2026-11-13
HomeEkintza SindikalaLan baldintzek hil egiten dute

Lan baldintzek hil egiten dute

Gaur jakin dugu, atzo, Azkoitian gertatutako lan istripu traumatiko batean, 44 urteko J.A.A.T. basogintzako langilea hil zela, lanean ari zela enbor bat gainera erori ostean. Azken honekin, gutxienez 39 langile hil dira aurten Euskal Herrian lan istripuz.

LABetik elkartasuna eta babesa helarazi nahi dizkiegu Azkoitian lan istripuan hildako basogintzako langilearen senide, lagun eta lankideei. Era berean, elkartasun hori basogintzako sektoreko langile guztiei zabaldu nahi diegu, baita garraioaren sektoreko langileei ere. Izan ere, azken asteotan bi garraiolari ere hil dira lanean, eta horrek agerian uzten du laneko heriotzek ez dutela etenik. Gure elkartasuna, halaber, Euskal Herriko langile klase osoari helarazi nahi diogu.

Duela egun gutxi bi garraiolari hil ziren lanean, bata Idiazabalen uztailaren 23an eta bestea Oiartzunen uztailaren 30ean. Horien heriotzekin, aurten gutxienez 6 garraiolari hil dira lanean Euskal Herrian. Sektore ezberdinak izan arren, errealitatea berdina da. Lan baldintza txarrek hil egiten dute.

Zoritxarrez, ez dira gertakari isolatuak. Urtez urte, basogintzan, garraioan eta arrisku handiko beste sektore batzuetan antzeko lan istripu hilgarriak errepikatzen dira. Lan baldintza gogorrak, ekoizpen-presioa, prebentzio-neurri eskasak eta administrazioen kontrol falta behin eta berriz agertzen dira laneko heriotzen atzean.

Bere egunean LABek agerraldia egin zuen Gipuzkoako Batzar Nagusietan basogintzan gertatzen den egoera hori salatzeko eta ustiaketan, prebentzioan, ikuskaritzan eta kontrol publikoan benetako aldaketak eskatzeko. Tamalez, gaur ezagutu dugun heriotzak berriro erakusten du salatutako arazoek bere horretan jarraitzen dutela eta urtez urte faktore berberak errepikatzen direla.

LABen ustez, Gipuzkoako Lan Ikuskaritzak ikuskari kopurua eta kontrolak areagotu behar ditu; Osalanek prebentzioaren arloko jarduera indartu behar du; eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, bere eskumenen baitan, basogintza ustiaketa arloan, ezin du beste alde batera begiratzen jarraitu. Erakunde guztiek dute erantzukizuna lan baldintzak hobetzeko eta laneko heriotzak prebenitzeko.

LABek basogintzan, garraioan eta arrisku handiko gainerako sektoreetan prebentzioa, kontrol publikoa eta lan baldintzak benetan hobetzea eskatzen du. Ez dugu onartuko urtez urte arrazoi berdinengatik langileek hiltzen jarraitzea.

Langileen osasuna eta bizitza edozein interes ekonomikoren gainetik jarri behar dira beti.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Leioako Foru Egoitzako langileak grebara doaz lankide falta eta baldintzen okertzea salatzeko

Azaroaren 16an deitu dute greba; izan ere, zuzendaritzak planteatutako langile-kopurua ez da nahikoa, lan-baldintzak okertu egin dira eta zuzendaritzak ez du zentroaren benetako beharrei erantzungo dien lanpostu-zerrenda negoziatu nahi.

Mobilizazioaren indarrak mugitzera behartu du Osakidetza, baina proposamenak oraindik ez dira nahikoa

LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok balioetsi dugu urriaren 30eko greban profesionalek emandako erantzun irmoak Mahai Sektorialean posizioak mugitzen hastera behartu duela Osakidetzako...

Nafarroako Industria Foru Lege berriak inbertitzaile pribatuak lehenesten dituela kritikatzen dugu, baina ontzat jotzen ditugu jabetza publikoa, deslokalizazioa eta lanaldiarekiko aurrerapenak

Parlamentuak atzo onartutako Industria Foru Lege berriak inbertsio pribatua erraztera bideratuta dago, pizgarri, sinplifikazio administratibo eta kanpoko inbertitzaileak erakartzera bideratutako bestelako neurrien bidez. Hala...