2026-10-02
HomeEkintza SindikalaEAEko neoliberalek ez diote langileon prekarietateari aurre egin nahi

EAEko neoliberalek ez diote langileon prekarietateari aurre egin nahi

EAJ, PSE eta PPk EAEn 1.200 eurotako gutxieneko soldata ezartzearen kontra agertu dira Legebiltzarrean.

Gaur Gasteizko Legebiltzarrean EHBilduren ekimenez, EAEn gutxienezko soldata 1200 eurotan ezartzeko proposamena eztabaidatu da. Zehazki, proposamen horrek planteatzen zuen:

– EAEn beharrezkoa dela 1.200 eurotako gutxieneneko soldata.

– Gizarte eragileei plazaratzea helburu hori lortzeko Akordio Interprofesional baten beharra.

– Jaurlaritzari 1.200 eurotako gutxienezko soldata ezarriko lukeen Akordio Interprofesional bat lortzeko jarrera proaktiboa izatea.

– Erakundeak publikoki interpelatzea, kontratazio publikoan 1.200 eurotako gutxienezko soldata ezartzeko neurriak hartzera.

Langileok azken urteetan jasan dugun murrizketa, blokeo eta eraso guztiei aurre egiteko beharrezkoa dugu erakunde eta botere politikotik gure aldeko politikak martxan jartzea eta neurri zehatzak hartzea, eta bide horretan baloratzen dugu EH Bilduk Legebiltzarrera eramandako proposamena. LABek askotan eskatu du 1200 eurotako gutxienezko soldata ezartzearen beharra, baita aldarrikapen hori Lege Biltzarrera eraman, langileak pairatzen ari garen prekarietate egoerari aurre egiteko.

EAJk, PSEk eta PPk kontra bozkatu dute, eta beste behin herri honen gehiengoa garen langileei lepoa eman digute, eta patronalarekin lerrokatzea eta hauen interesak defendatzea erabaki dute.

EAJ alderdiak, beste behin ere, azken bi lan erreformak inposatu zituzten alderdiekin bat egin du politika neoliberalak aplikatzen jarraitu ahal izateko. Betiko moduan EAJ patronala eta botere ekonomikoaren lagun.

Langileei lepoa emateaz gain, Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal esparrua lortzeari ere lepoa eman diote, berton gutxienezko soldata ezartzea esparru propioa osatzeko neurri oso garrantzitsua delako.

EAJk atzo Gipuzkoako Batzar Nagusietan, LABek aurkeztutako eskaera bati erantzunez, EH Bildurekin batera injerentziarik gabeko Lan Harremanak eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua aldarrikatu zuen, eta gaur Legebiltzarrean, esparru propio hori osatuko luken gutxienezko soldata propio bat ezartzeari kontra egiten dion. Adierazpen formaletatik harago, prekarietateari mugak jarri eta Lan Harremanak eta Babes Sozialerako Euskal Esparruan eraikuntzan urratsak emateko ez du inolako borondaterik.

LABek 1.200 eurotako gutxieneko soldata ezartzearen beharra berresten du, langileak jasaten dugun egoera guztiz prekarioari aurre egiteko.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.

LABek eta ESK-k Arabako Esku-Hartze Sozialeko IV. Hitzarmena baztertu dugu eta Aldundiari ekiparazioaren bidean benetako aurrerapausoak exijitu dizkiogu

Gaur, urriaren 1ean, LAB eta ESK sindikatuok Arabako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, sektorearen finantzatzaile nagusia baita, esku-hartze sozialeko langileek IV. Hitzarmen Kolektiboaren sinaduraren aurrean duten jarrera argi adierazteko. Sinadura gaur goizeko 12:30ean egitekoa da, ELA, CCOO eta AISA patronalaren artean. LAB ez da negoziazio-mahaira joango eta ez du hitzarmen hau sinatuko; bi sindikatuok erabat baztertzen dugu akordioa.