2026-10-30
HomeEkintza SindikalaLABek salatu du baliabide eta protokolo faltak agerian geratu direla Gardelegiko zabortegian...

LABek salatu du baliabide eta protokolo faltak agerian geratu direla Gardelegiko zabortegian izandako sute berriaren ondoren

Atzo arratsaldean Gardelegiko zabortegian izandako sutearen harira, LABetik publikoki salatu nahi dugu langileek horrelako gertakarietan jasaten duten arrisku egoera.

Atzokoa ez da gertakari isolatu bat izan. Joan den apirilaren 20an, goizaldeko 02:00etan, beste sute bat gertatu zen instalazioetan, eta langileek baldintza bereziki arriskutsuetan esku hartu behar izan zuten, gauez itzali behar izan baitzuten.

LABetik urteak daramatzagu Gasteizko Udalari zein enpresa esleipendunari suteen prebentzioan eta horiei aurre egiteko jardunean dauden gabezia larriak salatzen. Hainbat bilera egin ditugu, eta bertan salatu dugu prestakuntza espezifikoaren falta, baliabide materialen eskasia eta larrialdi mota horiei aurre egiteko jarduteko protokolo argirik ez egotea.

Sute baten lehen uneetan prestakuntza eta erantzuteko gaitasuna funtsezkoak dira sua heda ez dadin eta arrisku handiagoko egoerak sor ez daitezen. Hala ere, sute kasuetaran jarduteko protokolo bat 4 urte baino gehiago eskatzen daramatzagun arren, langileek oraindik ez dituzte egoera horiei segurtasun bermeekin aurre egiteko beharrezko tresnak jaso.

Gainera, gure ustez zabortegiko langile kopurua ez da nahikoa, eta eskuragarri dauden baliabideak ez datoz bat gertatzen ari den sute kopuruaren gorakadarekin.

2025eko ekainaren 24an aldarrikapen horiek Gasteizko Udaleko Ingurumen Batzordera eraman genituen. Urtebete geroago, egoerak ia bere horretan jarraitzen du, eta langileen eskaerek erantzunik gabe jarraitzen dute.

LABetik ohartarazi nahi dugu ez dugula onartuko langileen osasuna eta osotasun fisikoa arriskuan jartzen jarraitzea. Gasteizko Udalari eta enpresa esleipendunari eskatzen diegu berehala har ditzatela Gardelegiko zabortegiko segurtasuna bermatzeko beharrezko neurriak, ondorio larriagoak etorri baino lehen. 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Osakidetzako langileek irmoki erantzun diote greba deialdiari, eta kaleak bete dituzte lehenengo greba egunean

Eguerdiko manifestazioek milaka pertsona bildu dituzte, osasun zerbitzuko kategoria guztietako beharginak eta osasungintza publikoa babesteko herri plataformetako kideak eta herritarrak barne.

Osakidetzako grebaren baitan Osasun Sailean eserialdia egin dugu

Bilboko egoitzan ekimena egin dugu goizean, eta Alberto Martinez sailburuari eskutitza helarazi ahal izan diote haren idazkariaren bitartez. Greba eguna oso arrakastatsua izaten ari da....

Nafarroako administrazioko langile guztiek 60 urterekin erretiroa hartu ahal izatea eskatu dugu

Gaur goizean LAB sindikatuak elkarretaratzea egin du Nafarroako Jauregiaren aurrean, urtarriletik aurrera langileok enegarren eskubide-igalera pairatuko dugula salatzeko: erretiro adin arrunta 67 urtera atzeratzea....