2026-10-26
HomeEkintza Sindikala"Absentismoa? Zuen negozioa! Gure eskubideak defenda ditzagun"

“Absentismoa? Zuen negozioa! Gure eskubideak defenda ditzagun”

Gaur, apirilaren 14an, LABek mobilizazio bat egin du Gasteizen “Absentismoa? Zuen negozioa! Gure eskubideak defenda ditzagun” lelopean. Mobilizazio honen bitartez, SEAk eta Arabako Foru Aldundiak abiatu duten absentismoaren inguruko kanpaina salatu nahi izan du.

Izan ere, SEAk langileon eskubideak murriztu nahi ditu absentismoaren mamuarekin, beraien negozioa, beraien etekinak handitzeko. Gaur egun, patronalaren proposamen zehatz bakarra da bajan egoteagatiko osagarriak murriztea eta herrialdeko garbiketa eta ostalaritza hitzarmenetan beste sindikatuek onartu egin dute hori. LABek gogorarazi nahi du patronalak eta Aldundiak “absentismoa” deitzen dutena eskubideak direla: lan eskubideak, osasun eskubideak, eskubide sindikalak. Horiek murriztea bilatzen dute baina LABek defendatu egingo ditu, kosta ala kosta, patronalaren eta erakundeen aurrean.

Arabako Foru Aldundiak diskurtsoa erosi dio SEAri eta haien ondoan kokatu da. Ez hori bakarrik, aurten 102.000 € eman dizkio SEAri absentismoaren mamuarekin jarraitzeko, aurrekontuetatik kanpoko partida batean eta beraien negozioa borobilduz. Iazko maiatzean plan bat aurkeztu zuten, eta orain diagnostiko bat eta estrategia berriak bultzatu nahi dituzte; non daude plan horren emaitzak? Beraz, berriro ere langileak defendatu beharrean, diru publikoa oparitzen dio patronalari langileon eskubideak murrizteko.

Aldi berean, LABek salatu nahi du Araban aurten jada 5 langile hil direla, ehunka lan istripu egon direla, patronalak prebentzio neurriak urratzen dituelako inpunitate osoz. Beraz, patronalari diru publikoa oparitu beharrean, zergatik ez dute inbertitzen prebentzio araudiaren betetze mailaren auditoria tekniko ofizial bat egiten, Nafarroan egin den bezala? 

Bukatzeko, ikusita lan istripuen aurrean Ramiro Gonzalez Ahaldun Nagusiak ez duela adierazpenik egin eta ez duela ezta kezka minimo bat helarazi ere, honakoak erreklamatzen dizkio LABek:

  • Patronala presionatzea prebentzio neurriak bete ditzan.
  • Bere eskumenen barruan eta pribatizatutako sektoreetan prebentzioa bermatzea, langileon lan osasuna zaintzeko.
  • Osakidetza indartzea, pribatizazioari buelta emanez eta osasun zerbitzu publiko eta kalitatezkoa bultzatuz, guztion osasuna hobetzeko. 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek CAF gela bertan behera uzteko EHUren erabakia babesten du

Sindikatuak salatu egiten du Eusko Jaurlaritzako sailburuek, eta zehazki Perez-Iglesias sailburuak, eta Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak egin dituzten adierazpenak. Genozidioaren kontura negozioa egitea ez da defendagarria.

Olaberriako Arcelor Mittalen negoziazio esparru propioa errespetatzeko eskatzen diogu zuzendaritzari

Joan den ostiralean, zuzendaritzak negoziazio mahaia hautsi eta hiru egun lehenago azken proposamen gisa landurikoa mahai gainetik kendu zuen. Erabili zuten aitzakia “Olaberriaz kanpoko mahaien presioak eta esku-sartzeak" izan ziren. Dirudienez, Asturiasko lantegiren batean, sindikatuek Olaberriako balizko akordioa erakutsi dute presio neurri gisa.

Nafarroako bulegoetako hitzarmenean patronalaren blokeoa salatzen dugu

Nafarroako bulegoetako hitzarmen sektorialari 2025eko abenduaren 31an amaitu zitzaion iraunaldia. Negoziazio mahaia urte hasieran osatu zen. Geroztik hamaika izan dira patronalarekin izan ditugun bilerak, horietatik gehienak benetako aurrerapenik gabe. Uda aurretik, lau sindikatuok negoziaketan aurrera egiteko asmoz, oinarrizko puntuen proposamen bateratua helazari genion patronalari, honek konkrezioa eskatzen zigun bitartean.