2026-06-23
HomeEkintza SozialaHitzetatik harago etxebizitzaren erronkari heltzeko erabakiak eta beharrezkoak diren politikak garatzeko unea...

Hitzetatik harago etxebizitzaren erronkari heltzeko erabakiak eta beharrezkoak diren politikak garatzeko unea dela ohartarazi dio LAB sindikatuak Nafarroako Gobernuari

LAB sindikatuak etxebizitzaren eremuan ekintza sindikala antolatzeko hautua egin du, eta hala egiten ari da Txantrea (Ezkaba), Buztintxuri, Sanduzelai, Etxabakoitz eta Arrotxapea auzoetan, bertako bizilagunekin batera. Etxebizitzarako ekintza sindikalak eta borrokak dagoneko aukerak eragin ditu premiazko eta larrialdizko irtenbidea eskatzen, 2027. urtean babes ofizialeko 190 etxebizitzek babes sozial hori gal ez dezaten, etxebizitza horietan maizterrak mantenduz. Hala ere, etxebizitzaren egoerak Nafarroan bestelako erabakiak eta politikak eskatzen ditu. Sindikatuaren ustez, orain da momentua etxebizitzaren erronkari heltzeko, kalera ateratzeko eta Gobernuak bere konpromisoa frogatzeko.

Jaime Iribarren (LABeko Ekintza Sozialeko Nafarroako arduraduna) eta Imanol Karrera (LABeko bozeramailea Nafarroan) hedabideen aurrean azaldu dira LABek Nafarroan garatzen ari den etxebizitzarako ekintza sindikalaren berri emateko eta etxebizitzaren egoerari buruzko sindikatuaren hausnarketak partekatzeko. Izan ere, bere praktika aintzat hartuta, LAB etxebizitza sindikatua ere bada dagoeneko.

Lehenik Imanol Karrerak hartu du hitza eta argia izan da PSN, EH Bildu eta Contigo-Zurekin alderdiek etxebizitzaren legea aldatzeko egin duten proposamenaren harira, ostegun honetan Parlamentuan bozkatuko dena: “Ezkabako bizilagunekin batera LAB egiten ari den etxebizitzarako ekintza sindikalaren ondorio instituzionala da”, eta horregatik balorazio positiboa egin du, “etxebizitza horiek merkatu librera joatea saihestuko da babes sozialari eutsiz eta maizterrak etxebizitzetan mantenduz”.

LABeko bozeramailearen ustez, “etxebizitzek funts putre baten jabetza izaten jarraituko dute, alokairuagatik negozioa egiten jarraituko dute. LABen iritziz, etxebizitza guzti horiek administrazio publikoarenak izan beharko lirateke. Beraz, enpresariek ordaindu ez dituzten etxebizitza batzuen jabeak dira. Hau ikuspegi demokratiko batetik onartezina da eta Gobernuaren esku-hartze publikoa legezkoa izateaz gain, erabat justifikatuta dago”. Argudio horrekin jarraituz, eta Txibite lehendakariak «esku pribatuetan lur asko dagoela» hitzak gogora ekarriz, LABen aldarrikapena desjabetzea dela azaldu du Karrerak. Beraz, honako galdera utzi du airean: “Noraino iristeko prest daude Txibite eta Alfaro andereak langileen gehiengo sozialaren beharrak defendatzeko?”.

Karrerak aipatu du etxebizitzaren erronkari behar bezala heltzea dela antidotorik onena eskuin muturraren aurrean eta langileei alternatiba dagoela erakusteko: “Madrilen Ayusok alfonbra gorria jartzen dio Testari. Nafarroan beste gauza bat egiteko aukera dago, egin dezagun”.

Amaitzeko eta eskuinaren jarrerarekin lotuta, Geroa Bai alderdiari mezu argi bat igorri dio: “ez itzazu Ezkabako bizilagunak eta langileak bakarrik utzi. Osteguneko Lege Proposamenak babes juridiko osoa dauka. Beraz, benetan zalantza horiek juridikoak dira edo Adania eta Errotabidea bezalako enpresa pribatuen interesak nola defenditu pentsatzen ari zarete? Edo familien alde edo enpresen alde, kasu honetan ez dago beste aukerarik”.

Testaren kasua Etxabakoitz, Sanduzelai, Buztintxuri, Artika eta Arrotxapea auzoetan

Ondoren Jaime Iribarrenek, Ekintza Sozialeko Nafarroako arduradunak, hitza hartu du azken hiru urte hauetan LABek garatutako etxebizitzarako ekintza sindikala azaltzeko, Ezkabako kasua ez baita bakarra. Bere hitzetan “aholkularitza kolektiboaren bidez dozenaka afiliatu lagundu ditugu; etxegabetzeak gelditu, alokairu fidantzak errekuperatu, kontratuen luzapenak kudeatu eta ohikoak diren hamaika arazori irtenbidea eman diegu. Ikasturte hasieran gatazka kolektiboak antolatzen hasi gara. Etxebizitzaren inguruko ekintza sindikal integrala egiten dugu, afiliatuekin, kalean eta bizilagunekin batera. Etxebizitza departamentuarekin harremanak ditugu arazo guzti hauei konponbide bat eman diezaioten”. Etxebizitzaren arloko ekintza sindikal horren aldarrikapenak eta lehentasunak zehaztu ditu LABeko Ekintza Sozialeko arduradunak: “publikazioa (desjabetzea), titulartasun publikoa; kontratu mugagabeak; eta prezioak jaistea”.

Babes Ofizialeko Etxebizitzak diru finantzaketa publikoarekin eraikiak dira. Egungo egoera UPN-PSN gobernuek hamarkadetan garatutako etxebizitza politikaren ondorioa dela azpimarratu du Iribarrenek. “Diru publikoarekin etxebizitzak eraiki dira higiezin patronal pribatuen esku uzteko, beraien interesak asetzeko”. Testaren kasuan Gobernua berandu iritsi dela azaldu du Iribarrenek, “Nafarroak inoiz ezagutu ez duen ariketa espekulatiboa gauzatu nahi du”. Egun BOE izateari utzi dioten Testako blokeetan alokairuan bizi diren familiei irtenbide bat ematea beste bide batetik egin beharko dela ere adierazi du. “Etxebizitza negozioa borobil atera zaio Testari, doakoa guztion kontura. Alde batetik, administrazio publikoaren finantziazioarekin; bestetik, urte hauetan (25 urte inguru), alokairu-kuoten bidez. Horri begira ere jarri da LAB sindikatua. Ezkaban bezala, Testako bizilagunekin antolatzen hasiak gara eta Testak aurrean izanen gaitu, ondorio guztiekin”.

Iribarrenek berretsi du Karrerak egindako desjabetzearen aldeko aldarrikapena, “inolako zalantzarik gabe desjabetu egin beharko lirateke, kostuaren erdia baino gehiago administrazio publikoak ordaindu duelako, beste erdia, maizterrek. Testak doan atera zaiona saldu nahi du, bere titulartasunekoa delako. Hala ere, ez da onargarria Testari bi aldiz ordaintzea. Izan ere, etxebizitza horiek erosteko Gobernuak 50 eta 100 milioi arteko kostua aurreikusten du. Burugabekeria horren aurrean, desjabetzea da konponbidea”.

Mobilizazioak

► Ostegun honetan, ekainaren 25ean, goizeko 11etan, Nafarroako Parlamentuaren aurrean (Baluarte plazan).

► Ekainaren 30ean, arratsaldeko 7etan, “Testa espekulatzaile! ¡Expropiación!” lelopean kontzentrazioak Buztintxurin, Sanduzelain, Etxabakoitzen eta Arrotxapean.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Eskola garraioaren eta jolastokiko zaintzaileen gatazkari premiazko konponbidea emateko exijitzen diogu Hezkuntza Sailari

2026-2027 ikasturtea hasi baino lehen soldata gatazkari irtenbiderik eman ezean mobilizazioak hasiko dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako langileek.

Lan-osasuna bermatzeko neurriak exijitu ditugu Bizkaiko suhiltzaileentzat

Gaur berriz ere, Bizkaiko Foru Aldundiko suhiltzaileak Foru Jauregian mobilizatu dira, beren lana egitean osasunaren eta segurtasunaren arloko hobekuntzak aldarrikatzen jarraitzeko, bai eta beren kategoria profesionala aitortzeko ere.

Eusko Jaurlaritzako administrazio orokorrean Gazteberritze Plana #LortuDugu

Akordioak Eusko Jaurlaritzako Administrazio Orokorreko eta organismo autonomoetako milaka langileri eragingo die, eta erretiroari, belaunaldi ordezkapenari eta ezagutzaren transmisioari erantzuteko neurriak jasoko ditu. Gainera, urrats garrantzitsua izango da jendarteak zaintza lanen inguruan pilatu duen zor patriarkala aitortzeko eta ordaintzen hasteko.