2024-05-06
HomeIndustriaMetalgintza "Ez, ez ginen erotu; denborak (eta borrokak) arrazoia eman digu"

[IRITZIA] “Ez, ez ginen erotu; denborak (eta borrokak) arrazoia eman digu”

LABeko Industria Federazioko arduradun Eulate Zilonizaurrekoetxeak eta Iratxe Azkuek Bizkaiko Metalgintzako borrokari buruz idatzi dute.

Erotu ginela esan ziguten, 2018ko ekainean Bizkaiko Metalgintzako Mahaitik altxatu ginenean. Enpresetara gindoazela esan genuen, langileak lantegietan aktibatzeko, mahaiak ez zuelako ezertarako balio konfrontaziorik gabe. Jende gutxik ulertu zuen, eta negoziazioa utzi izana leporatu ziguten.

Hala ere, LABeko militantziak ulertu eta bere gain hartu zuen erabakia. Oinarri lanari ekin genion orduan, lan garrantzitsuenari, ezinbestekoa den lanari. Hamarnaka batzar egin genituen enpresa eta industriaguneetan. Elkarretaratzeak, auto karabanak, eskuorri ugari, eta, nola ez, konfrontazioa: elkarretaratzeak enpresa eta patronalean, okupazioak eta edukien jendarteratzea, LABentzat ezinbestekoa den eginbeharra.

2019ko urtarrilean, publikoki adierazi genuen bidea; “aliantza handi bat behar da eta grebak behar dira”. Ordurako, eztabaida zabalik zegoen, baita lantokietan borrokatzeko beharra hedatuta ere.

Nabarmendu behar dugu sektorean 58.000 emakume eta gizon baino gehiago ari direla lanean, eta horietatik 38.000 baino gehiagok ez zuela enpresa hitzarmen propiorik eta erreferentziazko hitzarmen sektoriala 2003koa zela. Gainera, Lan Harremanetarako Batzordearen datuen arabera, egun 3.000 enpresa daude sektorean, eta horietatik %22ak soilik du ordezkaritza sindikala. Zentzu honetan, argi utzi dugu beti hitzarmen sektorial bat erabateko behar bat dela Bizkaiko Metalgintzako langileentzat. Zorua bat da, oinarri bat, langileen lan baldintzak hitzarmen propioen bidez hobetzeko; baina, bereziki, behar bat enpresa hitzarmenik ez duten guztientzako.

LABetik edukiei eta borroka egutegiari eman genien lehentasuna aliantza erdietsi genuenean, 2019ko maiatzean; gure hasierako plataformaren eduki zati handi bat alboratu genuen, baina inoiz ez genituen atzean utzi aldarrikapen nagusiak.

Hilabete hauek ez dira errazak izan. LABeko militantziak dena eman du. 400 bat delegatu ditugu; piketeetan, berriz, 650 kide izatera iritsi gara. Isunak jaso dituzten kideak ditugu, identifikatuak izan direnak, eta batzuk epaiketaren zain daude. Eta bihotzean ditugu greba egiteagatik lanpostua galdu dutenak. Ez dezatela zalantzarik izan, borrokatu nahi izanez gero, euren lanpostua defendatu nahi izanez gero, LAB eurekin egongo da, prest, ohi bezala.

Sentipenak oso presente ditugu, bidean jasotako bero, babes eta elkartasuna dela eta. Babes horretatik harago, bidean ere beste mugimenduetako kideak topatu ditugu, eta hauek erakutsi dute borroka hau ere eurena dela, gurea bezain beste; Ernai, Harro, Eragin, pensiodunak, mugimendu feminista, ikasleak… Borroka hau ezinezkoa litzateke zuek gabe; ez zaituztegu soilik eskerrak emango, esango dizuegu ere zuen borroka(k) ere gurea(k) badela (badirela). Guztion artean lortu dugu lan arazo bat gatazka sozial bilakatzea; laneko gatazkak sozialak direlako, eta sozialak lanekoak.

Ordezkaritza mailan txikiak diren sindikatuei, ESK sindikatuari batez ere, gure aitortza adierazi nahi diegu. Zuek ere dena eman duzue, maila pertsonal zein kolektiboan. Erotu ginela pentsatu zenuten, baina erokeria honetara batu zineten, zalantzarik izan gabe.

Eta, nola ez, bukaera. Akordioa. Poza eta harrotasuna, lana ondo egin izanagatik. Askorentzat ezustea izan zen, hurrengo grebak prestatzen ari ziren gure kideentzat ere. Asmatu dugu, LABek asmatu du. Urria erdialdean esan genuen hainbat enpresak hitzarmena blokeatuta zutela; enpresa hauek, gainera, ez ziren greba pairatzen ari (%5 baino gutxiagoko jarraipenarekin). Gure estrategiak, borrokan ibilitako beste sindikatuekin batera, enpresa hauek izan zituen jomugan. Une horretan, patronalaren estrategia aldatzen joan zen. Bere planteamenduan aldaketak proposatzen hasi zen, proposamen berriak eta aurrerapausoak ekarri zituen mahaira. Ez zen egun batetik bestera izan, ezta kasualitate hutsagatik ere; estrategian asmatu genuen, eta patronala inguratu genuen.

Lehen aurrerapausoak berdintasun arloan eta lan osasunean izan ziren; beste bilera bat, eta bazirudien subrogazioaren gaia mantentze lan pribatu zein publikoan ari direnentzat posible izan zitekeela; IT osagarrietan emandako atzerapausoak bazterrean uztea ere posible ikusten genuen; balizko akordioetarako keinuak hasi ziren agertzen. Argi eta garbi ikusi genuen; aukerak bazeuden, ate berriak ari ziren irekitzen, aste batzuk lehenago ezinezkoak ziruditen hitzak entzun genituen patronalaren aldetik. Estututa ikusi genuen patronala, eta blokeoaren arduradun ziren enpresa garrantzitsuak oso kezkatuta. Horregatik, Bizkaiko Metalgintzan hitzarmenik gabe dauden 38.000 pertsonen hobe beharrez, LAB sindikatuak aukera honen aurrean erantzun zuen, eta hitzarmena erdietsi genuen, ogi apurrik gabe, hitzarmen handi bat lortuz, eduki duin zein historikoekin: soldata igoera erreferentzialak lortu ditugu hitzarmen sektorial batentzat; subrogazioak azpikontratetako langileen %50 inguru blindatzen ditu, mantentze lanei dagokienez; gainera, lehen aldiz, subrogazioa, behin behinekotasuna eta ABLEak ageri dira Bizkaiko Metalgintzako hitzarmenean; bermedun berdintasun klausula ere badago, neurri nahikoak eta eraginkorrekin, eta, gainera, LABek jarraipena egingo dio honi guztiari; Espainiako lan erreformaren blindatzea dago jasota; ultraaktibitate mugagabea erdietsi dugu; lan osasuneko delegatuen ahalduntzea lortu da…

Borrokatu duten guztiei esan behar diegu gu izan garela tresna, baina lorpena eurena izan dela. Une historiko hau eurentzat da; eta lorpenak haien borroka, izerdi eta goiz jaikitzearen ondorioz etorri dira. Gora Bizkaiko Metalgintzako langileria!

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Endanea Gardenen greban gaude, ez baitugu mehatxurik onartuko

Hondarribiako Endanea Garden enpresako langileak greban daude gaurtik (maiatzak 3) igandera arte. Hilabete daramate mobilizazioak aurrera eramaten eta enpresak, horiei kasu egin eta dagokion erantzukizuna bere gain hartu ordez, jazarpena darabil langile hauen kontra.

60 erakunde sozial eta sindikal baino gehiagok bat egin dute maiatzaren 11ko mobilizazioekin

Maiatzaren 11n manifestazioak egingo dira Bilbon eta Iruñean bidezko trantsizio ekosoziala aldarrikatzeko, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialista erakunde ekologistak deituta. Manifestazioak 12:00etan abiatuko dira Gaztelu plazatik Iruñearen kasuan eta 17:00etan Jesusen Bihotza plazatik Bilbon. Gainera, mobilizazioen aurretik, borrokak partekatzeko topaguneak antolatu ditugu, gizarte-kolektiboen azokekin eta zuzeneko irratsaioekin, kolektiboei egindako elkarrizketekin eta mahai-inguruekin. Iruñean 10:00etan izango da Gaztelu plazan eta Bilbon 12:00etatik aurrera Areatzan.

Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen plataformak fase berri bat ireki du Iruñean

Gaur maiatzak 2, LABek Iruñean duen egoitzan Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen bilera egin da, bertan LAB-ez gain Kortsikako STC, Aostako SAVT, Kanakiako USTKE, Bretainiako SLB, Sardiniako CSS, Intersindical Catalana eta Galiziako CUTek parte hartu dutelarik. Telematikoki Intersindical Canariak, Guadalupeko UGTG eta Martinikako UGTM ere bileran egon dira.