2026-10-29
HomeEkintza SindikalaJaurlaritzak zerbitzu eta langile publikoen arazoen aurrean inprobisazioa darabil, eta epe luzeko...

Jaurlaritzak zerbitzu eta langile publikoen arazoen aurrean inprobisazioa darabil, eta epe luzeko erronkak Madrilen esku uzten ditu

Gaur ere Lakuan egin den Funtzio Publikoaren Mahai Orokorraren bileratik haserre atera da LAB. Izan ere, bere ustez foro horretan jaurlaritzaren ardurapean biltzen diren sektoreen eta langileen baldintzak zehaztu beharko ziren, eta ardura eta erantzukizun falta antzeman du beste behin ere.

Agertzen diren arazo handiei inprobisazioz erantzuten zaie, unean une eta kolektiboz kolektibo. Zerbitzu eta langile publikoen gaiak estrategikoki aztertu eta luzera begirako konponbideak Euskal Herrian bilatu ordez, Madrilek inposatzen dituen neurriak ezartzearekin konformatzen da.

Horrela, gaurko bileran eztabaidatutako gaietan argi ikusi da noraino iristen den autogobernuaren defentsa: erretiro-txanda kontratua dela eta, Madrilek agindutako irizpideak zainduko ditu jaurlaritzak, eta langile askori ukatzen jarraituko du, funtzionarioak, estatutarioak eta behin-behinekoak; birjartze-tasekin ere, Madrilek zer erabaki zain; baita Europak derrigortzen duen behin-behinekotasun tasa %8ra jaisteko irizpideak ere, estatu espainiarrari begira; langile publikoen eros-ahalmena ere Madrilek erabakitzea nahiago du administrazioak. Hau guztia Euskal Herriko errealitatetik urrun, borondate nahikorik ez dagoelako.

Inprobisazioa eta langileen zatiketarako borondatea aldiz, agerian utzi ditu Jaurlaritzak: lanaldia murrizteko eskaeren aurrean (LABek 30 orduko lanastea aldarrikatzen jarraitu du), gaia sektoreka lantzea lehenesten du. Bai eta plantillak gaztetzeko neurriak ere, Jaurlaritzak lehenago sektoreka negoziatu nahi du, eta ondoren akordioak orokortu. Zentzu honetan gogorarazi behar dugu, LABek gazteberritze neurriak mobilizazioen bidez lortu dituela, hezkuntza publikoan grebak eta Jaurlaritzako Alorreko mahaian lanuzteak eginda, eta gainerako sektoreetan oraingoz ez duela negoziazio mahaietara proposamenik eraman. LABen iritziz lehenago eremu osorako orube bat adostu behar da soldata eta enpleguari dagozkion gai guztietan, izan ere honek sektoreetan egokitzen lagunduko luke, eta ez alderantziz. Langile klasearen zatitze estrategia hori aste honetan Osakidetzan ere argi ikusi da, non kolektibo minoritario batekin adostuta, lan baldintzak eta sektore oso baten izaera baldintzatuta geldi daitezke.

LABek argi du, zerbitzu publikoen eta bere langileen lan baldintzak defendatzeko Administrazioaren eta hau kudeatzen duten alderdien borondateak aldatu egin behar dira. Eta aldaketa hau ez da bilera antzuetan lortzen, greba eta mobilizazioen bitartez baizik

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Nafarroako administrazioko langile guztiek 60 urterekin erretiroa hartu ahal izatea eskatu dugu

Gaur goizean LAB sindikatuak elkarretaratzea egin du Nafarroako Jauregiaren aurrean, urtarriletik aurrera langileok enegarren eskubide-igalera pairatuko dugula salatzeko: erretiro adin arrunta 67 urtera atzeratzea....

Gipuzkoako esku-hartze sozialean negoziazioari bide eman behar zaiola aldarrikatzeko atera gara kalera

Gipuzkoako Esku Hartze Sozialeko langileek beren aldarrikapenak barnebilduko dituen hitzarmena aldarrikatzeko manifestazioa egin dute Donostian. 10 hilabete pasa dira negoziatzen hasi zirenetik, eta Hedatzen patronalak negoziazioa blokeaturik dauka.

Bizkaiko metalgintzako mahaian FVEMek atea itxi dio plataforma bateratuari, eta eskubide murrizketei eusten die

Patronalak sindikatuek planteatutako hobekuntza guztiak baztertu ditu, eta otsaileko proposamenean jasotako atzerapausoek bere horretan segitzen dute. LABen ustez, plataforma bateratua aurkezteko eskakizuna negoziazioa blokeatzen jarraitzeko aitzakia izan da.