Hainbat eskaera egin behar izan dizkiogu Udalari, bi helegite Nafarroako Administrazio Auzitegiari eta bi kexa Arartekoari. Guztia, Toqueroren lantaldeak eskatutako informazioa eman ziezagun. Nahiz eta Legeak horretara behartzen duen.
Azkenik, frogatu ahal izan dugu Tuterako Udalak ezin diela goi-mailako funtziorik esleitu bere plantillako langileei, eta horren ordez langileak ordezkatzeko lege-prozeduretara jo behar duela. Frogatuta gelditu da ere bere langileei behar baino gutxiago ordaintzen ari zaiela. Eta azkenik, baita askatasun sindikalerako eskubidea etengabe urratzen duela ere. Urte eta erdi kostatu da, baina lortu dugu.
2024ko otsailean LABek salatu zuen Tuterako Udalak prozedura desegoki bat aplikatu zuela baja luzeak edo oporraldiak betetzeko: langile batzuei, beren funtzio propioez gain, maila altuagoko lanpostuetako eginkizunak esleitu zizkien, eta horren truke zuzenbidearen araberakoa ez den soldata-osagarri bat ordaintzea erabaki zuen.
Orduan Nafarroako Administrazio Auzitegira jo genuen eta horrek arrazoia eman zigun: edozein lanpostu betetzeko, Udalak aldi baterako kontrataziora edo behin-behineko izendapenetara jo beharko zukeen. Eta are gehiago, konpentsazioak egindako lanpostuaren soldatara iritsi beharko zukeen.
Nafarroako Administrazio Auzitegiaren ebazpena gauzatuz, Udalak 2025eko martxoan ekin zion “udal langile bakoitzari dagokion konpentsazioaren kalkulu berria eta aplikazioa” izeneko azterketari. Berririk ez zegoenez, maiatzaren amaieran LABek Udalari eskatu zion azterketaren eta egindako ekintzen berri emateko. Urrian erantzun ziguten kaltetutako pertsonei goiko mailako lanpostuaren soldataren %60raino konpentsatuko zietela, baina ez zuten inolako txosten edo azterketarik aurkeztu hori azaltzeko. Beraz, azaroan berriro eskatu genuen.
Tuterako Udalak behin eta berriz urratzen du lan arloko eskaerei erantzun eta informazioa emateko duen betebeharra, eta horrela, LABen askatasun sindikalerako eskubidea urratzen du. Hala, abenduan kexa bat aurkeztu genuen Arartekoaren aurrean. Horrek argi eta garbi ondorioztatu zuen Udalak ez diela gure eskaerei erantzuten, eta hori egiteko legezko betebeharra duela gogorarazi zion; konpentsazioen azterketa LABi ahalik eta azkarren bidaltzeko konpromisoa hartu zuen Udalak orduan, baina bi hilabeteren ondoren ezer jaso ez genuenez, beste kexa bat aurkeztu genuen, bigarrena jada, Arartekoaren aurrean.
Apirilaren erdialdean jaso genuen Udalaren erantzuna, eta egiaztatu genuen ez zela betetzen ari Nafarroako Administrazio Auzitegiaren ebazpena: ez zigun helarazi ez ordainsarien kalkuluari buruzko txostenik, ez goi-mailako lanpostuei dagozkien funtzioak egiteagatik ordaindu izanaren ebazpenik ere. Hori dela eta, berriro jo genuen Administrazio Auzitegira. Eta oraingoan bai, eskatu eta urte eta erdira igorri digu informazioa Udalak. Guztiz osatu gabeko txostena da, baina argi erakusten du konpentsazioa ez dela iristen Nafarroako Administrazio Auzitegiak ezartzen duenera.
Tuterako Udalaren jokabidea onartezina da, baina, hala ere, jartzen dizkiguten traba eta oztopo guztiak gaindituz, LABek ez du etsiko langile publiko guztien eskubideak defendatu eta errespetarazteko ahaleginean.

