2026-07-24
HomeEkintza SindikalaKorrikarekin bat egitera eta lantokietan berau sustatzera dei egiten die LABek langileei

Korrikarekin bat egitera eta lantokietan berau sustatzera dei egiten die LABek langileei

Erabateko inplikazioa izango du LABek Korrikan; besteak beste, herriz herri martxan jarritako Korrika batzordeetan, sail sindikalen kilometroen bidez eta hiriburuetako kilometro sindikaletan parte hartuz.

Ttipi-ttapa, badator 24. Korrika. AEK-ko eta LABeko ordezkariak bildu dira, aurten egingo den Korrika aurkezteko eta haren alde LABek hartuko dituen konpromisoez aritzeko.

Euskararen alde bi urtean behin egiten dugun hitzordu erraldoia bertan dugu eta AEK-k datorren Korrikaren nondik norakoen berri eman dio LABi. Sindikatuaren izenean, Arantxa Vazquez Batzorde Exekutiboko kideak eta Urko Aierbe Euskara idazkariak parte hartu dute bilkuran.

Duela lau hamarkada Korrikak lehenengo urratsak eman zituenetik edizioz edizio egin duen bezala, LABek bere atxikimendu eta laguntza osoa emango dio hurrengo Korrikari ere, bai aurreko antolaketan bai Korrika igaroko den unean; bai herriz herri antolatuz eta parte hartuz, bai Korrikaren berri enpresa eta lantokietara eramanez eta langileak Korrikan inplikatzera animatuz. Horrela, LABeko kideen inplikazioa erabatekoa izango da Korrikan, LABeko sail sindikalen bitartez herri askotan kilometroak hartuz eta gainontzeko sindikatu euskaltzaleekin batera egingo ditugun hiriburuetako kilometro intersindikaletan, besteak beste.

AEK-ko ordezkari eta Korrikako arduradunei Euskal Herri euskaldunarekin eta zehazki helduen euskalduntzearekin duen konpromisoa berretsi die LABek. Are, azkenaldian euskara eta euskaldunok pairatzen ari garen oldarraldiaren aurrean, euskararen berreskurapen eta normalizazio-prozesuak beharrezkoa duen pizkundea gainontzeko eragile euskaltzaleekin elkarlanean sustatzeko beharra eta LABen prestutasuna adierazi die sindikatuak. 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Gasteizko Mercedesen erreta gaude!

Mercedesek tenperatura altuekiko duen jarrera publikoki salatu nahi dugu, langileen osasuna arrisku larrian jartzen baitu.

EAEko anbulantzien zerbitzua publifikatu dadila exijitzen dugu

Asko dira pribatizatutako sektore publikoak, eta hori amaitu egin behar da, ez baita bidezkoa euskal herritarrok ordaindutako zergak enpresa pribatuen poltsikoak handitzera bideratzea. Anbulantzietako ordezkariak nazkatuta daude ikusteaz nola agertzen diren enpresa desberdinak bata bestearen atzetik, beren dirua eramanez eta gero desagertuz.