2026-11-08
HomeUncategorizedBerriz ere irabazi dugu KYBSE enpresan eta indarrez ari gara igotzen Nafarroako...

Berriz ere irabazi dugu KYBSE enpresan eta indarrez ari gara igotzen Nafarroako industrian

Atzo, otsailak 14 zituelarik, hauteskunde sindikalak egin zituzten Ororbiako KYBSE lantegian, Nafarroako industriako bigarren enpresa handienean. Bada, nahiz eta 2015ean baino bertze sindikatu bat gehiago sartu zen lehian, LAB gai izan da bere gehiengoari eusteko (10 delegatu eskuratu ditu 21etatik), eta boto gutxigatik ez du gehiengo osoa lortu. Gogoratzekoa denez, diskriminatzen ez duen kontratazio sistema ezarria du KYBSEk; sistema hori aukera berdintasunean oinarriturik dago eta ez du inor baztertzen bere afilizazio sindikalagatik edo sexuagatik -kontratatzen diren langileen %50 emakumeak dira-.

KYBSEko hauteskundeekin bukatzen da LAB sindikatuarendako Nafarroako Industrian hagitz emaitza onak ekarri dituen aste bat. 100 langile baino gehiago dituzten sei enpresatan – denetara 2.443 langile dituztenak-, LABek lehian zeuden 82 delegatuetatik 32 erdietsi ditu; alegia, lehen zeuzkanak baino 8 delegatu gehiago ditu orain.

Nafarroan gehien hazten den sindikatua izaten segitzen du LABek. Nafarroako Gobernuaren Lan Departamentuak ematen dituen datuen arabera, LABek 981 delegaturekin itxi zuen 2018 urtea; hau da, Nafarroako ordezkaritza sindikalaren %16,24rekin. LAB sindikatuak Nafarroan inoiz izan duen ordezkaritzarik handiena da hori.

Hauteskunde sindikalen nolakotasuna dela-eta -enpresa bakoitzak bere erritmoak baitaramatza-, zaila da ordezkaritzaren ehunekoetan berehalako aldaketak gertatzea. Kontrara, aldaketak oso mantso izaten dira. Hala ere, aipatzekoa da azken urteetan LAB izan dela Nafarroan gehien hazi den sindikatua. LABek izan duen hazkunde jarraiaren erakusgarri, aipatzekoa da 2017 urtea 942 delegaturekin bukatu zuela, ordezkaritzaren %15,75rekin.

2018ko irailetik 2019ko ekainera, gutxi gorabehera, hauteskunde sindikalen epe trinkoa iraganen da, epealdi horretan pilatuko baitira enpresa anitzetako ordezkariak hautatzeko bozketak. LABek bere buruari helburu bat ezarri zion: epealdi hori ordezkaritzaren %16 gaindituta bukatzea. Ikusi dugunez, baina, asmo txikiko helburua zen hori, dagoeneko %16,2 gainditua baitu. Ordezkaritza horrek berretsi du Nafarroako agertoki sindikalak lau aktore nagusi dituela.

Gure iritziz, LAB da gehien hazten den sindikatua etengabe ari delako borrokatzen langileen eskubideen alde, lantokietan eramaten duen ekintza sindikalak langile guztien beharrak dituelako kontuan. Langileek LABengan konfiantza dute koherentea eta kontsekuentea delako.

Erraten duguna egiten dugu eta egiten duguna erraten dugu.
LAB sindikatuak, hauteskundeetan parte hartzen duen heinean, gero eta delegatu gehiago izan nahi ditu, noski. Baina ez sindikatua helburu bezala ikusten duelako, baizik eta sindikatua aldaketarako tresna garrantzitsu gisa ulertzen duelako. Eta tresna horrekin jarraituko du LABek, batetik, lan harremanak eta baldintza sozialak duintzearen aldeko eta prekarizazioaren kontrako borrokan, eta bertzetik, aldaketa sozialaren aldeko borroka bultzatzen.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Ezin da pertsona zaurgarrien izenean euskararen normalizazioa zalantzan jarri

LABek erabat arbuiatzen du GUFE Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearen gizarte-integraziorako teknikari lanpostuetako Lan Eskaintza Publikoa baliogabetu izana, eta horretarako argudiotzat erabili izana pertsona zaurgarrien artena euskararen erabiliera oso txikia dela. Denen eskubideak bermatzea da administrazio publikoaren betebeharra.

Dornier-eko batzordeak salatu du alde bakartasunez ezarri direla langileen kontziliazioa eta segurtasuna okertzen dituzten lan-baldintza berriak

Dornierreko ordezkaritza sindikalak (LAB, ELA, UGT eta CCOO) enpresak ezarritako lan-baldintzen funtsezko aldaketa errefusatu du, negoziazio-prozesua akordiorik gabe amaitu ondoren. Gainera, Iruñeko Udalari erantzukizuna...

Greba orokorraren egunean 70 herritan baino gehiagotan egingo ditugu manifestazioak arratsaldez

Goizez iragarritako manifestazioez gainera, arratsaldeko hitzorduen berri eman dugu gaur Bilbon eta Iruñean eginiko agerraldietan. Herrialdeetako hiriburuei dagokienez, mobilizazio guztiak 18:00etan abiatuko dira. Bilbon, Plaza Eliptikotik; Donostian, Bulebarretik; Gasteizen, Andre Maria Zuriaren plazatik, eta Iruñean, Baluartetik.