2026-10-03
HomeEkintza SindikalaEusko Jaurlaritzako administrazio orokorrean Gazteberritze Plana #LortuDugu

Eusko Jaurlaritzako administrazio orokorrean Gazteberritze Plana #LortuDugu

Akordioak Eusko Jaurlaritzako Administrazio Orokorreko eta organismo autonomoetako milaka langileri eragingo die, eta erretiroari, belaunaldi ordezkapenari eta ezagutzaren transmisioari erantzuteko neurriak jasoko ditu. Gainera, urrats garrantzitsua izango da jendarteak zaintza lanen inguruan pilatu duen zor patriarkala aitortzeko eta ordaintzen hasteko.

LABen Gazteberritze eta Belaunaldi Erreleborako Plana sinatzea erabaki dugu, azken urteetan egin ditugun proposamen gehienak aintzat hartu direlako eta langileekin eta afiliatuekin egindako kontraste prozesuaren ondoren. Akordioak Eusko Jaurlaritzako Administrazio Orokorreko eta organismo autonomoetako milaka langileri eragingo die, eta urte luzez blokeatuta egon den gai bati irtenbidea emateko lehen urratsa izango da.

Akordioak administrazio horren erronka nagusietako bati erantzuten dio. Izan ere, Administrazio Orokorreko eta organismo autonomoetako plantillaren batez besteko adina 55 urtetik gorakoa da, eta urteetan ez da egon erretiroaren, belaunaldi ordezkapenaren eta ezagutzaren transmisioaren inguruko neurri eraginkorrik.

Gogorarazi behar dugu azken urteetan administrazioak kendu egin dituela erretiroari lotutako pizgarriak, eta errelebo kontratua ere blokeatuta duela. Horren ondorioz, administrazioak ez du izan plantilla berritzeko tresnarik, eta langile askok ez dute aukerarik izan beren lan ibilbidearen azken urteak modu planifikatuan antolatzeko.

Akordioaren lorpen nagusietako bat da langile guztiei irekitzen zaiela. LABen hasieratik defendatu dugu plana ez zela kolektibo jakin batzuetara mugatu behar, eta horregatik lortu dugu neurriak funtzionarioei, bitarteko langileei eta lan kontratudunei aplikatzeko aukera jasotzea.

Era berean, bereziki nabarmentzekoa da erretirotik gertu dauden langileak ez direla planetik kanpo geratuko. LABen ekimenez, akordioak berehalako aplikazioa eta atzera eragina ahalbidetzen duten neurriak jasotzen ditu, datozen hilabeteetan erretiroa hartuko duten langileek ere planaren onurak baliatu ahal izan ditzaten.

Bestalde, akordioak lehen aldiz aitortzen ditu zaintzagatik hartutako lanaldi murrizketek eta eszedentziek langileen ibilbidean izan dituzten ondorioak. Urte luzez, zaintza lanek kostu profesional eta ekonomiko handia izan dute, bereziki emakumeentzat*. Zaintza lanak emakumeen* bizkar utzi dituen eredu patriarkalak milaka langile zigortu ditu beren lan ibilbidean, soldatan eta etorkizuneko eskubideetan. Akordio honek egoera hori denboran konpentsatzeko aukera ematen du, eta jendarteak zaintza lanen inguruan pilatu duen zor patriarkala aitortzeko eta ordaintzen hasteko urrats garrantzitsua da.

Azpimarraten dugu, dena den, akordioa ez dela helmuga, abiapuntua baizik. Planak urteroko jarraipena eta berrikuspena izango ditu, eta LABen lanean jarraituko dugu neurriak hobetzeko eta langileen eskubideak zabaltzeko.

Gogorarazten dugu akordio hau ez dela administrazioaren ekimen hutsaren emaitza, urteetako aldarrikapen, mobilizazio eta presio sindikalaren ondorio zuzena baizik. Horregatik, administrazioari eskatzen diogu plana berehala martxan jartzeko eta adostutako neurriak lehenbailehen aplikatzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAJk maizterren aurka eta errentismoaren alde egin du, birbanaketa politikei uko eginez eta eskuin muturrari atera irekiz

Espainiako Kongresuan etxebizitzari buruzko bi lege dekretuen bozketan errentisten interesekin lerratu dira EAJ eta UPN, eta LABetik mobilizazioak areagotzeko deia egiten dugu.

Migranteen egoera prekarioa azaleratzen dute langabeziaren datuek

Joan den hilabeteko argazki sozioekonomikoaren zantzuak ikusten jarraitzen dugu, langabeziak gora egin baitu azken hilabetearekin alderatuta, aurreko urteetan beti jaitsi izan denean. Beraz, 3.238 langabetu gehiago daude Hego Euskal Herrian, eta Erregimen Orokorrari dagokionez, 1.103.547 afiliatu iraileko azken egunean.

Basquevolt salatzen dugu lan-diskriminazio arrazista, matxista, morofobiko eta islamofobikoagatik

Apirilean, bere laborategietako batean leherketa bat gertatu eta egun batzuetara, Basquevolt enpresak bi langile kaleratu eta zigortu zituen arbitrarioki. LAB sindikatuarentzat, ekintza hori funtsik...