2026-04-14
HomeEkintza SindikalaEz dugu Enplegu Planean parte hartuko, Nafarroako Gobernuaren erantzunak baieztatzen baitu plan...

Ez dugu Enplegu Planean parte hartuko, Nafarroako Gobernuaren erantzunak baieztatzen baitu plan horrek ez duela langileen lan eta bizi baldintzak duinduko

LABen eta Garapen Ekonomikoko kontseilari Manu Aierdiren artean zenbait mezu trukatu ostean, sindikatuak baieztatu ahal izan ditu Nafarroako Enplegu Planaren eduki eta formen gainean zituen zalantzak. Gobernuaren erantzuna ikusita, LABek ulertzen du plan horrek ez duela Nafarroako langileen bizi eta lan baldintzak duinduko eta, beraz, plan horretatik at uzten du.

Nafarroako Gobernuak bere enplegu politikak Elkarrizketa Sozialerako Kontseiluan ezartzea Enplegu Plana CEN, UGT eta CCOO eragileen esku uztea da. Akats politiko larria. Horrela adierazi genien Maria Txibite lehendakariari eta Garapen Ekonomikorako kontseilaria den Manu Aierdiri aurrekoan bidali genien gutunean. Hala ere, gehiengo sindikalaren babesik ez duen -UGTk eta CCOOek Nafarroan ordezkaritza sindikalaren %50 baino gutxiago dute- eta guztion diruarekin era baztertzailean sortutako markoan tematzen dira.

Nafarroako Gobernuak formula baztertzaile honetan tematzea ez dugu ulertzen. Afera honi irtenbide bat emateko aukera ezberdinak daude baina argi geratu den moduan gobernuak, CEN, UGT eta CCOOek ez dute horretarako borondate politikorik. Zergatik landa eremuko enpleguaren inguruan hitz egiteko mahai espezifiko bat sortu daiteke eragile guztien parte hartzearekin eta formula bera ezin da erabili enplegu planerako? Erantzuna argia da, astelehenean salatu genuen moduan beraien gonbidapena ez delako zintzoa izan, ez da sinesgarria izan. Gonbidapenarekin gure ezezkoa bilatu dute iritzi publikoari begira guk gure buruak kanpoan kokatu ditugula esateko.

Edukiei dagokienez, Nafarroako Gobernuak aitortzen du lan eremuan legeak onartzeko eskuduntza estatuari (Madrilgo Diputatuen Kongresuari) dagokiola, ondorioz, eta Madrilgo Gobernuari aldiz dekretuen bitartez lege hauek garatzea. Horregatik, gobernuari galdetu genion 1.200 euroko gutxieneko soldata, 35 orduko lanaldia bultzatzeko eta soldata arrakalarekin eta kontratazioan ematen den diskriminazioarekin amaitzeko neurriak bultzatzeko prestutasuna zuen edo ez.

Kasu honetan gobernuaren erantzunak Nafarroako langileon lan baldintzak hobetzeko eta egungo marko legala gainditzeko ez ditu neurriak edo soluzioak jasotzen. Patronalari interpelatzeko aukera ukatzen du, eta bakarrik akordioak errazten eta pizgarri ekonomiko eta fiskalak bultzatzen kokatzen du bere burua Nafarroako Gobernuak.

Honekin guztiarekin argi dago Nafarroako Gobernuaren, CEN patronalaren eta UGT eta CCOO-en artean adostuko duten Enplegu Planak ez dituela Nafarroako langileon bizi eta lan baldintzak duinduko eta, ondorioz, Gobernuak Enplegu Planetik kanpo uzten duela LAB.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek salatu du FVEMek negoziazioa luzatzen duela, Bizkaiko metalgintzako langileen beharrak kontuan hartu gabe

Gaur Bizkaiko metalgintzako hitzarmenaren negoziazio-mahaiaren bosgarren bilera egin da, eta LABek berriro egiaztatu du FVEM patronalaren jarrera: erantzun argirik gabe eta sektorearen benetako beharrei...

Zubietako erraustegiko langileek apirilera luzatu dute greba

Apirilaren 14an, asteartean, izango da Zubietako erraustegiko langileek egingo duten hilabete honetako lehenengo greba eguna, Aldundiaren parean 10:30ean hasiko duten elkarretaratzearekin batera, Donostiako Gipuzkoa...

LAB sindikatuak ez du Arabako adinekoen egoitza pribatuen eta etxebizitza komunitarioen lehen hitzarmen kolektiboa sinatuko

Joan den abenduan iragarri zuen bezala, eta behin betiko testuan aldaketarik egin ez direla ziurtatu ostean, LAB sindikatuak ez du Arabako adinekoen egoitza pribatuen...