2026-06-11
HomeEkintza SindikalaIkuskizun eta ekitaldien sektoreko langileen lehenbiziko greba eguna izango da maiatzaren 15ean

Ikuskizun eta ekitaldien sektoreko langileen lehenbiziko greba eguna izango da maiatzaren 15ean

Ikuskizun eta ekitaldien sektoreko langileek grebara deitu dute maiatzaren 15ean, patronalaren blokeo sistematikoa salatzeko. Blokeo horrek lan eskubideetan aurrera egitea eragozten diela salatu dute. Jarraian duzue LAB, Teknikariok, ESK, UGT, ELA eta CCOO sindikatuen irakurketa:

Pasa den otsailaren 23an iragarri genuen lan-ikuskaritzan salaketak erregistratzeaz gainera, mobilizazioei bide emango geniela. Gaur sektore honetan historikoa den borroka eguna iragarri nahi dugu: sektoreko greba eguna maiatzaren 15ean.

Bi urteko negoziazioen ondoren, sindikatu deitzaileok mobilizaziorako deia luzatu nahi dugu greba honen bidez. Borroka egun honekin, patronalaren blokeo sistematikoa salatu nahi dugu, lan-eskubideetan aurrera egitea eragozten duelako eta lan-bizitza eta bizitza pertsonala uztartzea larriki zailtzen duten baldintzak betikotzen dituelako.

Teknikariok, ESK, LAB, UGT, ELA eta CCOO sindikatuok osatzen dugu orain bi urte atzera eratu genuen Euskal Autonomia Erkidegoko ikuskizunen eta ekitaldien sektorearen (EAE) negoziazio mahaia. Sindikatu guztiok iragarri dugun deialdi hau mugarria da sektoreak duen borrokan.

Denbora honetan guztian, sindikatuok erantzukizun-jarreraz aritu gara, sektore honen berezitasun nabarmenak dauzkala ulertuta. EUKI patronalari negoziaziorako aukera eman diogu une oro, elkarrizketarako eta akordiora iristeko borondatea izango zuela sinetsita. Ordea, ustezko elkarrizketa hori blokeatzeko eta higatzeko patronalak izan duen estrategia besterik ez da izan.

Patronalak paralisiaren eta benetako proposamenen faltaren alde egin du blokeo egoera betikotzeko. 2025eko uztailetik hona luzatu den immobilismo horrek, benetako negoziazio-bide oro agortu ditu; izan ere, ezinezkoa da langileen gutxieneko eskubideak zapaltzen dituzten proposamenekin akordioak lortzea. Hala nola lan-egutegia edo lan egiteko aurreabisuak eta, beraz, kontziliazio zailtasuna, beste gauza askoren artean.

Sektore hau ezinbestekoa da ekintza eta ekitaldi kulturalak egon daitezen. Horregatik, sindikatuok publikoki salatu nahi dugu EUKI patronalak horrekiko duen arduragabekeria eta lan-baldintza duinak bermatzeko interes falta.

Horregatik guztiagatik, hitzarmen kolektiboaren blokeo sistematikoari aurre egiteko beharrezko erantzun gisa ulertuta, lehenbiziko greba egun honekin mobilizazio zikloari ekingo diogu.

Maiatzaren 15a aukera paregabea da sektorea itzalpetik eusten dutenen lana argitara ateratzeko eta merezi duten aitortza exijitzeko.

EAEko ikuskizunen eta ekitaldien sektoreko profesionalei dei egiten diegu aurki iragarriko ditugun mobilizazioetan parte hartu dezaten.

Sektore honetan urte asko daramatzagu prekarietatean murgilduta, normalizatzeraino ia. Kontzertu eta agerraldietatik bueltan makina bat aldiz kritikatu ditugun baldintza kaxkarrak aldatzeko garaia iritsi da; kalera irteteko eguna iritsi da.

M-15 greba. Ikuskizun eta ekitaldietako langileak borrokan.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Tubos Reunidosen etorkizunari begira konpromisoa, gardentasuna eta laguntza publikoak baldintzatzea eskatu diegu Industria Sailari eta aldundiei

Langileen ordezkariok bilera egin dugu gaur Eusko Jaurlaritzako Industria Sailarekin eta Arabako zein Bizkaiko Foru Aldundiekin, hartzekodunen konkurtsoaren ondorioz ireki den egoera aztertzeko.

Bizkaiko zaintzako langile pribatizatuak eta enplegu zentro berezietakoak borrokarako prest gaude eta borrokara goaz

Pribatizatuta dauden zaintza-zerbitzu publikoetako LABeko ordezkariek (egoitzetakoek, esku hartze sozialekoek, etxez-etxeko laguntza zerbitzuetakoek, Beti-ON-ekoek eta aniztasun funtzionalekoek) eta enplegu zentro berezietakoek sektore bakoitzeko errealitateak...

Jarraipen zabalarekin abiatu da Nafarroako grafikagintzako greba eguna

LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuok Grafikagintzako sektoreko greba eguna izaten ari den jarraipen zabala nabarmendu nahi dugu, Nafarroan sektoreko Hitzarmen Kolektiboa berreskuratzea eskatzeko deitua, 2014tik AEGRAN patronalaren erabakiaren ondoren indargabetuta dagoena.