2026-10-30
HomeEkintza SozialaBabestutako Etxebizitzak esleitzeko kupo berriekin, Denis Itxasok sozialki injustua den eredua ezarri...

Babestutako Etxebizitzak esleitzeko kupo berriekin, Denis Itxasok sozialki injustua den eredua ezarri nahi du

Etxebideren araudia aldatzeko prozesuan da Itsasoren gidaritzapeko saila, eta sustapen bakoitzeko etxeen %30 gorde nahi du 20.000 eta 46.000 euro arteko diru-sarrerak dituzten eskatzaileentzat. Etxebiden izena emanda duten 110.000 herritarren %70 diskriminatuko du araudi berriak.

Araubide berria kontsulta fasean dago, eta LAB sindikatutik hainbat alegazio aurkeztu ditugu haren aurka, langile sektore zabalak kaltetuko dituelako, etxebizitzaren negozioak bere horretan jarraitzen duen bitartean. Gero eta langile gehiagok etxebizitza ordaindu ezin duten honetan, lehentasuna izan behar du merkatuan esku hartuz prezioak arautu eta jaistea, baina Eusko Jaurlaritzak nahiago du egoera honetara ekarri gaituzten politikekin jarraitu.

Hori horrela, EAJk eta PSEk etxebizitza neurriekin edota erosketarako abalekin egin bezala, Etxebideren moldaketa berria ere ez doa bizi dugun etxebizitza larrialdiari aterabidea emateko norabidean. Are gehiago, zuzenean kaltetzen ditu etxebizitza sarbiderako zailtasun handienak dituzten herritarrak.

LABentzat erabaki horien atzean bai PSEren eta baita EAJren klasismoa eta elektoralismoa nabari da. Merkatu pribatuan etxebizitza sarbidea ezinezko bilakatzen ari den honetan, baliabide publikoak “klase ertain” izendatu duten herritarrei begira jartzen ari dira, alegia, haien bozkatzaile potentzialei begira. Horretarako, justiziazkoa den aberastasunaren birbanaketa eta, kasu honetan, sarbidea zailagoa duten langile sektoreak —gehienetan migratutako langileak, familia monomarentalak edota enplegu prekarizatuak dituzten emakumeak*— bazterrean uzteko prest daude.

Araudi aldaketak aurrera eginez gero, beharrizan handiena duten eskatzaileen %70 kaltetua izango da zuzen-zuzenean. LABen ustez neurria erabat injustua da: ikasturte honetan onartutako neurrien artean, eraikuntza sustapen berrietan %65era jaitsi da legez Babes Ofizialeko Etxebizitzen kopurua. Gero eta gutxiago izango dira, eta, gainera, baliabide gehien dituzten herritarrentzat gorde nahi dituzte.

Moldaketak irmoki salatzen ditugu LABetik, eta alegazioen bidez neurriok bertan behera uztea eskatzen diogu Itsasok zuzendutako sailari.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Nafarroako administrazioko langile guztiek 60 urterekin erretiroa hartu ahal izatea eskatu dugu

Gaur goizean LAB sindikatuak elkarretaratzea egin du Nafarroako Jauregiaren aurrean, urtarriletik aurrera langileok enegarren eskubide-igalera pairatuko dugula salatzeko: erretiro adin arrunta 67 urtera atzeratzea....

Gipuzkoako esku-hartze sozialean negoziazioari bide eman behar zaiola aldarrikatzeko atera gara kalera

Gipuzkoako Esku Hartze Sozialeko langileek beren aldarrikapenak barnebilduko dituen hitzarmena aldarrikatzeko manifestazioa egin dute Donostian. 10 hilabete pasa dira negoziatzen hasi zirenetik, eta Hedatzen patronalak negoziazioa blokeaturik dauka.

Bizkaiko metalgintzako mahaian FVEMek atea itxi dio plataforma bateratuari, eta eskubide murrizketei eusten die

Patronalak sindikatuek planteatutako hobekuntza guztiak baztertu ditu, eta otsaileko proposamenean jasotako atzerapausoek bere horretan segitzen dute. LABen ustez, plataforma bateratua aurkezteko eskakizuna negoziazioa blokeatzen jarraitzeko aitzakia izan da.