LABek EUDELI eta bere lehendakaritza duen PNVri eskatu dio azaroaren 7tik bizi dugun blokeoarekin hausteko eta mahaietara negoziatzeko eduki nahikoak ekartzeko.
LAB sindikatuak Udalhitzen negoziazioak bizi duen blokeo egoeraren aurrean abiatu duen mobilizazio dinamikaren lehen urratsa izan da gaurkoa. Izan ere, azaroaren 7an EUDELek eta bere lehendakaritza duen PNV alderdiak mahaia blokeatu zutenetik aurrerapausorik ez delako eman erabaki zuen LABek mobilizazioekin hastea, negoziazioa hasi zenetik urte eta erdi igaro delako eta luzamenduetan ari direlako. Gogora dezagun 16 urte beteko direla Udalhitzen lan-hitzarmena sinatu zenetik eta geroztik ez da lan-hitzarmena berritu.
Esan bezala, urte eta erdi luze honetan gutxi izan dira egon diren aurrerapenak, mahai negoziatzailearen eraketa 2025eko apirilean izan zen eta bost bilera burutu ondoren, azaroaren 7tik mahai negoziatzailea blokeaturik egon da. Ez deialdirik ez proposamenik gabe.
Hori horrela, azken bilera horretan LABek EUDELi eskatu zion langileekiko arduraz eta begirunez joka zezala eta Udalhitz berrirako akordio-zirriborro integrala lehen bai lehen bidaltzeko eta mahaira eramateko.
Azkenean, biharko egunerako, otsailaren 27rako heldu da Udalhitzen mahai-negoziatzailearen hurrengo deialdia. Mahai horretarako EUDELek aurkeztu dituen proposamenak LABen aburuz oso orokorrak dira, eta ikusteke dago ia alderdi politikoek negoziatzeko benetako borondatea aurkezten duten edo ez. Borondate hori exijitzeko mobilizazioa ere da gaurkoa, bileretan denbora galtze gehiago gertatu ez dadin.
Beraz, LABek mahaia edukiz bete dezaten exijitzen du eta negoziatzeko borondaterik eta eduki zehatzik ez badago ez du baztertuko mobilizazioak areagotu eta grebetara joatea. Luzamendu gehiagorik ez dugu onartuko, 4 hilabete pasa baitira ez aurrera ez atzera.
Hauek dira LAB sindikatuak Udalhitz berrirako borrokatuko dituen lehentasunezko edukiak:
- Negoziazio-marko propioa. Hemen erabakitzearen premia, Estatuko inposizioak gaindituz.
- Pribatizazioak gelditzea eta publifikazioak. Udalek berezko dituzten zerbitzuen kudeaketa publikoa garatzea eta publifikazioak sustatzea.
- Enpleguaren loturiko neurriak. Behin-behinekotasuna jaistea, enplegua sortzea, %100eko jardunaldiak ezartzea sektore feminizatuetan eta hautaketa deialdi propioak eta lekualdatzeak egitea.
- Gazteberritze-planak. Udal guztiek gazteberritze-planak jasoko dituzten giza-baliabide planak izateko derrigortasuna. Adinaren araberako lanaldi murrizketak adostea, soldata eta kotizazioan galerarik izan gabe eta lanaldi murrizketa horiek metatuak izateko eskubidea jasotzea. Errelebo kontratuak bermatzea lan-kontratuko langileentzat.
- Jardunaldi jaitsiera: Lan astea 30 ordutara jaistea. Udal musika eskoletako eta Euskaltegietako jardunaldi eta irakastorduen murrizketa.
- Lanpostu balorazioak egitea: Lanpostuen balorazioak egitea lan-kategorien arteko arrakala murrizteko.
- Soldata-igoerak. Bizitzaren garestitzearen aurrean galdutako eros-ahalmena berreskuratzea. Soldata igoerak berme juridikoekin egiteko formulak adostea. Soldata-igoerak lineak izatea. Eta azpikontrataturiko langilerik ez egotea 14 pagatako 1500€ko gutxienezko soldataren azpitik.
- Klausula feministak. Berdintasun planak indarberritzeko neurriak. Soldata arrakalarekin amaitzeko neurriak. Jazarpen protokoloak eraginkorrak izatea. LGTBIfobiaren kontrako protokoloak adostea. Kolektibo maskulinizatuetan egoerari buelta emateko neurri zehatzak ezartzea, emakumeen kontratazioa burutzeko. Kontziliazio baimenak zabaltzea familia lotura gaindituko duten binkulogramen bidez eta zaintzari loturiko baimen gehiago.
- Euskararen normalizaziorako neurriak. Lanpostuetan euskara eta gaztelania parekatzeko segurtasun juridikoa duten tresnak adostea, lanpostu guztiak elebidunak izateko betekizuna ezarriz. Euskara lan-hizkuntza eta arreta-hizkuntza izateko eskubideak bermatuz. Lehen aldiz sarbidean, bi hizkuntza ofizialak derrigorrezkoak. Euskalduntzeko planak egun lanean ari diren langileentzat, epe zehatz eta baliabideekin. 12 urteetan lanpostu guztiek hizkuntza-eskakizuna izatea.
- Lan osasunerako neurriak. Kontingentzia profesionalak Gizarte Segurantzak kudeatzea. Bajak %100 ordaintzea baja amaitu arte. Arrisku psiokosozialen azterketak egitea eta hauek ekiditeko neurriak. Lan kargak arintzeko neurriak adostea.
- Trantsizio ekosozialerako neurriak. Lehentasunez mugikortasun plan adostuak ezartzea.
- Kolektibo espezifikoetan neurri konkretuak adostea. Euskaltegi, musika eskola zein oinarrizko lanbide heziketako zentroetarako lan-baldintzak hobetzeko neurriak ezartzea, lanaldia eta lan zamak jaistekoak.
Hortaz, mahai-negoziatzailean negoziatzeko borondatea izateko eta aipaturiko edukien baitan adostasunak lantzeko eskakizuna egiten dugu gaur. Eta bihar gertatuko denaren arabera, eta mahaian dauden edukien arabera mobilizazio horiek areagotuko ditugula iragartzen dugu.

