Joan den abenduan iragarri zuen bezala, eta behin betiko testuan aldaketarik egin ez direla ziurtatu ostean, LAB sindikatuak ez du Arabako adinekoen egoitza pribatuen eta etxebizitza komunitarioen lehen hitzarmen kolektiboa sinatuko.
Gaur, 2026ko apirilaren 13an, astelehena, eguerdiko 13:30ean Gasteizko Lan Harremanen Kontseiluan (LHK), hitzarmen hau sinatuko da. Testua aztertu ondoren, lan-zentroetan araututako baldintzak mantentzea bermatuko duten blindaje-klausulak ez dituela jasotzen salatzen du LABek. Berme horiek gabe, sektoreko hitzarmenik gabeko urteetan, enpresaz enpresa lortutako hobekuntzak arriskuan daude orain.
Akordio honek arriskuan jartzen ditu Arabako egoitza askotan langileen borrokei esker lortutakoak, hitzarmenak ez duelako “Baldintza onuragarriagoen bermea” edota ad personam klausula jasotzen. Hau da, enpresa esparruko akordioen indarraldia amaitzean, hauen baldintzak galtzeko arriskua dago. Egoera hau bereziki larria da, zuzenean eragiten dielako sektoreko langileen ia erdiari, haien egungo lan-baldintzak kolokan jarriz.
LABek hasieratik defendatu eta sustatu du adinekoen egoitza pribatuetako borroka, lurralde mailako arauketa ezinbestekotzat jotzen baitu. Urte guzti hauetan LAB borrokan mantendu duten arrazoiak honako hauek izan dira: estatalizazioaren aurkako borroka eta Arabako sektoreko langile guztientzako justiziaren aldeko konpromisoa, enpresen arteko soldata eta lan baldintzen aldeak ezabatzea bilatuz.
LAB sindikatuaren ustez, patronalei men egitea eta langile askoren hobekuntzak arriskuan jartzea arduragabekeria handia da; akordio hau oso urrun dago sektoreak merezi duen hitzarmena izatetik. Arduragabekeria horrek bat egiten du Arabako Foru Aldundiaren jarrerarekin; izan ere, Gizarte Politiken Sailak, sektore honekiko urteetako utzikeriaren ostean, langile askoren eskubideak urratzen dituen akordio bat sustatu du orain.
Erakundeei behin eta berriz gogorarazten die LABek egoitza pribatuetako langileak langile publikoak direla. Horregatik, konpromiso errealak exijitzen dizkie lurralde honetako agintariei, sektore honetako langileak barne bilduko dituen zaintza-sistema publiko baten aldeko urratsak eman ditzaten.
Norabide horretan, eta egungo testuinguruak lortutako eskubideetan atzerapausorik ekar ez dezan, LABek egoitzaz egoitzako borroka bultzatuko du berriro. Sindikatua ez da geldituko egoitza pribatuetako sektoreko lanak behar dituen baldintza duinak lortu arte.

