Euskaraz bizitzeko eta lan egiteko eskubidearen aurkako oldarraldi judizial, politiko eta sindikal antolatuaren aurrean, LABek, ELAk eta Steilasek manifestaziora deitu dute euskararen eta gaztelaniaren estatus juridikoa parekatzea exijitzeko
Sindikatuek aldarrikatu dute euskarak erabateko ofizialtasuna behar duela eta enplegu publikoan euskara zein gaztelaniaren exijentzia parekatu behar direla, euskararik ez dakiten langileei denbora eta baliabideak eskainiz
Euskaldunon oinarrizko hizkuntza eskubideen aurkako oldarraldi antolatua martxan da. Eragile sindikal, politiko eta mediatiko batzuk euskararen biziberritzeari trabak ezartzeko presio antolatua eragiten ari dira, eta erantzun antolatua ezinbestekoa da. LAB, ELA eta Steilasen eskaera oso sinplea da: euskaraz bizitzeko eta lan egiteko eskubidea gauzatu dadila eta horretarako neurriak hartu daitezela.
LABek, ELAk eta Steilasek euskaraz lan egiteko eskubidea aldarrikatzen dute. Beste eragile batzuk, aldiz, administrazioaren euskalduntzea zapuzteko azpijokoan ari dira, gaztelaniaren nagusitasuna inposatzeko asmoz. Hori guztia salatu duten euskalgintza eta euskaltzaleak kriminalizatzen saiatzen ari dira. Kriminalizazio horrek helburu politiko argia du: PSE-EE alderdiarentzat onargarria den lege-proposamenak adostea. LABek, ELAk eta Steilasek eragile sindikal eta politiko guztien zilegitasuna defendatzen dute beraien iritziak emateko. Hori esanik, sindikatuei onartezina iruditzen zaie gaztelaniaren nagusitasuna inposatzea beste helbururik ez duten eragileei beto eskubidea onartzea, edota euskaldunon hizkuntza eskubideen zapalkuntza ontzat ematea.
Eusko Legebiltzarrean EAEko egitura politikoa eztabaidatzeko eta Enplegu Publikoaren Legea moldatzeko prozesuak irekita daude. Momentu garrantzitsua da, herritar guztien hizkuntza eskubideak parekatuko dituzten lege bermeak eztabaidatu litezke edo gizartean zein administrazio publikoetan azken urte luzeetan egindako ibilbidean atzerapauso nabarmenak ekarriko dituen erabakiak hartu. Sindikatuen iritziz, orain da kaleak hartzeko unea, euskaltzaleon hizkuntz eskubideen bermea jokoan baitago.
Euskaldunon hizkuntza eskubideak, oro har, zapalduak daude eta bizitzako funtzio guztietan euskaraz bizitzeko eta lan egiteko eskubidea aldarrikatu beharra dago. Aurrekoa esanik, zerbitzu publikoetan ez badago euskarazko zerbitzua bermatzerik eta ez badago euskaraz lan egiteko eskubidea gauzatzerik, ezinezkoa izango da beste edozein esparrutan euskalduntzean urrats esanguratsuak egitea. Horregatik, LAB, ELA eta Steilasentzat ezinbestekoa da Enplegu Publikoaren Legearen eztabaidan bi hizkuntzen exijentzia parekatzen dituen lege-proposamena abiapuntu gisa hartzea. Bi sindikatuek EAJri dei egiten diete parekatze horrekin egiten duten proposamenarekin bat egiteko, euskara legez babestuko ez duen beste proposamenetik aldenduz.
Eragile euskaltzaleen bazterketaren adierazle da, era berean, Eusko Jaurlaritzak LAB eta ELA Euskararen Aholku Batzordeko Eremu Sozioekonomikoko taldetik bota izana, sindikatu bi hauek izan direnean lan-munduaren euskalduntzea lortzeko neurri ausartak eta baliabideak exijitu dituztenak.
Oldarraldi antolatuak erantzun antolatua behar duelako, LABek, ELAk eta Steilasek euskal langile eta euskaltzale guztiak mobilizaziora deitzen dituzte helburu hauekin:
- Lan mundua euskalduntzeko neurri eta arauak onartzea:
- Enplegu Publikorako Legearen aldaketak ezinbestean hiru oinarri izan ditzan:
- Euskararen eta gaztelaniaren exijentzia parekatzea.
- Parekatze horretarako epemuga eta helburuak zehaztea.
- Zehaztutako epemuga horretan euskararik ez dakiten herri-langile guztiei euskalduntzeko aukera, denbora eta baliabideak eskaintzea.
- Lantoki pribatuetan euskaldunon hizkuntza eskubideen aldeko plangintzak negoziatzea eta bultzatzea, baliabide nahikoa jarriz euskaraz lan egiteko eskubidea bermatu arte.
- Enplegu Publikorako Legearen aldaketak ezinbestean hiru oinarri izan ditzan:
- EAEn euskarak eta gaztelaniak ofizialtasun maila bera izan dezaten aldarrikatzea edozein estatus juridikoren eztabaidaren abiapuntu gisa.
- Euskaldunon hizkuntza eskubideak defendatzen dituzten eragile guztiak babestea eta Eusko Jaurlaritzak LAB eta ELA baztertzeko hartu duen erabakia salatzea.
Euskaldunon aurkako zapalkuntza eta bazterketa saiakeren aurrean, plazak betetzeko eta antolatzeko deia egiten dute LABek, ELAk eta Steilasek. Maiatzaren 9an langile gisa eta euskaltzale gisa Bilbora joateko deia egin dute, lehen urratsa gisa; ondoren, ekainaren 13an Euskalgintzaren Kontseiluak deituta Iruñea euskaltzalez betetzeko deia egin dute sindikatuek.

