2026-04-23
HomeEkintza SindikalaLAB, ESK, STEILAS, EHNE-Etxalde e HIRUk absentismoaren gezurra salatu, eta lan-eskubideen defentsa...

LAB, ESK, STEILAS, EHNE-Etxalde e HIRUk absentismoaren gezurra salatu, eta lan-eskubideen defentsa aldarrikatuko dute apirilaren 28an

Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Nazioarteko Eguna da apirilaren 28a. Hori dela eta, LAB, ESK, STEILAS, EHNE-Etxalde eta HIRU sindikatuek manifestazioa egingo dute Donostian, Bulebarretik hasita, 12:00etan, Absentismoa: gezurra ari du. Gure lan-eskubideak defenda ditzagun! lelopean. Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren parean amaituko da mobilizazioa, eta sindikatuek 2025ean Euskal Herrian hildako 84 langileak irudikatuko dituzte.

Patronalak horrenbeste aipatzen duen absentismoa langileen prekaritatea baino ez dela salatuko dute sindikatuek, eta prebentzio falta ere prekaritatea dela.

Mobilizazioaren deitzaileak diren sindikatuek uste dute negozioa langile klasearen bizitza eta osasuna babestearen aurretik jartzea dakarrela etekinen bilaketa aseezinak, eta langile klasea hainbat modutan esplotatzen duen sistema batean oinarritzen dela, bereziki gazteak, emakumeak eta pertsona arrazializatuak. “Bizitza guztiek ez dute kapitalarentzat berdin balio, eta hori gordintasunez islatzen da lan baldintzetan”, gaineratu dute.

Gainera, gogoan izan dituzte iaz, Euskal Herrian, lanean ari zirela hildako 84 langileak, baita askoz sakonagoa eta ikusezinagoa den laneko gaixotasunen ondorioz hildakoen eta kalte fisiko eta mentalak jasaten dituztenen errealitatea. “Lan batzuek hil egiten dute, eta beste askok —gehienek— ez dute bizitzen uzten”, salatu dute. Gaineratu dute lan hauek argiki baldintzatzen dituztela generoak, klaseak eta arrazak. Horrela, emakumeak dira, bereziki migratu eta arrazializatuak, modu neurrigabean sektore prekarizatuenetan, ikusezinenetan eta babesgabeenetan ari direnak.

“Patronalak eragiten duen epidemia hilgarri eta isil baten aurrean gaude”, nabarmendu dute sindikatuek, eta salatu dute honek ez duela ezer egiten honen inguruan, eta sistematikoki urratzen duela Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legea, berau onartu eta 30 urtera. Adierazi dute prebentzioa enpresen antolamenduan integratu ez izanak eta, ondorioz, prebentzio neurririk ez hartzeak oso arazo larriak sortzen dituela: heriotzak, ezintasunak, gaixotasunak, halakotzat aitortu gabeko laneko bajak eta osasun sistema publikoaren degradazioa.

LAB, ESK, STEILAS, EHNE-Etxalde eta HIRUk gaineratu dute erantzukizunen utzikeria hori ez litzatekeela posible izango administrazioaren permisibitaterik eta konplizitaterik gabe, eta borondate politiko faltak errealitate hau betikotzea ahalbidetzen duela. Horrela, kontrol faltak, zigor eraginkorren faltak eta prebentzio arloko utzikeriak ereduak irautea ekarri dute eta hiru hamarkadetako ez betetzeek erabateko zigorgabetasuna eragin dute. Proposatutako neurriek langileen gaineko kontrola indartu eta mutualitateei botere handiagoa ematen dietela ere adierazi dute sindikatuek, pribatizazioan sakonduz eta prebentzioa ahulduz. “Patronalak sortu du arazoa eta orain langile klasea egin nahi du horren erantzule”, gaineratu dute.

Era berean, sindikatuek nabarmendu dute ez dagoela “absentismoari” buruzko berririk gabeko egunik. Horrela, iruzur orokortuaren ideia zabaltzen saiatzen da patronala, enpresen bideragarritasuna eta osasun sistema arriskuan jartzen duten justifikatu gabeko bajena.

“Hala ere, ez da argitzen kontzeptu horrek benetan zer barnebiltzen duen”, kritikatu dute. Sindikatuen ustez, borrokaren bidez lortutako eskubideak biltzen ditu: diru sarrerak galdu gabe gaixotzeko, kontziliatzeko edo eskubide sindikalak gauzatzeko eskubidea edo Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedienteak bezalako egoerak. Azpimarratu dute patronalak modu ez oso zorrotzean erabiltzen duela terminoa, asmo argi batekin: bere interesen aldeko iritzi publikoa sortzea.

LAB, ESK, STEILAS, EHNE-Etxalde eta Hiru sindikatuen ustez, ustezko “arazo” horren atzean mutualitateen boterea indartzeko, osasun sistema publikoa are gehiago ahultzeko eta pribatizazioan aurrera egiteko asmoa ezkutatzen da, “langileok lanera gaixorik joan gaitezen, eta, ondorioz, langile-klasearen eskubideak murriztu eta enpresen etekinak handitu daitezen”.

Horrela, sindikatuek gaineratu dute borrokan jarraituko dutela guztiontzako lan baldintza duinen alde, ikusezinak diren lanen aitortza eta babesaren alde, genero eta arraza esplotazioa amaitzearen alde eta pertsona guztientzako osasun eta bizitza eskubidea bermatuko duen osasun sistema publiko, unibertsal eta kalitatezkoaren alde.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Eudelen mahai-negoziatzailearen bezperan ELA eta LABek egin dugun 2 ordutako lanuzteak jarraipen zabala izan dute

75 mobilizazio baino gehiagotan EUDELi eta EAJ, EH Bildu eta PSE-EEri exijitu diegu Udalhitzeko eta udaletako mahaietan edukiak orain ekartzeko Gaurko egunerako, EUDELek Udalhitzeko mahai-negoziatzailea...

LABek Tubos Reunidosen enplegu-erregulazioko espedientearen aurkako demanda erregistratu du, eta azalpenak eskatu ditu prozesuaren opakutasunaren aurrean

LABek gaur aurkeztu du epaitegian Tubos Reunidosek planteatutako enplegu-erregulazioko espedientearen aurkako demanda, beste urrats bat emanez lanpostuen defentsan eta justifikaziorik ez duten enpresa-erabakien aurrean. Demanda...

San Juan de Dios ospitaleko langileek “low cost” lan baldintzak salatu dituzte

Enpresa Batzordeak (LAB eta independenteak) ohartarazi du lan-gainkarga, soldata-geldialdia eta egoera jasanezina dagoela ospitalean, akordioa hamar urtez eguneratu gabe egon ondoren. San Juan de Dios...