2024-04-30
HomeIdazkaritzakEuskara IdazkaritzaEuskararen dekretuaren kontrako epaiak ondorio larriak izanen ditu Osasunbideko plantillan

Euskararen dekretuaren kontrako epaiak ondorio larriak izanen ditu Osasunbideko plantillan

UGT, Afapna, SMN eta SATSE sindikatuek euskararen dekretuaren aurka jarritako errekurtsoaren aldeko epaiak ondorio larriak ekarriko dizkio Osasunbideko plantillari, batez ere erizaintzako langileei.

LAB sindikatuak Gobernuari exijitzen dio kasazio-errekurtsoa jar dezala eta behar diren neurriak har ditzala segurtasun juridikorik gabeko egoera hau bideratzeko.

UGT, Afapna, SMN eta SATSE sindikatuek euskararen dekretuaren aurka jarritako demandei erantzunez Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak emandako epaiek ondorio garbi bat izanen dute Osasunbideko plantilletan: lekualdatzeen eta oposizio-lehiaketen baremoetan euskara ez da baloratuko merezimendu gisa.

Horrela izanen da, argi eta garbi. Horrek eragina izanen du langile finkoengan eta kontratudunengan. Gure lanpostuak betetzeko baremoetan aspalditik baloratu izan den merezimendua egun batetik bestera kendu dute, eta, horrela, Osasunbideko langileen eta Nafarroako biztanle askoren eskubideen aurka egin dute.

Jendeak kontrakoa uste badu ere, epai honek atzerako eragina ere badu, eta hemendik aurrera hasiko diren prozesuetatik haratago doa. Izan ere, 2017ko abendutik gaur arte Osasunbidean izan diren lekualdatze eta oposizio-lehiaketa guztietan izanen du eragina. Hau da, epaia aplikatu behar da gaur den egunean bukatu gabe dauden prozesu guztietan eta hemendik aurrera onartzen diren guztietan.

Epaiak, zehazki, honako lanpostu hauen lekualdatze lehiaketetan izanen du eragina: erizain espezialistak, barrutiko fakultatibo espezialistak, larrialdietako mediku albokoak, OOLT-LZA-LZBko medikuak, odontologoak, OOLTko eta larrialdietako pediatrak, psikologoak, EZLTak, APTEak, ODTEak, ETEak, LTEak, erdi mailako teknikariak, osasun-hezitzaileak eta terapeuta okupazionalak.

Oposizio-lehiaketei dagokienez, berriz, honako hauetan: zeladoreak, dietista-nutrizionistak, erizainak, erizain espezialistak, elikadurako teknikariak, EZLTak, APTEak, ODTEak, ETEak, LTEak, ETTEak, farmaziako teknikariak, erdi mailako teknikariak, osasun-hezitzaileak eta terapeuta okupazionalak.

Gauzak horrela, Osasunbideko langileak inoiz ez bezalako segurtasun juridikorik gabeko egoera batean daude lekualdatze edo oposizio-lehiaketa horiei dagokienez.

Erizainak izan dira kaltetuenak; izan ere, azkeneko oposizioetan 500dik gora izangaik alegatu zuten euskararen ezagutza merezimendu gisa. Baina, horretaz aparte, epaiak ia deialdi guztietan izanen du eragina.

UGT, AFAPNA, SMN eta SATSE sindikatuek arduragabekeria handiz jokatu dute, azkeneko hamarkada hauetan baloratu izan den merezimendu bat aurkeztu duten ehunka pertsonari eragindako kalteaz batere arduratu gabe. Langile horiek ahalegin ekonomiko eta pertsonal handia egin dute Nafarroan koofiziala den hizkuntza bat ikasteko, horrela herritarrak hobeki atenditzeko eta beren lanpostuari dagozkion betebeharrak hobeki betetzeko. Orain, ikusten dute ez zaiela batere baloratzen egindako ahalegin hori, eta, gainera, errekonozimendu oro bertan behera gelditzen direla.

Sindikatu horiek euskarari dioten gorroto biziak eraman ditu Nafarroaren hizkuntza-errealitateari eraso egitera ondorioak neurtu gabe; osasun arloko profesionalen artean giro txarra hedatzeaz gainera, ezjakintasunaren apologia egiten dute legez ezarrita dagoen merezimendu honi dagokionez. Ezer gutxi esan dute beste hizkuntza batzuen balorazioari buruz, ongi jakinda hizkuntza horien erabilera hutsaren hurrengoa dela osasunaren arloan. Gauza bera hain zabalduta dagoen “cursillismoari” buruz, ohitura horren onuradun eta konplize direlako, langileen kontura.

Nafarroako Gobernuak epai horren aurkako kasazio-errekurtsoa aurkezteko aukera du. LABetik urrats hori eman dezala esijitzen diogu, eta horren ondotik behar den guztia egin dezala egoera berriz bideratzeko.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Bizkaiko Esku-hartze Sozialeko langileok Gizardatzi eta Geroani eskatzen diegu alde batera utz dezatela 2022az geroztik sektorea hitzarmenik gabe egotera daraman jarrera boikotatzailea

Bizkaiko Esku-hartze Sozialeko langileok 2022. urteaz geroztik hitzarmenik gabe gaude, eta zortzi greba-egun baino gehiago egin ditugu, baita mobilizazio ezberdinak zein barau egunak ere, egiten dugun lana aintzat hartuko duen hitzarmen bat lortzeko helburuarekin.

CAFeko amiantoaren auzian lan osasuna bermatzeko urratsak eskatu ditugu

Lan Osasunaren Eguna pasa berri den honetan, CAF lantegiko beharginek agerraldia egin dute, gaiarekin zerikusi zuzena duen kontu bati buruzko argibideak emateko: amiantoa.

Enpresak Imegarreko grebalarien aurka erakutsitako jarrera onartezina salatu eta borrokaren zilegitasuna aldarrikatu dugu

Egun hauetan mobilizatzen aritu dira Imegarreko langileek, eta enpresari beren lankideak berriz onartzeko eta gatazka konpontzeko eskatu diote. Aldiz, enpresak, jarrera desafiatzailea eta mehatxagarria izan du. Behin baino gehiagotan, kontseiluko kideek aurre egin diete langileei, mehatxatu eta iraindu egin dituzte. Baina ez hori bakarrik; izan ere, salatu nahi dugu pikete batean parte hartzen zegoen LAB-eko kide bati salaketa jarri diotela, akusazio faltsupean. Horregatik, gaur, enpresak bere langileekiko eta langileei laguntzera joan diren pertsonekiko izan duen arduragabekeria publikoki salatu dugu.