2026-09-01
HomeEkintza SindikalaParlamentuan erregistratutako lege-proposamenak gutxieneko soldata propioa izateko aukera hurbiltzen dio Nafarroari

Parlamentuan erregistratutako lege-proposamenak gutxieneko soldata propioa izateko aukera hurbiltzen dio Nafarroari

EH Bilduk eta Geroa Baik joan den astean lege proposamena erregistratu zuten Nafarroak bere Lanbide arteko Gutxieneko Soldata (LGS) ezartzeko eskumena izan dezan. LAB, ELA, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek uste dute martxoaren 17rako deitutako Greba Orokorra dela Parlamentuak lege hori onar dezan lortzeko tresnarik egokiena.

Joan den astean, EH Bilduren eta Geroa Bairen talde parlamentarioek, ekimenaren sustatzaile diren sindikatuek hala eskatuta, lege proposamen bat erregistratu zuten Nafarroako Parlamentuan, Nafarroak bere Lanbide arteko Gutxieneko Soldata ezartzeko eskumenak izateko helburuarekin. Zehazki, lege proposamenaren bidez Langileen Estatutuaren 27. artikulua aldatu nahi da, autonomia erkidegoek LGS propioa ezarri ahal izateko. Langileen Estatutuaren aldaketa lortzeko lehen urratsa da Nafarroako Parlamentuak foru lege bat onartzea Estatuko Gobernuari eskatuz Madrilgo Kongresuan estatu mailako legediaren aldaketa sustatzeko, Espainiako Konstituzioaren 87.2 artikuluak aurreikusten duen moduan.

Ondorioz, EH Bilduren eta Geroa Bairen lege proposamenean jasotako proposamenak legezko egokitasuna du, Parlamentuko zerbitzu juridikoek 2025eko urtarrileko txostenean egiaztatu zuten moduan. Gainera, LAB, ELA, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek planteatutako formulak jasotzen du mekanismo hori autonomia erkidegoek soilik erabili ahal izango dutela estatu mailako LGSa baino handiagoa den bat ezartzeko.

Nafarroak LGSren zenbatekoa ezartzeko eskumena bere gain hartzeko aukera zentzuzko kontua da. izan ere, Nafarroako bizitzaren kostua Estatukoa baino handiagoa da, eta Estatuko gutxieneko soldatarekin oso zaila da Nafarroan hilaren amaierara iristea. Horregatik, autogobernuan aurrerapauso argia izateaz gain, lan merkatuan ahulenak diren kolektiboei mesede egingo lieke (migratutako pertsonak, gazteak, feminizatutako kolektiboak…), eta, gainera, ezin izango litzateke Estatuko gainerako langileei kalte egiteko erabili. Horregatik guztiagatik, LAB, ELA, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek talde parlamentarioei lege honen aldeko botoa emateko eskatzen diegu. Helburu horrekin, urtarrilean zehar talde parlamentario guztiekin bildu gara, PPekin izan ezik —bilera hori egiteari uko egin baitzion— eta Voxekin, zeinari ez baitzioten bilera eskaerarik ere egin. Era berean, Gobernuko presidenteari eskatzen diogu gure erakunde sindikalekin biltzeari uko egiteko jarrera berrikus dezala, Nafarroako langileen %40 baino gehiago ordezkatzen baitugu.

Nafarroako Parlamentuan lege hau izapidetuko dela jakiteak garaipen bat dakar 2025ean zehar Nafarroak bere LGS propioa izan dezan mobilizatu diren langileentzat. Gogoratu behar da Nafarroako Parlamentuak Herri Ekimen Legegile baten izapidetzea eragotzi zuela; hala ere, LAB, ELA, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek sinadura bilketa bultzatu genuen, eta 18.316 sinadura bildu genituen, Herri Ekimen Legegilea martxan jartzeko eskatzen den gutxieneko kopurua hirukoiztuz.

Testuinguru honetan, lege hau abian jartzea lortu dugun honetan, LAB, ELA, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek uste dugu kalean eta lantokietan presioa egin behar dugula Nafarroako langile askoren bizi baldintzak hobetuko lituzkeen aldarrikapen hau lortzeko. Horretarako, martxoaren 17rako deitutako Greba Orokorraren deialdia berresten dugu, eta Nafarroako herritarrak Greba Orokorraren prestaketetan parte hartzera animatzen ditugu.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

LABek Nafarroako zahar egoitzetako lehen hitzarmena sinatu du #LortuDugu

Borrokaldi luze baten ostean, joan den martxoaren 17an Hego Euskal Herri osoan egin zen greba orokorraren alderdietako asko gauzatu dira hitzarmenean, besteak beste, 1.500...

Irunen izandako sexu erasoaren aurrean, sexu langileen eskubideak aldarrikatu ditu LABek

Era honetako egoerei aurre egiteko beharra duten langileei bere baliabideak eskaini dizkiegu LABen, erakundeei indarkeria matxistari aurre egiteko neurri eraginkorrak eskatzearekin batera. Sexu lana indarkeriarekin parekatzeak sexu langileei ahotsa eta agentzia kentzea eragin dezakeela ohartarazten dugu.

Navarrabiomed kalera atera da Nafarroako Gobernuaren aurrean, herritarrei informazioa ematen jarraitzeko eta hitzarmen duin bat eskatzeko

Navarrabiomed–Miguel Servet Fundazioko Langileen Batzordeak, LABeko bederatzi ordezkarik osatua, elkarretaratzea egin du Nafarroako Gobernuaren egoitza den Nafarroako Jauregiaren aurrean. Ekimenak helburu bikoitza izan du: herritarrei argi erakustea Navarrabiomeden egiten duten lanaren garrantzia eta langile guztientzako lan-baldintza duinak aldarrikatzea. Horrela, ikerketa biomediko publikoaren errealitatea hurbildu nahi izan zaio gizarteari.