2026-04-22
HomeEkintza SindikalaProtesta ArcelorMittalen, Legasako plantan kaleratu duten langileagatik

Protesta ArcelorMittalen, Legasako plantan kaleratu duten langileagatik

ArcelorMittal Lesakako enpresa batzordeak Legasako lantokiko langile baten diziplinazko kaleratzea salatu du. Langile hori martxoaren 26an kaleratu zuten, “berehala eta kalte-ordainik gabe”. Protesta gisa, batzordeak lanuztea deitu du apirilaren 24rako, 13:00etatik 15:00etara.

Batzordearen arabera, kaleratzearen oinarria langilearen ustezko desobedientzia da; izan ere, enpresak idatziz agindu zion larunbatean, otsailaren 21ean, lan egiteko, lanaldi irregularra aplikatuta. Ordezkari sindikalek azaldu dute, neurri hori ezin zela aplikatu batzordearekin aldez aurretik akordioa lortu gabe, hitzarmen kolektiboak ezartzen duen bezala, eta hau ez zen gauzatu.

Enpresa eta batzordearen arteko akordio ezak, Legasako lantegian materialaren pilaketaren jatorriari buruzko desadostasun batetik zetorren. Enpresak urte hasieran egindako inbertsioarengatik, geldialdia luzatu behar izan zuela eta atzeratutako lan zama arrazoi nagusitzat jotzen du. Batzordetik ordea, langile faltagatik sortu diren geldialdiei egokitzen die zama hau.

Testuinguru horretan, lan-taldeak indartzeko eta lehen seihilekoan geldialdi gehiago egitea saihesteko konpromisoa hartzeko akordio bat lortzen saiatu zirela adierazu du batzordeak, baina zuzendaritzak ez zuen proposamen hori onartu.

Akordiorik ez zenez lortzen, batzordeak kontsulta egin zien langileei batzar baten bidez, eta kontrako 16 boto, 2 zuri eta enpresak proposatutako neurriaren aldeko botorik ez erregistratu ziren. Hamar egun geroago, azkenean Legasako lantegian larunbatetan ez zela gehiago lan egingo jakinarazi zuen zuzendaritzak, eta, batzordearen arabera, erabaki horrek islatzen du enpresak ez duela borondaterik lan ordezkaritzarekin konpromisoak lortzeko.

Batzordearen ustez, kaleratze honekin enpresak helarazten duen mezua da lan eskubideak defendatzen dituzten langileak zigortuak izango direla. Kaleratutako langileak enpresan 27 urteko antzinatasuna zuen eta “bere lan eskubideak beti defendatu” dituen pertsona gisa deskribatu du batzordeak. “Orain errudun nagusi bihurtu nahi dute”, kritikatu du, “enpresak bota nahi duen mezua argia da, edonor izan daiteke hurrengoa. Bihar gutako edozein izan gintezke.”

Langileen ordezkariek azpimarratu dute egoera “ez dela kaleratze batera mugatzen”; haien ustez, duintasunari eta lan eskubideen defentsari eragiten die. “Hau erantzunik gabe pasatzen uzten badugu, gure eskubideetan atzera egingo dugu”, adierazi dute, langileriaren batasunari dei eginez: “beldurrik gabe eta zatiketarik gabe, lagundu dezagun kaleratutako langilea, berronarpetan orain!”, aldarrikatu dute.

Horregatik guztiagatik, enpresa batzordeak Lesakako eta Legasako langile guztiak apirilaren 24an lanuztea egitera deitu ditu, 13:00etatik 15:00etara. Legasako lantegiaren sarreran elkarretaratzea antolatu dute, “inposiziorik gabe enpresarekin berriro benetako eta eraginkorra izango den elkarrizketa soziala berrartzeko, lan baldintza duinen alde eta kaleratzeen aurka”.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

LABek salatu du Tubacexen hitzarmen kaskarrago bat inposatzeko presioa, beldurra eta presak erabiltzen ari direla

LABek publikoki salatu du Tubacexeko zuzendaritzak hitzarmenaren negoziazioan martxan jarri duen maniobra. Asanblada orokorraren eta plantillaren %90ek baino gehiagok babestutako lanuzteen ondoren, enpresa negoziazio-mahaitik desagertu...

LABek eta ELAk elkarretaratze bat deitu dute Lanbiden, lan-eskubideen galera eta eredu berriak segurtasun juridikorik ez duela salatzeko

LAB eta ELA sindikatuek —Lanbiden ordezkaritza sindikalaren gehiengoa dutenek— elkarretaratzea deitu dute gaur, erakundearen egoitza nagusiaren aurrean, lan-eskubideen galera eta zuzenbide pribatuko erakunde publiko...

Ikuskizun eta ekitaldien sektoreko langileen lehenbiziko greba eguna izango da maiatzaren 15ean

Ikuskizun eta ekitaldien sektoreko langileek grebara deitu dute maiatzaren 15ean, patronalaren blokeo sistematikoa salatzeko. Blokeo horrek lan eskubideetan aurrera egitea eragozten diela salatu dute.