120 langile batzordek baino gehiagok EUDELi eta EAJ, EH Bildu eta PSE-EE alderdi politikoei exijituko diete Udalhitzeko eta udaletako mahaietan lan baldintzak hobetzeko. Maiatzaren 14an EAEko udal sektoreak greba eguna egingo du, LABek eta ELAk deituta.
EAEko udaletan urte asko daramatzagu lan baldintzak hobetuko dituen akordiorik gabe. Udalhitzeko mahaian aldarrikapen asko falta dira, eta udal mailako negoziazio esparruak, orokorrean, ez daude aktibo. Ondorioz, udaletako langileon lan baldintzak okertzen ari dira urtez urte.
Bitartean, aurreko urtean Udalhitzeko negoziazio mahaia martxan jarri zen, eta orain dela 16 urtetik berritu gabeko lan-baldintzak adosteko aukera irekita dago. Alabaina, udaletako agintaritzan dauden EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta alderdi independenteek gaur-gaurkoz proposamen integralik egin gabe jarraitzen dute, eta onartu egin dituzte Madrildik ezarritako enpleguari eta soldatari lotutako neurriak. Azken mahai negoziatzailea pasa den maiatzaren 7an izan zen, eta ez ziren behar besteko aurrerapenak jaso EUDELen eta alderdi politikoen proposamenetan. Negoziazioa oso motel doa, eta eduki zehatzak falta dira.

Zentzu horretan, LABek eta ELAk EAEko udal sektorean greba eta mobilizazio dinamika martxan jarri genuen pasa den hilabetean. Bi orduko lanuzteak egin genituen apirilaren 23an, eta balorazio positiboa egin genuen. Hurrengo urrats bezala, maiatzaren 14an egun osoko greba egingo dugu. Bitartean, azken asteetan udalez udal atxikimenduak biltzen eta langileen asanbladak egiten aritu gara. EAEko 120 udal eta udal enpresatan lortu dugu bertako langile batzordeak edota langileen ordezkariek babesa ematea LABek eta ELAk aurkeztu dugun mozioari. Besteak beste, hiru hiriburuetan, Getxon, Irunen, Barakaldon eta Errenterian lortu dugu babes hori. Gainera, udal askotan testu hori udalean bertan erregistratu da.
Horrez gain, udal batzuetan langileen asanbladek udal horiek ixteko erabakia hartu dute. Itxiko diren udalen artean daude, besteak beste, Hernani, Usurbil, Oñati, Arrasate, Bergara, Ordizia, Beasain eta Zumarraga. Beste zenbait udaletan eta udalen zerbitzutan ere jarraipen garrantzitsua izango dela aurreikusten dugu LABek eta ELAk.
Argi dago, beraz, udal langileek haien lan baldintzak hobetzeko borroka babesten dutela. Apirileko lanuzteetan ikusi zen, eta maiatzaren 14ko eta ekainaren 4ko greba egunetan EAEko udal sektorea kalera aterako da. LABek eta ELAk maiatzaren 14an egingo dugun greba deialdia eta egun horretan egingo diren mobilizazioak babestera gonbidatzen ditugu langileak.

