2026-08-11
HomeEkintza SindikalaOsasunbideak ez ditu hizkuntzak baloratzen langile fakultatiboen deialdietan

Osasunbideak ez ditu hizkuntzak baloratzen langile fakultatiboen deialdietan

Hizkuntzen balorazioa ezartzen duen araudi berriaren aplikazioari zor zaio. Azken hau euskararen dekretu gisa ezagutzen da. 2025ean horren inkoherentzia eta bidegabekeriak salatu genituen, eta orain, berriz egin beharrean gaude.

Duela gutxi jakin dugu LABen fakultatiboen hainbat deialditan ez direla meritu gisa baloratzen hizkuntzak, ez euskara ezta komunitarioak ere. Kezkaz ikusten ditugu aplikatzen ari diren irizpideen artean dauden ezberdintasun larriak. Antzeko ezaugarriak dituzten plazak dituen prozesu berean ere, batzuetan hizkuntzak baloratzen dira eta beste batzuetan ez. Eskubide urraketa honen aurrean, LAB Osasunbidearekin harremanetan jarri da azalpen bat eskatzeko. Adierazi digutenez, ezinezkoa da lanpostu guztien hizkuntza-balorazioa egitea, hori eragozten duen araudi bat dagoelako indarrean.

Erantzun horren aurrean, LABetik ohartarazi nahi dugu hori berriro gerta daitekeela, bai dagoeneko deituta dauden prozesu ezberdinetan, bai aurretik hizkuntzak merezimendu gisa baloratzeak egokitasunik ba ote duen aztertu ez den prozesuetan ere. Era berean, gogorarazten dugu deialdi horien aurrean alegazioak aurkezteko epea irekita dagoela.

Inkoherentea eta errealitatetik urrundua

97/2024 Foru Dekretuak bere artikuluetan ezartzen du Europar Batasuneko lan hizkuntzen balorazioa (frantsesa, ingelesa eta alemana), merezimendu gisa, lanpostuaren beraren edukiarekin zerikusia dutenean baino ez dela eginen. Aldi berean, euskara jakitea plazak kokatuta dauden zonaldearen arabera baloratuko dela ere jasotzen du. Hau da, deialdietan Eremu Mistoko plazak sartuko dira, eta, horietako bakoitzean herritarrei ematen zaien arreta edo tratuaren arabera baloratuko da euskara jakitea.

LABetik gogorarazi nahi dugu Administrazioak euskararen dekretuaren proposamena Mahai Orokorrera eraman zuenean testuak erakusten zuen inkoherentzia eta errealitate soziolinguistikoarekin bat ez etortzea salatu genituela. Euskara 459 lanpostutan bakarrik baloratzea planteatzen zuen, eta 1.459tan Europar Batasuneko hizkuntzak. Halaber, egungo Gobernuak aurreko araudiari (UPNk onartua) irizpide aldaketak egin ondoren, dekretu berriak ezartzen zuen ordutik aurrera Osasunbideko 1.000 lanpostu gutxiagotan baloratuko zela euskara. Gainera, zorroztasunik gabe egin zen dena, unean uneko buruzagitza zutenen esku utziz, eta erabaki guztiz kontrajarriak sortuz, baita departamentu beraren baitan ere.

Ondoren, departamentu bakoitzak bere Hizkuntza Plana garatu zuen, eta ezarri zuen zein lanpostu zehatzetarako eskatu edo baloratuko zen hizkuntza bat edo bestea jakitea. Osasunbideak orduan ere ez zituen konpondu Mahai Orokorrean jakinarazi genizkion hutsuneak.

Bada, orain ari gara araudi berriaren ondorioak jasaten. Hori dela eta, LABetik salatu nahi dugu, berriz ere, herritarren eta profesionalen eskubideak urratzen ari direla, albo batera utzi baita hizkuntzen merezimenduaren balorazioa, nahiz eta lanpostu horiek lotura zuzena duten Osasunbideko paziente eta erabiltzaileekin. Balorazioa deialdiaren aurretik egin behar zen, horrela hizkuntza-eskubideak bermatzeko. LABetik begi-bistako hutsune hauek zuzentzea eta herritarren eskubideak bermatzeko behar den balorazioa egitea eskatzen dugu, bai eta lanpostu guztietan behar den arreta ematea eta profesionalen arteko balizko bidegabekeriak ezabatzea.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Kaleratutako 13 lankideak berronartzea eskatu dute Konecta BTOko langileek

Lanuztea egin dute eta El Correo-ren Bilboko egoitzaren aurrean mobilizatu dira. Vocento da, Iberdrolarekin batera, Konecta BTOko bezero nagusia. Gaurkoa izan da langileek egin...

Konecta BTO telemarketin enpresako langileek lanuzteak egingo dituzte abuztuaren 11n eta 17an ezkutuko EEEaren kontra

Enpresaren bezero nagusi diren Vocentori eta Iberdrolari erantzukizuna exijituko diete. Gueñesen kokatuta dagoen Konekta BTO telemarketin enpresako langileek salatzen dute enpresa ezkutuko Enplegu Erregulazio Espediente...

Lan baldintzek hil egiten dute

Gaur jakin dugu, atzo, Azkoitian gertatutako lan istripu traumatiko batean, 44 urteko J.A.A.T. basogintzako langilea hil zela, lanean ari zela enbor bat gainera erori...