2026-03-17
HomeEkintza SindikalaIgor Arroyo: “Gaurko indar erakustaldiarekin, bi bideak berriz irekitzea lortu dugu”

Igor Arroyo: “Gaurko indar erakustaldiarekin, bi bideak berriz irekitzea lortu dugu”

Patronalak eta gobernuek gutxieneko soldata propioa erdiesteko bi bideak, negoziazio kolektiboarena eta politikoa, itxi badituzte ere, gaurko grebaren arrakastak biak irekitzea lortu duela azpimarratu du LABeko koordinatzaile orokorrak.

“Euskal langile klasearen indar erakustaldia” izaten ari da gaurko greba orokorra, Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorrak Bilbon adierazi duenez. Euskal langileriak aberastasuna eta boterea esku gutxitan pilatzen duen eredu injustuari “planto” egin diola nabarmendu du: “Bizitza aldarrikatu dugu. Munduan zanpaketa eta gerra zabaltzen ari diren honetan, gaurko egunak itxaropenaren mezua zabaldu du: badago alternatiba. Antolakuntza eta borroka kolektiboaren bidez, posible da Euskal Herrian beste eredu bat eraikitzea; eliteen interesak beharrean, herritar guztien bizitza erdigunean jarriko duen eredua”.

Hego Euskal Herriko errealitateari egokitutako gutxieneko soldata izatea “eskaera zehatza, justua eta bideragarria” dela gogoratu du Arroyok, baina deitoratu du patronalak eta gobernuek mespretxatu egin dutela eskari hori. Martxan jarritako bi bideak, negoziazio kolektiboarena eta politikoa, itxi egin nahi izan dituztela deitoratu du, baina gaurko grebaren arrakastak bi bide horiek berriz irekitzea lortu duela azpimarratu du.

Negoziazio kolektiboari dagokionez, grebak “indarra eta adorea” eman die “euren hitzarmenen alde, euren lan baldintzen alde eta euren lanpostuen alde” borrokatzen ari diren langileei, koordinatzaile orokorraren arabera: “Greba deitu dugunetik hainbat hitzarmen desblokeatzea lortu dugu. Patronala mugiarazi dugu negoziazio mahaietan”.

Indar horrekin, datorren astean patronala negoziatzera deituta dagoela oroitarazi du: “Aukera izango du bere jarrera zuzentzeko. Aurretik bi ezezko eman dizkigu eta bi ezezko horiek indartu egin dute langileon posizioa: gaur gutxieneko soldata agenda sozial eta politikoaren erdigunean dago; gaur sindikalismoa indartsuago dago; gaur Confebask auzitan dago”. Horregatik, mezu argia helarazi dio patronalari: “Pentsa ezazue ongi zer egitera zoazten. Gu prest gaude hitz egiteko, prest gaude akordioetarako. Baina, hori bezain argi esaten dizuegu: prest gaude borrokarako, eta gaur erakutsi dugu”.

Bestalde, bide politikoa irekitzea ere lortu dela adierazi du Arroyok. “EAJ, PSE eta PSN estu hartu ditugu eta mugiarazi ditugu. Agerian utzi dugu zein den euren autogobernuaren eredua: eskuzabala enpresarientzat, zekena langileentzat”. Partida, haatik, ez dela amaitu nabarmendu du, eta nabarmendu du Hego Euskal Herriko, Galizako eta Kataluniako ezker subiranismoak gaiarekiko konpromisoa adierazi izana. Aldekotasuna eskatu die EAJri PSEri eta PSNri ere, orain arteko jarrera zuzendu dezatela, gutxieneko soldata propioa ezartzeko babes legalaren alde egiteko.

Gaurko greba orokorraren bidez euskal sindikalismoak historian beste orri bat idatzi duela esan du Arroyok, eta LABen konpromisoa berretsi du langile guztien eta bizi baldintzen alde borrokatzeko, olatu erreakzionarioari bidea ixteko eta Euskal Herriaren burujabetzari eta eraldaketa sozialari bultzada emateko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Goizean zehar grebaren jarraipen zabala zerbitzu publikoetara, hezkuntzara eta beste sektoreetara hedatu da

Martxoaren 17ko Greba Orokorra aurrera doa Hego Euskal Herri osoan; piketeek euren lanarekin jarraitzen dute. eta manifestazio nagusietara abiatzeko lehen zutabeak osatzen ari dira...

Greba Orokorra jarraipen zabala izaten ari da lehen orduetan

Martxoaren 17ko greba orokorra hasi da Hego Euskal Herri osoan; jarduera ohiko astegun batekoa baino askoz baxuagoa da, eta trafikoaren dentsitatea jaitsi da. Lantoki askotan...