2026-09-02
HomeEkintza SindikalaLangileek dagoeneko erakutsi dute beren konpromisoa; etorkizuneko inbertitzaileen eta erakundeen txanda da...

Langileek dagoeneko erakutsi dute beren konpromisoa; etorkizuneko inbertitzaileen eta erakundeen txanda da orain

Gaur egin da Tubos Reunidos enpresaren hartzekodunen konkurtsoa deklaratu zenetik Administrazio Konkurtsalarekin izandako lehen jarraipen-bilera.

Bilerako berritasun nagusia izan da industria jarduera duten hamar enpresak agertu dutela interesa konpainiaren erosketa-prozesuan parte hartzeko. Konkurtso Administrazioak, halaber, jakinarazi du jarduerak aurrera jarraitzen duela, enpresan sartzen diren eskaerak doituta mantentzen direla eta helburua salmenta-prozesura ahalik eta baldintzarik onenetan iristea dela.

LABek argi dauka: etorkizuneko edozein proiektuk enplegua mantentzea, industria-jarduera osoaren jarraipena, Tubos Reunidosen izaera estrategikoa eta lan-baldintza duinak bermatu beharko ditu. Ez du onartuko berriro ere murrizketak, itxiera partzialak, kanporatzeak edo industria-gaitasunaren galera planteatzen dituen proiekturik.

Bileran, Konkurtso Administrazioak berak espresuki aitortu du langileak enpresaren jarduerari eusteko egiten ari diren ahalegina, egoera oso egoera zaila izaten ari den honetan. Aitortza bidezkoa da, langileek hilabeteak baitaramatzate Tubos Reunidosen etorkizunarekiko erabateko konpromisoa erakusten. Lehenik, EEE bat, altzairutegiaren itxiera eta logistikaren kanporatzea eragozteko borrokatuz; eta orain, konkurtso-prozesu betean ekoizpenari eutsiz, industria-proiektuari aukera bat emateko. Hain zuzen ere, konpromiso horregatik, orain beste batzuei dagokie erantzutea.

LABek berriro ere erakundeei egiten die dei. Inbertitzaile berrien etorrera baliabide publikoekin laguntzeko aukera aztertzen badute, sindikatuaren jarrera argia da: ezin dira berriro txeke zuriak banatu.

Erakundeek beharrezkotzat jotzen badute enpresaren etorkizunean parte hartzea finantzaketa edo laguntza publikoaren bidez, diru hori jasotzeak enplegua, industria-jarduera osoa, lan-baldintzak eta Aiaraldearentzako zein Ezkerraldearentzako benetako etorkizun-proiektu bat bermatzeko baldintza izan beharko du. Diru publikoaren euro bakoitzak interes kolektiboa babesteko balio behar du, eta ez iraganeko akatsak errepikatzeko.

Era berean, LABek berresten du edozein proiektu berrik enpresaren kudeaketan ere etapa berri bat ekarri behar duela. Tubos Reunidos gaur egungo egoerara eraman duten erabakiak hartu dituztenek ezin dute etorkizunean ere enpresaren gidaritza mantendu.

LABek etengabeko jarraipena egingo dio konkurtso-prozesuari, eta lehen egunetik egin duen bezala, helburu bakarra defendatzen jarraituko du: krisi honi irtenbidea emateko behar dena industria gehiago, enplegu gehiago eta Aiaraldearentzako zein Ezkerraldearentzako etorkizun gehiago izatea da.

Izan ere, gatazka honek zerbait erakutsi badu, langileek dagoeneko beren partea bete dutela da. Orain etorkizuneko inbertitzaileen eta erakundeen txanda da.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

LABek Nafarroako zahar egoitzetako lehen hitzarmena sinatu du #LortuDugu

Borrokaldi luze baten ostean, joan den martxoaren 17an Hego Euskal Herri osoan egin zen greba orokorraren alderdietako asko gauzatu dira hitzarmenean, besteak beste, 1.500...

Irunen izandako sexu erasoaren aurrean, sexu langileen eskubideak aldarrikatu ditu LABek

Era honetako egoerei aurre egiteko beharra duten langileei bere baliabideak eskaini dizkiegu LABen, erakundeei indarkeria matxistari aurre egiteko neurri eraginkorrak eskatzearekin batera. Sexu lana indarkeriarekin parekatzeak sexu langileei ahotsa eta agentzia kentzea eragin dezakeela ohartarazten dugu.

Navarrabiomed kalera atera da Nafarroako Gobernuaren aurrean, herritarrei informazioa ematen jarraitzeko eta hitzarmen duin bat eskatzeko

Navarrabiomed–Miguel Servet Fundazioko Langileen Batzordeak, LABeko bederatzi ordezkarik osatua, elkarretaratzea egin du Nafarroako Gobernuaren egoitza den Nafarroako Jauregiaren aurrean. Ekimenak helburu bikoitza izan du: herritarrei argi erakustea Navarrabiomeden egiten duten lanaren garrantzia eta langile guztientzako lan-baldintza duinak aldarrikatzea. Horrela, ikerketa biomediko publikoaren errealitatea hurbildu nahi izan zaio gizarteari.