Nafarroako Hezkuntza sistema kinka larrian dago. Horrela da, besteen artean, hezkuntzako langileok ezin dugulako gehiago: lan karga gero eta handiagoa eta konplexuagoa da; baliabideak, eskasagoak; lan baldintzak ez dute bat egiten ditugun eskakizunekin; ratioak, eutsiezinak ikasgelen errealitatea ikusita; eta elkarbizitza arazoak, gero eta nabarmenagoak. Horregatik, ezinezkoa da gaur egun hezkuntzak dituen beharrei aurre egitea eta, are gutxiago, benetako inklusioa bermatzea.
Honen aurrean, 7 urtez jarrera berdina mantentzen ari duen kontseilaria dugu: entzungor, begi-bistakoa dena ukatuz, negoziazio aukera guztiak baztertuz, eta harropuzkeriaz eta autoritarismoz gidatzen du Hezkuntza Departamentua.
Irakasleok nekatuta eta gainezka gaude. Aniztasunari arreta ematea gero eta gehiago exijitzen du; formazioaren beharra etengabekoa da; osasun mentalaren erronkak gorantz doaz; burokraziak itotzen gaitu… eta konplexutasuna inoiz baino handiagoa da. Hezkuntzak behin-behinekotasunaren gehiegizko erabilera egiten du, eta ez du inolako interesik Europak agintzen duena betetzeko eta %8tik behera jaisteko. Ez dezagun ahaztu irakasleon ezegonkortasuna eta erosahalmenaren galera: %20 baino gehiago azken 15 urteetan.
Hezkuntza laguntzako espezialistak erabateko prekarietatea jasaten dute, zeinak gehienak lanaldi partzialak dituzten eta behinekotasuna %80tik gorakoa da. Hezkuntza Behar Bereziak dituzten ikasleei kalitatezko arreta eskaintzeko, lan baldintza duinak eta errealitatearekin bat egiten dutenak beharrezkoak dira.
Era berean, Nafarroan 0-3 zikloan nagusi den ekintza eza eta konpromiso eza salatzen dugu, eta udal haur eskolak publifikatzea defendatzen dugu kalitatez, ekitatez eta lan baldintza duinekin. Elkarrizketa kanal egonkorra eta berehalako negoziazio-mahaia eskatzen dugu, baita Foru Dekretua aldatzea ere, beharrezkoa den ratio jaitsiera gauzatzeko.
Lanbide Heziketan bi ikasturte daramatzagu ikasleekin eta familiekin batera mobilizatzen. Gainera, hiru greba egun egin genituen, DUALaren kudeaketa txarragatik eta ezartzeko aurreikuspen ezagatik. Gainera, LHko irakasleen % 86k 12 puntuko aldarrikapen zerrenda onartu zuten, Nafarroako Parlamentuak ere babestu zuena. Baina Gimeno geldirik jarraitzen du.
Administrazio eta Zerbitzuetako langileak muturreko egoeran gaude aspalditik. Alde batetik, plantillaren dimentsionamendua ez da egokia; pertsona askok lanaldi partzialak edo ibiltariak dituzte, eta, gainera, funtzioak ez daude behar bezala definituta. Bestetik, ordezkapenak gauzatu gabe geratzen dira, eta horrek gainkarga eta estresa eragiten die langileei.
Ikastoletako langileek ere zazpi urte daramatzagu Gimeno euskararen eta ikastolen hezkuntza ereduaren aurka aplikatzen ari den murrizketa-politika sufritzen. Lan-baldintzak eta lanpostuak jartzen ditu kolokan aukerarik txikiena duenero, euskal hezkuntza-eskaintzaren etorkizuna larriki baldintzatuz.
Itunpeko ikastetxeetan ere oso egoera kaskarra bizi dugu. Behin eta berriz eskatu arren, kontseilariak urteak daramatza Departamentua, patronalak eta langileen ordezkaritza bilduko dituen mahaia deitu gabe.
Argi dago, beraz, langileen arazoek eta premiek erantzunik gabe jarraitzen dutela, eta hezkuntzaren kalitateak behera egiten jarraitzen duela. Hala ere, Hezkuntzako profesionalen inplikazioak eta ekinak sistemari eusten jarraitzen dute.
Halaber, argi dugu egoera hori kontseilariaren erabateko borondate eta gaitasun faltaren ondorio dela; izan ere, kontseilariak modu autoritarioan jokatzen du, eta erabakiak alde bakartasunez hartzen ditu, plangintzarik eta negoziaziorik gabe.
Horrela jokatu du, halaber, Funtzio Publikoaren baimenarekin kasu honetan, Estatutu berriaren proiektuari dagokionez: nahi bezala egin eta desegin du, eta testuan soilik Hezkuntzako langileentzat diren neurriak sartu ditu, bere Departamentuaren menpe daudenak kondenatuz, urte luzez, Nafarroako Gobernuaren langileen artean, lan-baldintza okerrenak izaten jarraitzera.
Honekin gogorarazi nahi dizuegu datorren maiatzaren 28an 4 orduko lanuztea deitu dugula Nafarroako Gobernuari eta Parlamentuari galdegiteko atzera bota dezatela langile publikoen estatutu berriaren proiektua, atzerapen handia ekarriko baitu lan-eskubideei dagokionean. Hitzordu nagusia eguerdiko 12:00etan Hezkuntza Departamentutik abiatu eta Nafarroako Jauregiaren aurrean amaituko den manifestazioa izanen da.
Azpimarratu nahi dugu ere berdin jokatu duela hiru urteko gelak ixterakoan, hainbat pertsona lanik gabe eta familia batzuk haiek hautatutako hezkuntza-aukerarik gabe utziz. Eta baita, CREENA bezalako zentro baten lan ona eta erreferentzialtasuna hankaz gora botatzean ere.
Hezkuntza-kalitatea hobetzeko, hezkuntzako langileei entzun behar zaie
Egoera horren aurrean, LABek Hezkuntza Departamentuari eskatzen dio langileekin esertzeko, haiei entzuteko eta dituzten beharrei erantzuteko. Inor ez da profesionalak baino hobea egungo hezkuntza-sistemaren gabeziak detektatzeko eta hobekuntzak proposatzeko. Horien artean, honako hauek nabarmentzen ditugu:
- Jaiotza-tasaren jaitsierak ez du ekarri behar ikasgelak ixtea eta kaleratzeak; ratioak murrizteko eta hezkuntza-kalitatea hobetzeko aukera gisa hartu behar da.
- Enplegu publikoa eta hezkuntzako profesionalak duindu nahi baditugu azken 15 urteetan galdutako eros ahalmena berreskuratzea premiazkoa da.
- Hezkuntzako inbertsioa handitu behar da. Ezinezkoa da gero eta konplexuagoak eta askotarikoagoak diren egoerei aurre egitea duela hamarkada batzuetako baliabide berberekin. Baliabide gehiago behar ditugu. UNESCOk BPGren % 6 bideratzea gomendatzen duen bitartean, 2026rako Nafarroako aurrekontuetan % 3,6 baino ez da aurreikusi. Aurrekontu duinik gabe, ez dago kalitatezko hezkuntzarik.
- Euskararen normalizazioa eta garapena Nafarroa Garaia osoan, bazterketarik eta zonifikaziorik gabe.
Hala ere, aurrerapen txikiena ere ez da posible gaur egun. Eta arrazoiak Carlos Gimeno du izena. Zazpi urte hauetan, Hezkuntza Departamentua taifen erresuma bihurtu du, non berak nahi duena egiten duen, berak nahi duenean eta berak nahi duen bezala. Inolako asmorik gabe ez entzuteko, ez hitz egiten esertzeko.
Horregatik, LABetik berriro eskatzen diogu Gimeno kontseilariari joan dadila. Ez du betetzen, ezta urrik eman ere, edozein jendartearentzat, garrantzitsua bezain delikatua den Hezkuntza, zaindu behar duen profesionalaren profila.
Gaur, hemen bildutako guztiok berriro esango dizugu:
Gimeno, kanpora!
Eta berak egiten ez badu, solaskidea aldatu eta Nafarroako Gobernuari eta hura sostengatzen duten alderdiei zuzentzen gatzaizkie:
Kendu kargutik Hezkuntza kontseilaria!
Ez du beharrezko gaitasunik Nafarroako hezkuntza gidatzeko. Ostegunean Parlamentuan gertatutakoa Gimenoren 7 urte hauetako kudeaketaren eta ibilbidearen isla besterik ez da. LABek 2022. urtean bere dimisioa eskatu zuen eta gaur berresten dugu.
Kargugabetu orain!
Gimeno kanpora!

