2026-10-17
HomeEkintza SindikalaEstatalizazioaren aurka egiteko elikagaien merkataritzako greba eguna jarraipen zabala izaten ari da

Estatalizazioaren aurka egiteko elikagaien merkataritzako greba eguna jarraipen zabala izaten ari da

Gaur greban daude EAEko elikadurako merkataritzako langileak, LABek eta ELAk egindako deialdiari erantzunez. Gaur, Madrilen, Elikagaien Merkataritzarako Espainiako Estatuko Esparru Akordioa negoziatzeko mahaia bilduta dago, laugarren aldiz.

Mahaia sortu zuten unetik bertatik adierazi izan du LABek bere kontrakotasuna, eta lan eskubideak estatalizatzeko saiakera salatu izan dugu. Madrilen bertan eskatu du sindikatuak Hego Euskal Herriaren esklusioa, akordio marko horretatik kanpo uztea, elikadura merkataritzako herrialdeko hitzarmenen lehentasun osoa bermatu dadin.

ASEDAS patronalaren eta bidelagun dituen CCOO, UGT eta Fetico sindikatuen ezezkoen aurrean, grebara jotzeko erabakia hartu genuen LAB eta ELA sindikatuok.

Gaur, elikagaien merkataritzako langileek mezu argia bidali dute: ez dira pasako. Beraien eskubideen alde borrokatzeko prest daude, eta beraien hitzarmenak defendatzeko prest.

Grebak jarraipen zabala izan duela esan daiteke, sektorean %70 itxita baitago. Bereziki, herrialdeko hitzarmenak aplikatzen dituzten enpresa horietan izan du eragin handiena: BMn, Lidl-en eta Eroskin. Aldiz, estatu mailako enpresa hitzarmena duten horietan jarraipena xumeagoa izaten ari da: Mercadona, Alcampo, DIA…

Herrialdez herrialdeko datuei erreparatuta, Araban BMren bi denda itxita daude (Laudiokoa eta Amurriokoa), Gasteizko Iturritxu eta Domingo Beltran kaleetako eta Armentiako Lidl supermerkatuak ere bai, baita DIAren Gasteiz etorbidekoa zein Laudiokoa ere.

Bizkaiari dagokionez, BM supermerkatuen denden gehien-gehiengoa itxita dago; besteak beste, Gurutzetako hiru dendak, Aiboa, Basurtu, Peñota, Arcediano, Bilboko Alde Zaharra, Garellano, Rodríguez Arias, Viñas, Portugalete, Llanos (Santurtzi), Barakaldo (Aresti, Euskadi hiribidea), BM Gelsa Barakaldo, BM Santurtzi Genaro Ora… Lidlen kasuan ere gauza bera, itxita daude bai zentro logistikoa, baita denda gehienak ere (tartean Berango, La Avanzada, Gernika, Galdakao, Iurreta, Zornotza), eta jarraipena zabala izaten ari da. Eroskiren kasuan, soilik bazkideak ari dira lanean zentro nagusian nahiz Bilboko Autonomia kalekoan, Garden, Gordoniz, Henao, Erromo zein Basaurin. Bukatzeko, DIA itxita dago Santutxun, Barakaldon, Mungian, Errepelegan, Zallan, Balmasedan eta Ermuan.

Gipuzkoaren kasuan, Lidlek lurralde horretan dituen 9 dendetatik 6 itxita daude: Hernani erdialdea, Galarreta, Azkoitia, Eibar, Arrasate eta Gros. Beste hiruren kasuan, (Irun, Bretxa eta Zarautz), irekita egon arren, ez dira normaltasunez ari lanean. DIA katearen hainbat denda ere itxita daude gaur (Urretxu, Amara, Lezo, Zumaia eta Orio), baita BMkoak ere, adibidez Arrasateko Zigarrolakoa eta Billabonakoa.

Nafarroaren kasuan, eguerdian lanuzteak egingo dira eta jarraipen zabala izango dutela aurreikusten dugu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Lanuzteak egingo dituzte Bizkaiko Foru Aldundiko eta GUFEko langileek urriaren 21ean, benetako negoziazioa eskatzeko

Urriaren 7ko asanbladan, 400 langile baino gehiagoren babesarekin eta aho batez, plantilla osoak mobilizazioetan beste urrats bat ematea erabaki zuen. Horregatik, urriaren 21ean hiru...

Siemens Gamesaren estatu mailako akordio markoaren aurka egingo dugu, eta Euskal Herriko negoziazio esparruak defendatuko ditugu

Salatu dugu Siemens Gamesak Espainiako Estatu mailako akordio marko bat ezarri nahi duela, Euskal Herriko negoziazio esparru propioak desagerrarazteko arriskua sortuz. Mungia eta Asteasuko...

Azken asteetan EAEko hainbat eskualdetan eskola garraioan izan diren murrizketak salatzen ditugu

2026-2027 ikasturte hasieran eskola garraioaren murrizketen inguruan hainbat eskola komunitatek egindako salaketa publikoek eta abiatutako mobilizazioek agerian utzi dute egiturazko arazoa. Oianguren ikastetxeko komunitateak...