2026-05-04
HomeZerbitzu PublikoakIrakaskuntzaEAEko gizarte ekimeneko ikastetxeetako sindikatuok gatazka bideratzeko tajuzko proposamenak egiteko eskatu diegu...

EAEko gizarte ekimeneko ikastetxeetako sindikatuok gatazka bideratzeko tajuzko proposamenak egiteko eskatu diegu patronalei eta benetan busti dadila Hezkuntza Sailari

LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok Gasteizko legebiltzarrean agerraldia izan dugu gaur; bertan, legebiltzarreko talde desberdinei gizarte ekimeneko ikastetxeen gatazkaren egoeraren berri eman diegu, eta patronalak adostasunetara iristeko erakusten ari diren borondate eza zein hezkuntza sailaren inplikazio gabezia salatu ere.

Agerraldi honetan gogoratu dugu azken bi ikasturteetan ikastetxe hauetako langileek 27 greba egun gauzatu behar izan dituztela jadanik, 10 urte daramatelako lan-hitzarmenik gabe, soldata izoztuta, lan karga gero eta handiago eta baldintza gero eta eskasagoak pairatuz eta beraien lanpostua galtzeko arriskuan.

Baita, 2017ko azaroan sindikatuok negoziazio mahaitik altxatu aurretik ere, inolako aurrerapenik ekarri ez zuten 30 negoziazio mahaitik gora izan genituela eta mahaitik altxatu ondoren ere, sindikatuok planteatu ditugun mobilizazio eta grebek aukera eman dietela patronalei langileen eskaerei erantzungo dioeten proposamen eta planteamenduak egiteko eta hezkuntza sailari gatazkaren irtenbidean bustitzeko.

Haatik, patronalak gatazka bideratzeko proposamen eta planteamenduak egin beharrean, langileen eskaerei erantzun seriorik eman gabe mobilizazioa desaktibatzera eta negoziaketa itxura soila ematera bideratzen ari da bere ekintza guztiak. Horrela soilik uler daiteke ondoren atzera bota dituen proposamenak egin izana, gure negoziazio kolektiborako eskubidea mugatzera bideratuak dauden planteamenduetan tematuta jarraitzea, edota, maiatzeko greben bezperetan gertatu berri den moduan, adostasunetara iristeko aukerak zapuztera bideratzea bere ekintzak.

Hezkuntza sailak gatazkaren irtenbidean inplikatu gabe jarraitzen duela ere salatu dugu, modu horretan legebiltzarrak otsailean emandako agindua ez betez. Hau agerian geratu berri da beste behin ere sindikatuok maiatzak 30erako deitutako bileraren aurrean izan duen jarrerarekin. Bilerara ez etortzeko erabakia hartzeaz gain, sindikatuak bilera batera deitu gintuen, aurreko egunerako. Bilera horretan ordea, gai bakar bati buruz hitzegin nahi izan zuen, birkokapenari buruz ; haatik, gai honetan bertan ere ez zuen ordea aurrez egindako planteamenduarekiko inolako aldaketarik aurkeztu (eta honek ez du birkokapena bermatzen, eta ez du zerikusirik orain 4 urte baino gehiago sindikatuok helarazi genion birkokapen proposamenarekin ere ). Agerikoa da sindikatuok egindako bilera deialdiak suposatu zion interpelazioaren aurrean, bilera horretara etorri ere ez egiteko eta gatazka honetan busti gabe jarraitzeko aitzakia sortze izan zela helburu bakarra.

Azkenik, familien kezka ulertzen dugula eta honekin bat gatozela adierazi dugu eta arduragabekeria hutsa deritzogula patronalak planteamendu berdinetan tematuta jarraitzeari eta hezkuntza sailak ardura oro bere gainetik kentzeko saiakeran jarraitzeari. Horregatik, sindikatuok, beste behin ere, patronalei eta hezkuntza sailari bakoitzari dagokion ardurak bere gain hartu eta gatazka bideratzeko neurriak har ditzatela eskatu diegu, langileen eskaerei erantzun egoki bat emango dioten planteamendu eta proposamenak eginez.  

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Denon Bizitzak Erdigunean dinamikak zaintzaren inguruan antolatutako jardunaldietan parte hartzeko deia egiten du LABek

Aspalditik martxan duen zaintza sistema publiko eta komunitarioaren aldeko borroka ildoaren barruan, Denon Bizitzak Erdigunean dinamikak jardunaldi nazionalak egingo ditu datorren larunbatean, maiatzaren 10ean,...

LABek exijitu dio Toquerori, Tuterako alkateari, zentzua berreskuratzeko eta legez kontrako zentsuragatik dimititzeko

Sindikatuaren historia laburbiltzen duen 1974tik etorkizunera LAB zabaltzen erakusketak Tuterako La Rua gizarte etxean egon behar zuen ikusgai 2025eko urriaren 1etik 10era, baina Alejandro...

Saif Abukeshek eta Thiago Ávila aske. Global Sumud Flotillaren aurkako errepresiorik ez

Israelek nazioarteko uretan Global Sumud Flotillaren aurka egindako erasoak salatzen ditugu, zeinak oso larritzat jotzen ditugun, giza eskubideak eta nazioarteko legedia urratzen dituztelako. Era berean, Thiago Ávila aktibista brasildarraren eta jatorri palestinarra duen Saif Abukeshek kataluniarraren atxiloketa salatzen dugu.