2026-10-13
HomeIdazkaritzakEuskara IdazkaritzaOsakidetzari eskatu diogu euskararen normalizazioa bultza dezala egunerokoan, zurikerietan ibili beharrean

Osakidetzari eskatu diogu euskararen normalizazioa bultza dezala egunerokoan, zurikerietan ibili beharrean

LABetik Osakidetzari eta, bereziki, Donostialdeko arduradunei eskatzen diegu ekintza puntualen bitartez zurikerietan ez ibiltzeko, eta Osakidetzan euskararen erabilera normalizatzeko egunero lan egin dezatela. Horrela lortuko da Osakidetzan euskara ere sano egotea.

Atzo, urriaren 6an, Kilometroak izan zen, Zarauzko Salbatore Mitxelena Ikastolaren alde. Jende ugari bertaratu zen euskararen aldeko jaia ospatzera, Osakidetza ere bai. Han ikusi genituen euskararen alde eginez, bertaratutakoei osasun ezagupenak ematen.

Ekimena zuzena den heinean, beste aurpegi bat ere badauka. Egunerokoan, Osakidetzak ez du euskara behar bezala zaintzen. Honekin, euskal osasun sistemaren egoera kaxkarra dela esan nahi dugu; Donostialdean, batez ere. Osakidetzak, Donostialdean, milaka eta milaka langile biltzen ditu. Garrantzi berezia du artatzen dituen herritar kopuruagatik eta garrantzi berezia erabiltzaile horiek kokatuta dauden herrien egoera soziolinguistikoa kontutan hartuta: Donostiaz gain, Zarautz, Zumaia, Orio, Oiartzun, Hernani, Usurbil, Zestoa, Getaria… bezalako herri erabat euskaldunak.

Euskararen erabileran eredu izan behar zuen Osakidetzako Donostialdeko ESIko arduraduna euskararen erabilera normalizatu asmoz indarrean dagoen arautegia eragozten ari da gaur egun. Larritasun handikoa den gai zehatz bat aipatzearren, dozenaka lanposturen Hizkuntz Eskakizunari eragiten dioten arautegiaren betetzea eragozten ari da, LAB sindikatuaren eta Osakidetzako Giza Baliabideetako Zuzendaritzaren ohartarazpenei muzin eginez.

Beste adibide bat aurtengo udan eman da. Zumaia, Getaria, Zestoa eta Aizarnazabalgo udalek, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearekin batera, salatu zuten beraien herrietako mediku ordezkapenak egiteko euskaraz ez dakien mediku bat kontratatu zuela Osakidetzak. Ondorioz, erabat euskaldunak diren herri hauetako osasun sistemaren erabiltzaileen hizkuntz eskubideak urratu eta osasun arretaren kalitatea kaltetu zuten.

Honek berebiziko garrantzia du Osakidetzan euskararen erabilera normalizatzeko bidean, eta, ondorioz, hala nahi duten herritarrei zerbitzua euskaraz eskaintzeko bidean, bai eta Osakidetzaren barne funtzionamenduan euskara normaltasunez erabili eta lan hizkuntza bihurtzeko bidea egin ahal izateko.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Nafarroako ikuskizunetako teknikari eta laguntzaileek greba arrakastatsutzat jo dute eta hitzarmen duina eskatzen dute

Nafarroako ikuskizun eta ekitaldietako teknikariek eta laguntzaileek larunbatean deitutako grebak jarraipen zabala izan du sektoreko langileen artean eta ondorioz hainbat kultur jarduera bertan behera geratu dira. Horien artean, Gayarre Antzokian aurreikusitako ikuskizuna, Baluarteko areto nagusian programatutako dantza emanaldia eta Civivox Pompelon eskainitako emanaldi bat daude. Gainera, Baluarteko hitzaldiak soinurik eta argirik gabe egin dira.

Gaur, urriak 12, ez daukagu ospatzeko ezer

LAB sindikatuak planto egin ohi die inposatutako jai egunei, Euskal Herriarentzat lan egutegi propio baten aldarria egiteaz gain. Hala, urriaren 12an, delako “Hispanitate Egunaren”...

Eskatzen dugu Avanza autobusetako gidariek zerbitzu bereziak egiteagatik dagokien ordaina jaso dezatela

Sindikatuari, noski, oso ondo iruditzen zaio garraio-zerbitzua hobetu nahi izatea eta herritarren eta bidaiarien joan-etorriak erraztea. Gidariak eurak dira zerbitzuak behar bezala funtzionatu dezan eta eta erabiltzaileen beharrei erantzun diezaien nahi duten lehenak. Hala ere, uste dute ez dela bidezkoa neurri berri bakoitza beti jende berberaren ahalegina baliatuz ezartzea.