2026-07-31
HomeNazioartea IdazkaritzaElkartasunaElkartasuna eta babesa eskaini nahi diogu USTEC Kataluniako sindikatuko Ramon Font-i, gaur...

Elkartasuna eta babesa eskaini nahi diogu USTEC Kataluniako sindikatuko Ramon Font-i, gaur Madrilgo Auzitegi Gorenean egin beharreko deklarazioa dela eta

LAB sindikatuak elkartasuna eta babesa erakutsi nahi dio, gaur Madrilgo Auzitegi Gorenean lekuko bezala deklaratzera deitu duten Kataluniako USTEC sindikatuko kide eta “Escoles Obertes” plataformako bozeramaile den Ramon Font-i. Horrela, Maider Izagirre irakaskuntzako arduraduna eta Koldo Saenz nazioarteko arduradunak buru izan dituen LABen ordezkaritza bat Madrilen dago gaur, epaiketan jarraitzen.

Ramon Font-i gure elkartasuna adierazteaz gain, Madrilen Kataluniako independentismoaren eta herrien erabakitzeko eskubidearen kontra egiten ari diren epaiketa gaitzetsi eta epaituak izaten ari direnei gure elkartasun osoa adierazi nahi diogu. Epaiketa honetan bere etorkizuna modu demokratikoan erabaki nahi duen Kataluniako herriaren gehiengo bat epaitzeaz gain, herrien autodeterminazio eskubidea bera epaitzen ari dira, eta hori onartezina dela deritzogu. Orain Kataluniako herria da estatuaren errepresio bortitza pairatzen ari dena, iraganean Euskal Herrian hainbatetan pairatu genuen bezala, beste behin Estatu espainarraren izaera anti-demokratikoa agerian utziz.

Behin baino gehiagotan adierazi dugu, edozein herriren garapenerako, hezkuntza funtsezko zutabea dela eta hori argi geratu da Katalunian emandako prozesuan eta independentziaren adierazpenean, Espainiako estatuak Kataluniako “Escola” jomugan jarri izan baitu.

Hezkuntzak pertsona kritikoak eta askeak garatu behar ditu, eta bereziki, zapaldutako herrien hizkuntza eta kultura bermatu beharko lituzke, alderdi hauek, herrien biziraupenarekin erabat lotuta baitaude.

Bestetik, lerro hauen bidez gure indar eta babes guztia bidali nahi diegu Kataluniako hezkuntza komunitatea osatzen duten kideei, bereziki langileei, datorren maiatzaren 16an lan baldintzak hobetzeko asmoz, deitu duten greba deialdia dela eta.

Euskal Herrian ere, azken urteetan, lan zentroak hustu eta kalera irten gara lan baldintzak hobetu eta herri honek behar duen benetako hezkuntza publikoa aldarrikatzera. Hezkuntza, jendartearen eraikuntzarako bidean, eraldaketarako tresna bezala ulertzen baitugu eta horretan dihardugu egunero.

Borrokaren balioa azpimarratu nahiko genuke, gobernuaren jarrera mugiezina pitzatzeko balio duelako. Etorkizuneko hezkuntza sistema, langileon lan baldintza duinak jasotzeaz gain, herriaren beharretara egokitu beharko da, eta gainera, ikaslea erdigunean kokatuko du, berau ardatz bilakatuz eta hezkuntza kalitatea bera bermatuz

Gure elkartasuna adierazteaz gain, aurrera jarraitzeko indarra bidaltzen dizuegu. Lanean jarraituko dugu, burujabetza bidean, herri gisa ditugun erronka sozial eta nazionalei erantzuteko, egun Euskal Herriak eta Kataluniak bizi dugun menpekotasuna gainditzeko.

Belaunaldi askeak, langile askeak, herri libreetan!
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Helegiteak aurkeztu dizkiegu 1.200 milioitik gorako kostu estimatua duten anbulantzien makro-esleipenei, eta pribatizazioaren aldeko apustua salatzen dugu

Sindikatuak errekurtso berezi bat jarri du Osasun Sailaren pleguen aurka, Oinarrizko Bizi Euskarriko eta Garraio Programatu eta Hitzartuko zerbitzuei dagokienez. Bestalde, salatu du Alberto Martínez sailburuak Osasun Planaren ildoak alde batera uzten dituela, gizartearen eskaerari entzungor egiten diola eta beste autonomia-erkidego batzuetan osasun-zerbitzuen kudeaketa publikoa berreskuratzeko izandako esperientzia arrakastatsuak ere baztertzen dituela, lan-arloko ez-betetzeengatik ezagunak diren enpresa piratak saritzen jarraitzeko.

Patronalak Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen hitzarmenerako proposamen bat aurkeztu du, eta LABek langileen erabakipean jarriko du

Proposamenean jasotzen diren aurrerapenak urte eta erdi baino gehiagoko negoziazioaren emaitza dira, eta, batez ere, langileen egindako borrokaren eta greben ondorio dira.

Hezkuntza Sailak udal haur eskolei finantzaketa kentzeko aldebakarrez hartutako erabakiaren aurrean, bertako langileak babesten dituen akordioa lortu du LABek

Andoaingo, Usurbilgo, Oiartzungo, Ordiziako, Aretxabaletako eta Gaubeako langileek bertako haur hezitzaile izaten jarraitzeko akordioa sinatu du LABek; ez da kaleratzerik egingo, eta karrerako funtzionarioek tokiko administrazioan haien izaerari eutsiko diote jubilatu bitarte.