2026-06-25
HomeIndustriaArte GrafikoakLABek ekimena hartu zuen, eta sektoreko langileek Bizkaiko Arte Grafikoen hitzarmen berria...

LABek ekimena hartu zuen, eta sektoreko langileek Bizkaiko Arte Grafikoen hitzarmen berria lortu dute

Bizkaiko Arte Grafikoen sektoreko LABeko ordezkarien batzarrak negoziazio mahaian lortutako aurreakordioa babestu du, eta, horrela, argi berdea eman dio sektoreko hitzarmen berriari, hiru urteko negoziazio, mobilizazio eta borrokaren ondoren.

Hitzarmen hau ez litzateke posible izango sektoreko langileen konpromisorik gabe, ezta hamarkada bat baino gehiagoz enkistatuta egon den egoera desblokeatzeko LABek hartutako ekimenik gabe ere.

Aurreko hitzarmena berritu gabe zegoen 2011tik, ia 15 urtez. Denbora horretan guztian, sektoreak prekarizazio handia jasan du, enpresa gehienak akordio propiorik gabe eta lan-baldintzetan hobekuntzarik gabe egon direlarik. Egoera horren aurrean, 2023an LABek ekimena hartu zuen negoziazio mahaia aktibatzeko eta sektoreari hitzarmen duin bat itzuliko zion prozesu bat abiatzeko.

Urte gogorrak izan dira. Patronala negoziazioa baliatzen saiatu da eskubide kontsolidatuetan atzerapausoak sartzeko eta beheranzko hitzarmen bat inposatzeko. Ez du lortu. Sektorearen mobilizazioa funtsezkoa izan da murrizketa horiek eragozteko eta aurrerapausoak behartzeko. Prozesu horretan 19 greba-egun egin dira; horietatik 7 azken zikloari dagozkio, mobilizazio ugariz gain.

Testuinguru horretan, garrantzitsua da gogoratzea joan den martxoaren 17an greba orokorra egin zela, euskal gehiengo sindikalak deituta, 1.500 euroko gutxieneko soldata defendatzeko. Hitzarmen berri honek helburu hori jasotzen du, gutxieneko soldata hori bermatuz, eta hori aurrerapen esanguratsua da sektorearentzat.

Gaur esan dezakegu borrokak balio izan duela hitzarmena berreskuratzeko eta sektorearen lan-baldintzak hobetzeko.

Hitzarmen berriak aurrerapen garrantzitsuak jasotzen ditu:

  • Sektoreko hitzarmena berreskuratzea, hamarkada bat baino gehiago igaro ondoren
  • Patronalak ez du lortu eskubideak murriztea
  • Soldata-taulak %19,53 eguneratzea, 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera
  • 2026ko KPIaren bermea 2027rako, patronalaren blokeo-puntu nagusietako bat
  • 1.500 euroko gutxieneko soldata bermatua
  • 12 orduko lanaldi-murrizketa; 2027an urteko lanaldia 1.694 ordukoa izango da
  • Ez-aplikatzeko klausula, adostutakoa betetzea indartzen duena
  • Berdintasun Batzordea, sexu-jazarpenaren aurkako protokoloa eta LGTBI kolektiborako neurriak

Akordio honek erakusten du, sektore txiki batean ere, langileak antolatu eta borrokatzen direnean, posible dela aurrera egitea eta lan-baldintzak hobetzea. 

LABetik balioa eman nahi diogu sektoreko langileek prozesu honetan zehar erakutsitako konpromisoari. Bereziki, gure ordezkarien eta afiliatuen lana, funtsezkoa izan baita antolaketa bultzatzeko, mobilizazioari eusteko eta hitzarmenaren aldeko borroka bizirik mantentzeko.

Une batzuetan, hitzarmena berriro blokeatuta geratzeko arriskua benetakoa izan da, halako garrantzia duen negoziazio bati aurre egiteko behar den ekimen eta konpromiso faltaren ondorioz. Baina ekimenak, borrokak eta sektorearen erabakitasunak hitzarmena berriro ahaztuta geratzea saihestu dute.

Gaur egun, Bizkaiko Arte Grafikoen sektoreak hitzarmena du.

Eta borroka kolektiboari esker lortu du.

DENON ARTEAN LORTU DUGU! GRAFIKAGINTZAKO HITZARMEN DUINA! 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABen pozik hartu dugu Etxebizitza Legearen onarpena, baina neurri sakonagoak eskatzen ditugu

Nafarroako Parlamentuak Etxebizitza Legearen aldaketa onartu du gaur. LABen ustez, lorpen hau sindikatuak eta maizterrek egindako borroka sindikalaren ondorioa da. Legea onartzeak esan nahi du alokairura bideratutako Babes Ofizialeko Etxebizitzak ezin izango direla merkatu pribatuan saldu. Hala ere, LABek uste du legea berandu iritsi dela Testa funts putreak kaltetutakoentzat eta neurri sakonagoak eskatu ditu.

Laneko bajak ez direla absentismoa gogorarazi dugu, eta patronalak beharginekin haragi txikitua egiten duela salatu

Elkarretaratzea egin dugu Bilbon, haragia txikitzeko makina bat irudikatuta, etekin ekonomiko pribatuen mesedetan langileak muturrera eramatea beste helbururik ez duen diskurtsoa salatzeko.

ELIS MANOMATICek bere langileen osasuna arriskuan jarri zuen eta mehatxuekin erantzun zien 42 ÂșC-rainoko tenperaturetatik babestu zirenei

LAB sindikatutik publikoki salatzen dugu atzo arratsaldean Gallartako ELISen instalazioetan bizi izandako egoera larria. Garbitegiko langileek 3 ordu eta 15 minutuko geldialdia egin behar...