2026-05-13
HomeEkintza SindikalaEusko Jaurlaritzak aurkeztu duen VI. Planak ez ikusiarena egiten dio Ibaiondon pairatzen...

Eusko Jaurlaritzak aurkeztu duen VI. Planak ez ikusiarena egiten dio Ibaiondon pairatzen ari diren lan narridura larriari

Ibaiondoko adingabeen zentroko langileak Gasteizko Legebiltzarraren aurrean kontzentratu dira Gazte Justiziaren VI. Plana komisioan aurkezten ari den bitartean.

Eusko Jaurlaritzak milioika euroko inbertsioak aurreikusten dituen gazte justiziako plan berri bat aurkezten duen bitartean, Zumarragako zentroko langileak urteak daramatzate sostengaezintzat jotzen dituzten lan-baldintzak salatzen. Plantilla zahartzen ari da, negoziazioa hautsita dago eta plan berriak jasotzen duen «prestakuntza espezializatuaren» promesak, talka egiten du langileek ondo ezagutzen duten errealitatearekin: ez dute inoiz berariazko prestakuntza-planik izan.

Eusko Jaurlaritzak astearte honetan Gazte Justiziaren 2025-2029 aldirako VI. Plana onartu du, arau-hausle diren adingabeen birgizarteratze politikan lorpen garrantzitsu moduan aurkeztua. Planak ia 43 milioi euro aurreikusten ditu Ibaiondoko (Zumarraga) adingabeen zentrorako, Euskadiko I. mailako bakarra, non neurri judizial murriztaileenak betetzen diren. Hala ere, egunero zentro horretan lana egiten dutenek hilabeteak daramatzate beren ahotsa entzunarazi nahian, arrakastarik gabe.

Ibaiondoko Enpresa Batzordeak (ELA, LAB eta CCOO sindikatuek osatua) urteak daramatza Justizia Sailarekin negoziazio antzuetan. 2023. urtean ere, Batzordeak, plantillaren zahartzeagatik eta lan-baldintzen okertze progresiboagatik zuen kezka helarazi zion Eusko Legebiltzarrari. Hiru urte geroago, egoerak hobera egin beharrean, okerrera egin du.

Berrerortze tasaren jaitsierak izen bat du: Ibaiondoko langileak

Eusko Jaurlaritzak harrotasunez erakusten du plan berriaren datu nagusietako bat: adingabeen berrerortze-tasa %13tik %11ra jaitsi da, eta helburua %10etik behera kokatzea da. Hezkuntza eredu berriztatzaile baten arrakasta gisa aurkezten dute. Gauza batean arrazoia dute: hezkuntza-lanaren arrakasta da, bai, baina lan hori, egunez egun, Ibaiondoko profesionalek egiten dute.

Adingabe bakoitzarekin, plan honek modu abstraktuan deskribatzen dituen erantzukizun eta birgizarteratzeko ibilbideak eraikitzen dituztenak, zentroko hezitzaile, psikologo, gizarte-langile eta koordinatzaileak dira. Berrerortze tasaren jeitsiera ez da dokumentu baten lorpena: baldintza gero eta eskasagoetan eta erakundeek eman beharreko babesik gabe lan egiten duten taldeek egindako urteetako lanaren ondorio da, bakoitzaren neurrira egindako esku-hartze iraunkor eta intentsiboaren emaitza da.

Berrerortze-tasa jaitsi da hezkuntza-prozesuan adingabeei laguntzen dieten eta beren lanarekin konprometituta dauden pertsonak daudelako.

Merezimendu hori, ezin da bereiztu administrazioak bizkarra ematen dien bitartean, hori posible egiten duten langileengandik.

Erreleborik eta irtenbiderik gabe zahartzen ari den plantilla

Ibaiondon egiturazko arazoen artean, premiazko arazoetako bat plantillaren zahartzea da. Zentroa eusten duten profesionalek urteak daramatzate higadura fisiko eta emozionala metatzen exigentzia handiko ingurune batean, administrazioak prozesu hori duintasunez eta aurreikuspenez kudeatzeko inolako erantzun errealik artikulatu gabe.

Errealitate honen aurrean, enpresa-batzordeak urrats zehatz bat eman du: indarrean dagoen Ordutegi Bereziko Akordioa berraztertu eta negoziatzeko proposamen bat prestatu eta aurkeztu dio Justizia Sailari. Hain zuzen ere, akordio hori lan txanda exijenteetan, etengabeko presentzialtasunean eta tentsio handiko egoeretan lan egiten duen plantilla zahartu baten beharrei erantzuteko pentsatuta dago. Proposamenak hilabeteak daramatza mahai gainean, eta orain arte Justizia Sailaren erantzuna: isiltasuna.

Erantzunik eza bereziki deigarria da Eusko Jaurlaritzak «profesional espezializatuen hornidura nahikoaz» eta adingabeen arreta pertsonalizatuaz hitz egiten duen plan bat onartu berri duenean. Promesa horri eusteko, ezinbestekoa da arreta hori posible egiten dutenak zaintzea.

Prestakuntza espezializatua agintzen dute, baina inoiz ez dugu prestakuntza-planik izan.

Plan berriaren beste zutabeetako bat «profesionalen prestakuntza espezializatua» da. Zentzuzkoa dirudi. Arazoa da talka egiten duela Ibaiondon urteak daramatzatenen esperientziarekin: zentroak ez du inoiz izan bere lanaren benetako beharretara egokitutako prestakuntza-plan espezifikorik.

Autonomia-erkidego osoan dagoen errekurtsorik murriztaileenean, legearekin gatazkan dauden adingabeekin lan egiteak, etengabeko prestakuntza sistematikoa eskatzen du, konplexutasun handiko profiletara egokitua: jokabide disruptibo larriak, substantzien kontsumoa, osasun-mentaleko arazoak edo indarkeria egoerak. Planak berak aitortzen du horiek direla egungo erronka nagusiak. Hala ere, urte hauetan guztietan, Ibaiondoko profesionalek ahal izan duten moduan trebatu behar izan dute, berezko prestakuntza-ibilbiderik gabe eta administrazioaren benetako konpromisorik gabe.

Plan berri honek orain formakuntza espezifikoa lan ildo estrategiko bezala aurkeztea ongietorria da, baina betiere ekintzaz lagundurik badator, beti hitz antzuak izan dira.

Erantzunik gabeko arrisku psikosozialak

2021. urtearen amaieran egindako arrisku psikosozialen txostenak, zentroan arrisku handiko edo oso handiko faktoreak zeudela ohartarazi zuen: estres kronikoa, lan-karga neurrigabeak, higadura psikologiko-emozionala, astean 47 orduko lanaldiak…. Harrezkero, administrazioak, prebentzio-zerbitzuaren irizpideei muzin eginez, ez du inolako zuzenketa-neurririk hartu. Ondorio zuzen gisa, jatorri psikologikoko baja kopuruak ez du etenik izan, zentroaren eguneroko funtzionamendua zailduz.

Badira 4 urte baino gehiago, bai Jaurlaritzako aurreko lan taldearekin bai gaur egungoarekin, Ibaiondoko langileek protesta-ekintza ugari egin dituztela: Legebiltzarrera joatea, kontzentrazioak Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, mahai sektorialetan sartzea, auto-karabanak eta protestak ostiralero zentroko ateetan.

Honi erantzunez, Justizia Sailak sindikatuen eskaerei uko egiteaz gain, lan-eskubideen murrizketa nabarmena proposatzen du, eta horrek, batzordearen arabera, langileen osasuna arriskuan jartzen du.

“Gure burua ikusarazteko eta gure lan profesionalean, gizarte osoarentzat funtsezkoa den lanean, neurriko lan-baldintzak izateko borrokan jarraituko dugu.”

43 milioi pitzatutako oinarri baten gainean

Plan berriak datozen lau urteetarako ia 43 milioi euroko diru kopurua iragarri du Ibaiondorako. Paperaren gainean zenbatekoak esanguratsuak dira, baina enpresa batzordearentzat, zentroa kaltetzen duen lan-gatazka konpondu gabe inbertsioak iragartzea kontraesankorra da. Talde nekatuen gain, prestakuntza espezifikorik gabe, erreleborik gabeko plantilla zahartu baten gain ezin da kalitatezko gazte justiziako eredu bat eraiki, hare gutxiago urteetan erantzunik gabe geratzen diren proposamen sindikalei muzin eginez, pilota bat bailitzan gobernu batetik bestera pasatuz .

Orain Eusko Jaurlaritzak aukera du VI. Plana, asmoak iragartzeko dokumentu bat baino zerbait gehiago izateko. Lehen urratsa, ospatzen dituen emaitzak —berrerortzearen jaitsiera, adingabeen birgizarteratzea, hezkuntza ereduaren eraginkortasuna— langile batzuen konpromisoan eta ahaleginean oinarritzen direla onartzea da, administrazioaren aldetik erantzunak eta babesa lortzeko zain, denbora gehiegi daramaten langileak.

Pilota Justizia Sailaren teilatuan dago. Sindikatuok negoziaketari ekiteko prestutasuna mantentzen dugu, baina ez dugu dagoena hare eta gehiago okertuko duen proposamenik onartuko. Bitartean, Ibaiondon gure lana ez da eten eta ahalik eta hobekien egiten jarraitzen dugu.

Ibaiondoko Enpresa Batzordea · ELA · LAB · CCOO

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

120 moziotik gora aurkeztu ditugu EAEko udaletan, sektoreko greba deialdia babesten dutenak, eta dozenaka udal eta zerbitzu itxiko dira

120 langile batzordek baino gehiagok EUDELi eta EAJ, EH Bildu eta PSE-EE alderdi politikoei exijituko diete Udalhitzeko eta udaletako mahaietan lan baldintzak hobetzeko. Maiatzaren 14an EAEko udal sektoreak greba eguna egingo du, LABek eta ELAk deituta.

LABek salatu du enpresen % 80 ez direla osasungarriak Nafarroan eta enpresen ez-betetzeak langileak hiltzen dituela

Nafarroan 1996ko legea ia ez da betetzen, eta ez betetzeek ez dakarte zigorrik enpresentzat. Nafarroako Gobernuak ez du enpresei legea betearazteko borondate politikorik eta...

Zazpigarren greba eguna Zubietako erraustegian

Urtebeteko etengabeko bileren eta lau hilabeteko mobilizazioen ondoren, Zubietako erraustegiko langileek hiru greba egun egingo dituzte maiatzean zehar, Ekobal eta Ekondakin enpresek langileen lan-baldintzak...