduago, bizi dugun egoerak gogoeta politiko estrategikoa eskatzen du. Herri eta klase bezala aurreratu duguna balioan jartzearekin batera, nazioartean nahiz estatuetan bizi dugun inboluzio politiko eta sozialaren mehatxuari aurre egiteko premia nabarmena da. Espainiako eta Frantziako estatuetan ematen ari den eskuineratze prozesuak, jarrera arrazista eta matxisten gorakadak eta gure nazio izaera erasotu asmo duten indar politikoen gorakadak irakurketa zorrotza eta estrategia politiko sendoa eskatzen ditu.
Lehenik eta behin, LABek egungo Jaurlaritzari jarrera politiko irmoagoa eskatzen dio eskuin muturraren eta faxismoaren gorakadaren aurrean. Ez da nahikoa kezka adieraztearekin; inboluzio prozesuari bidea ixteko konpromiso politikoak beharrezkoak dira. Madrilen gobernu aldaketa baten aukera hauspotzea edota segurtasunik ezaren mamua astintzea, EAJk urte honetan egin duen bezala, bateraezinak dira egoerak eskatzen duen jarrera politikoarekin. Euskal Herriaren nazio izaera, herri burujabetza, feminismoa eta antirrazismoa egunero eta espazio guztietan defendatu beharreko baloreak dira. Euskal Herrian badago horretarako aukera: hemen badago balore horiek partekatzen dituen jendarte antolatua. Egoerak eskatzen duen tokian egon behar dugu denok: sindikatuak, alderdiak eta instituzioak.
Bestetik, oldarraldi errakzionarioa elikatzen duten faktoreetan arreta jarri beharra dago. Hamarkadetan zehar garatutako politika neoliberalek jendartearen zati handi bat pobretu dute, eta instituzioek ez dituzte hartu egoera horri erantzuteko beharrezkoak diren neurriak. Are gehiago, urte luzez Jaurlaritzak eta berau sostengatu duten alderdiek irizpide neoliberalen aldeko mezua eta praktika garatu dituzte, duela 90 urteko Jaurlaritza haren sentsibilitate sozialetik urrun. Langileria baino, patronala izan da bere politika ekonomikoaren gidari eta xede. Premiazkoa da gutxieneko soldata, gutxieneko pentsioa eta etxebizitzarako sarbidea bezalako neurriak kokatzea ekintza instituzionalaren erdigunean. Ildo horretan borrokatzen jarraituko du LAB sindikatuak.
Azkenik, Euskal Herriaren nazio izaera defendatu, euskalduntze prozesua hauspotu eta langileen aldeko politika birbanatzaileak gauzatu ahal izateko, burujabetza maila handiagoaren aldarrikapena berresten du LABek. Euskal Herriko hiru lurralde esparruetako bakoitzean eta hiruren arteko elkarlanean. Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparruaren eraikuntzan ere sindikatu, alderdi eta instituzioen aldetik konpromiso politikoak hartzeko garaia da.

