2024-05-02
HomeLAB SindikatuaLAB"Aldaketa sozialaren eta burujabetzaren aldeko borrokak bat datoz, borroka bera dira"

“Aldaketa sozialaren eta burujabetzaren aldeko borrokak bat datoz, borroka bera dira”


Euskal Herria, Galiza eta Kataluniako LAB, ELA, CIG eta CSC sindikatuok adierazpen sindikal bat aurkeztu dugu, Bilboko Itsas Museoan. Adierazpenaren bitartez, hiru nazioetan eta Espainiako Estatuan bizi den egoera laboral, sozial eta politikoaren harira, Madrilen osatu den gobernu berriaren aurrean hainbat aldarrikapen egin ditugu, agenda soziala indartu eta erabakitzeko eskubidea aitortzearen ildotik. LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranbururen hitzetan, "garrantzitsua da posizio bateratu bat ezartzea Gobernuaren aurrean. Horrekin batera, norberak gure herrian borrokan jarraitu behar dugu eraldaketa soziala, dermokrazia eta burujabetza oinarri dituen prozesuan aurrera egiteko". 

Garbiñe Aranburuk hitza hartu du ekitaldian, Euskaldunako Adierazpenaren izaera azaltzeko: "Espainiako Estatuaren errealitateari buruzko diagnostiko bateratu bat dugu. Garai politiko berri bat irekitzen da, eta horregatik kokatu nahi izan ditugu gure aldarrikapenak PSOE eta Unidas Podemos alderdiek osatutako Gobernu berriaren aurrean".

LABeko idazkari nagusiaren arabera, Espainiako Estatuan bizi den krisia, arlo politiko zein sozialean, jasangaitza den errealitate bat da, eta orain jokoan dagoena da nola konpontzen den krisi hori. "Ultraeskuindarren gorakadak agenda politikoa baldintzatzen du autoritarismoaren aldera, eta eskuineko blokeak inboluzio nazional, sozial eta patriarkalaren aldeko apustua egin du argi eta garbi. Birzentralizazioaren aldeko apustu garbi bat da, eskubide laboral eta sozialen galeraren aldekoa", azaldu du.

Egungo Gobernuaren apustua, dirudienez, erregimena mantentzea da, aldaketa gehiegirik gabe, "azken urteetan izandako murrizketak bere osotasunean bertan behera utzi gabe, autodeterminazio eskubidea aitortu gabe eta gatazka politikoak konpontzeko eskaintza demokratizatzailerik gabe".

Garbiñe Aranbururen esanetan, Estatuaren krisia konponduko ez lukeen "bide autonomista" da apustua, "milaka eta milaka kataluniar, euskal herritar eta galiziarren nahiak asebetetzen ez dituenean".

LABeko idazkari nagusiaren hitzetan, "herri burujabetza defenditzen dugunak gaude. Egungo sistema errotik aldatu nahi dugu, beste eredu sozial bat defendatzen dugu eta proposamen zehatzak ditugu prekarizazioa gelditzeko eta bizitzaren iraunkortasuna erdigunean jarriko duen ereduan aurrera egiteko. Proposamenak ditugu, eta proposamen horiek gauzatzeko botere politikoa behar dugu langileok. Horregatik diogu: aldaketa sozialaren eta burujabetzaren aldeko borrokak bat datoz, borroka bera dira".
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Sindikalismotik askapen nazionala eta soziala sustatzera goaz

Krisi ekosozialak alternatiba baduela berretsi eta enpleguaren, lanaren eta ondasunaren banaketaren alde egiteko garaia da, eta hala azpimarratu dugu gaur Anaitasunan, aldarrikapenerako ez ezik ospakizunerako ere tartea utzi duen Maiatzaren Lehen honetan.

Basogintza intentsiboak 22 urteko langilea hil du Artzentalesen

Joan zen astean Artzentalesen basogintza lanetan larriki zaurituriko M.A.A, 22 urteko langilea, azkenean hil egin da zauri larrien ondorioz.

Akordio historikoa #LortuDugu Ranzari Enplegu Zentro Berezirako, langile gehienek berretsita

Joan den martxoaren 22an, LAB sindikatuak aurreakordioa lortu zuen Santurtziko lantokiko gerentziarekin, eta apirilaren 19an langileen batzarrean berretsi zen. Bada, orain hitzarmena sinatu dute.