2026-01-20
HomeEkintza SindikalaLABek, sektorean % 50eko ordezkaritza duenak, aurreakordioa lortu du Nafarroako biltegien hitzarmenean

LABek, sektorean % 50eko ordezkaritza duenak, aurreakordioa lortu du Nafarroako biltegien hitzarmenean

Negoziazioak hasi eta ia urtebetera, sektorean %50eko ordezkaritza duen LAB sindikatuak aurreakordioa lortu du Nafarroako elikagaien biltegien hitzarmen kolektiboa sinatzeko, eta UGT eta CCOO sindikatuek bat egin dute horrekin. Horrela, negoziazio-mahaiko kide guztiek sinatu dute aurreakordioa.

Aurreakordioak hiru urteko indarraldia izango du, 2025-2027 epeari dagokiona, eta soldata-igoerak jasotzen ditu, Nafarroako KPIari %1 gehituz hitzarmena indarrean egongo den urte bakoitzeko, ordainsari-kontzeptu guztieei aplikatuko zaienak ere.

Lanaldia lau orduz murriztuko da, 2027. urtean gehienez ere 1.726 orduko lanaldira iritsi arte. Era berean, asteburu osoen librantza ere hobetuko da, sei izatetik zortzi izatera pasako baita.

Eskorga-gidariaren plusaren aplikazioa zabaltzen du aurreakordioak ere. Orain arte, lanaldiaren %75 baino gehiago erabiltzen zuten langileek bakarrik zuten kobratzeko eskubidea. Aurreakordio honen bidez, lanaldiaren %25 eta %50 bitartean orga erabiltzen duten langileek plusaren %50 jasoko dute, eta %50 baino gehiago erabiltzen dutenek, berriz, plus osoa.

Akordioak gutxieneko kontratazio baldintzak ere hobetzen ditu, enpresaren jarduerarekin lotutako lanpostuetan astean 12 ordutik 20ra pasatuz. Enpleguaren hobekuntzari dagokionez, ordu osagarriak finkatzeko sitema aldatu da; horrela, urte natural batean egindako orduen %50 kontsolidatuko da, elkarren segidako hilabeteetan egin diren edo ez kontuan hartu gabe.

Oporrei dagokienez, ezartzen da jaiegunak ez direla opor-egun gisa zenbatuko enpresak opor-egun horiek finkatzen dituenean. Gainera, enpresak oporretarako betoa ezartzen badu, langileak 21 opor-egun aukeratu ahal izango ditu, aurreko hitzarmenak jasotzen zuen 15 egunen aldean. Ordaindutako lizentzien barruan, mediku-kontsultetara joateko urtean 18 orduko muga ere kenduko da.

Bestalde, aurreakordioak bermeak indartzen ditu hitzarmena ez aplikatzearen aurrean, eta hemendik aurrera, hitzarmena aplikatu nahi ez duen edozein enpresak langileen adostasuna izan beharko duela ezartzen du.

Testuak, gainera, hitzarmen kolektiboa hobetuko duten eduki berriak jasotzen ditu. Urtean gehienez lanegun topea ezarri da, 2026rako 250ekoa izanik eta 2027rako 248. Bestalde, neurri espezifikoak sartu dira autosalmentako eta kobrantzetako arriskuen arloan. Horrenbestez, enpresek aseguru bat kontratatu behar dute, banaketako kamioi eta furgoneta guztietan datafonoak izan behar dituzte eta bezeroen artean ordainketa elektronikoen erabilera sustatu behar dute.

Lizentzia ordainduetan ere hobekuntzak ezartzen dira, lehen mailako senideei tratamendu onkologikoetan laguntzeko behar bezain beste orduak emango dira, baita ILZ lortu edo berritzeko. Era berean, soldatarik gabeko lizentziak arautu dira: bi urtean behin hilabeteko lizentzia ezarri da, eta binkulogramaren figura sartu da; figura horren bidez, pertsona bat bigarren mailako senide izenda daiteke, ahaidetasun-maila horri lotutako lizentziak hartzeari begira.

LABen arabera, lehen aldiz sektoreko sindikatu nagusia izateak eta langileek hitzarmen duin bat lortzeko egindako mobilizazioek ahalbidetu dute hitzarmenaren negoziazioan aurrera egitea eta aurreakordioa lortzea.

Horregatik guztiagatik, LAB sindikatuak oso balorazio positiboa egin du lortutako akordioen inguruan eta azpimarratu du “hau guztia ez litzatekeela posible izango langileen konpromisorik gabe. Borrokak merezi duenaren adibide dira, ekintza sindikalaren bidez helburu handiak lor daitezkeelaren erakusle”.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Bilboko epaitegietan elkarretaratzea egin dugu gaur, Greba Amaierako Akordioan sinatutako eskola-ordu murrizketa etapa guztietan bete dadila exijitzeko

Gizarte Ekimeneko ikastetxe guztiei eta patronalei exijitzen diegu etapa guztietan eskola-ordu bateko murrizketa bete dezatela, lan pertsonalerako 5.ordu osagarria izatea, Greba Amaierako Akordioan (GAA)...

Nafarroako VWk mehatxu egiten digu legea urratzen utz diezaiogun

Nafarroako VWeko Zuzendaritzak, 15/2022 Legearen arabera (2022ko Europako araudia), errendimendu eta helburuen gaineko ordainsariei buruzko ebazpen judizialaren ondoren, ezin ditu baztertu bajan dauden langileak,...

ELAk eta LABek Confebaski negoziatzeko legezko obligazioa bete dezala eskatu diote EAEko Auzitegi Nagusian

Patronalaren autoritarismoak argudiorik gabe utzi du laugarren aldiz Eusko Jaurlaritza (EAJ eta PSE-EE). Confebaskek adiskidetzerako aukerari uko egin eta Eusko Legebiltzarrak Herri Ekimen Legegileari...