2026-08-02
HomeIrakaskuntzaGizarte ekimeneko ikastetxeakPatronalari eta Hezkuntza Sailari arduraz jokatzen hasteko eta langileen eskaerei erantzunez Gizarte...

Patronalari eta Hezkuntza Sailari arduraz jokatzen hasteko eta langileen eskaerei erantzunez Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako gatazkari bide emateko erabakiak har ditzatela galdegiten diegu

Azken bi ikasturtetan sektorean gauzatu den 25. greba eguna eta ikasturte honetako 22. da gaurkoa. Eta gaur ere, izan duen babesa oso zabala izan da. Beste behin ere, 3.500 langiletik gora batu gara gaur Bilbon izandako manifestazioan, ikastetxeetan lan baldintzen okertzearen ondorioz bizi den nahigabe orokortuaren erakusgarri.

Sektore honetako langileok 10 urte daramatzagu gure lan hitzarmena berritu gabe, 10 urte soldata izoztuta, gure lan kargak gero eta handiagoak dira, eta jaiotze tasaren jaitsiera medio lanpostu galera garrantzitsu bat aurreikusten da datozen urteetarako. Langile kidego batzuk (hezkuntza-laguntzako espezialistak eta haur-hezkuntzako lehen zikloko langileak), feminizatuenak direnak, lan baldintza erabat prekarioak dituzte, DBH eta 2-DBHko irakasleak parekatzea egiteke dago oraindik; eta beharrezkoa da, halaber, Lanbide Heziketa gehiago arautzea.

LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok egoerari irtenbide egoki bat eman, negoziazioa bideratu eta langileen eskaerei erantzun serio bat emango dioten adostasunak erdiesteko helburuan berresten gara. Helburu horrekin eman ditugu azken urteetako pauso guztiak, eta bereziki azken hilabete eta asteetakoak.

Sindikatuok, bai patronal eta bai Hezkuntza sailari, gatazkari irtenbidea emateko eta adostasunak erdiesteko giltzarriak jasotzen dituen dokumentu bat helarazi genien pasa den asteko mahai negoziatzailearen ondoren. Dokumentu haren inguruko erantzun ofizialik jaso ez dugun arren, komunikabideen bidez egindako adierazpenen baitan ez patronal ez eta Hezkuntza Sailaren aldetik ere inolako pausorik emateko asmorik ikusten ez genuenez, LHKan bilera deialdi bat luzatu genien Astearte arratsalderako.

Patronalak azken hilabeteetan jarrera erabat aldakorra, ulergaitza eta larria izan du. Sindikatuokin izandako aldebiko bileretan adostasunak erdiesteko aukera irekitzen zuten planteamenduak egin arren, ondoren mahai negoziatzailean planteamendu hauek atzera botaz alde batetik, mahaian egindako azken proposamena definitibo eta aldaezina bezala aurkeztuz bestetik, eta atzoko bilerara agertu ere ez egiteko erabakia hartuz azkenik.

Hezkuntza Sailak berriz, gatazka honi irtenbidea emateko orain arte erakutsi duen interesa oso eskasa izan da, bere inplikazioa sindikatuokin biltzera mugatuz, sindikatuon eskariz eta jadanik sektorean 18 greba egun gauzatu ondoren soilik; Hezkuntza Sailari eta patronalei gela itxieragatik lanpostua galdu dezaketen langileen birkokapenaren inguruko planteamendua orain dela 4 urte helarazi bagenien ere, orain dela bi hilabete inguru arte ez du eman Hezkuntza Sailak gai honi buruz hitzegiten hasteko inolako pausorik. Astearteko bilera deialdiaren aurrean ere, deialdi hau gatazka bideratzeko aukera bezala baliatu ordez, eskuak garbitzen jarraitzea eta gatazkaren irtenbide egoki batean inplikatu gabe jarraitzea erabaki du.

LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok argi daukagu adostasunetara iristeko eta langileen eskaerei tajuzko erantzunak emanez gatazkari irtenbidea emateko ezinbestekoa izango dela patronalen aldetik negoziaziorako borondate erreala eta hezkuntza sailaren inplikazioa. Beraz, sindikatuok bai patronal eta bai Hezkuntza Sailari galdegin nahi diegu bakoitzak bere ardurak bere gain har ditzala, eta behingoz bai langile, bai familia eta bai ikasleen onuran, gatazka honi irtenbide egoki bat emateko neurriak eta erabakiak har ditzatela. Horrela, Astearte arratsaldeko bilerara ez etortzeko erabakia hartu bazuten ere, sindikatuok bilera deialdia luzatzen jarraitzen diegu edozein leku eta unetan.

Azkenik, langileak zoriondu nahi ditugu beste behin ere erakutsi duten tinkotasun, indar eta konbentzimenduagatik. Harro egotekoa da gure ikastetxeetako hezkuntza kalitatean eragin zuzena duten lan baldintzen kaskastzearen aurrean, lan baldintza horien alde borrokatzeko apustua egin duten langileak izatea gure ikastetxeetan.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Helegiteak aurkeztu dizkiegu 1.200 milioitik gorako kostu estimatua duten anbulantzien makro-esleipenei, eta pribatizazioaren aldeko apustua salatzen dugu

Sindikatuak errekurtso berezi bat jarri du Osasun Sailaren pleguen aurka, Oinarrizko Bizi Euskarriko eta Garraio Programatu eta Hitzartuko zerbitzuei dagokienez. Bestalde, salatu du Alberto Martínez sailburuak Osasun Planaren ildoak alde batera uzten dituela, gizartearen eskaerari entzungor egiten diola eta beste autonomia-erkidego batzuetan osasun-zerbitzuen kudeaketa publikoa berreskuratzeko izandako esperientzia arrakastatsuak ere baztertzen dituela, lan-arloko ez-betetzeengatik ezagunak diren enpresa piratak saritzen jarraitzeko.

Patronalak Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen hitzarmenerako proposamen bat aurkeztu du, eta LABek langileen erabakipean jarriko du

Proposamenean jasotzen diren aurrerapenak urte eta erdi baino gehiagoko negoziazioaren emaitza dira, eta, batez ere, langileen egindako borrokaren eta greben ondorio dira.

Hezkuntza Sailak udal haur eskolei finantzaketa kentzeko aldebakarrez hartutako erabakiaren aurrean, bertako langileak babesten dituen akordioa lortu du LABek

Andoaingo, Usurbilgo, Oiartzungo, Ordiziako, Aretxabaletako eta Gaubeako langileek bertako haur hezitzaile izaten jarraitzeko akordioa sinatu du LABek; ez da kaleratzerik egingo, eta karrerako funtzionarioek tokiko administrazioan haien izaerari eutsiko diote jubilatu bitarte.